Hogei urte igaro dira intsumisioaren mugimendua abian jarri zenetik, hogei urte dagoeneko. Gogoan dut soldaduskara ez nintzela joan behar etxean esan nuen eguna. Amak segituan onartu zuen. Aita isilik geratu zen. Aitonak ezin zuen ulertu. Berarentzat soldadutza gauza handia izan zen, pasa den mendeko hogeiko hamarkada hartan. Itsas-armadan egin zuen soldadutza eta herritik ateratzeko aukera izan zen berarentzat. Maiz kontatzen zituen soldaduskako kontuak, abenturak balira bezala. Nola haien belaontzi handian Southamptonera joan ziren, nola Bartzelonan abantean jartzen zituen hegazkinak helizeei eskuz eraginda. Horrexegatik ezin zuen ulertu zergatik ez nuen joan nahi nik soldaduskara, mundu zabala ezagutzera. Hogeita hamaseiko gerrari buruz baina, ez zuen ezer esaten. Ez zuen gerra garairik aipatu nahi ere izaten. Esaten nion horregatik, gerrarik ez nuelako nahi egin nintzela intsumiso. Baina, hala ere, ez zuen men egiten.
Ni goitik behera markatu ninduen intsumiso garai hark. Nola hasi ginen, xalotasunez, jakin gabe gero zer gertatuko zen. Nola kartzelara joateko garaia iritsi zen gero. Nola patioan biribilean egiten genuen oinez, gainontzeko presoak bezala, atzera eta aurrera ibili beharrean. Nola agurtzen genuen gutariko bat libre ateratzen zenean, askoren artean besoetan hartu eta airera boteaz. Nola, halako batean, derrigorrezko soldadutza desagertu egin zen.
Ez nintzen joan Southamtonera, ez nituen ezagutu Bartzelonako abioiak, baina nik, mundua zer den, mugimendu hari esker ezagutu nuen, nahiz eta lau harresien artean izan.
Intsumiso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu