Zibergela

IPhonerako aplikazioak

Sakelako telefonoak deitzeko baino gehiago erabiltzen dira gaur egun. Applek 500.000 aplikazio inguru eskaintzen ditu iPhonerako, doakoak eta ordainpekoak.

2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Bitarlan informatika eta Web Zerbitzuak

Gaur egun, sakelako telefonoak deiak eta mezuak bidaltzeko gailuak baino zerbait gehiago dira. Sakelako ordenagailu eramangarriak direla ere esan daiteke. Gero eta hardware aurreratuagoa dute, gero eta sentsore gehiago, gero eta sistema eragile konplexuagoak eta gero eta aplikazio zoragarriagoak. Horren adibide garbi bat iPhone telefonoak dira, haien iOS sistema eragilearekin.

Applek 500 mila aplikazio baino gehiago eskaintzen ditu iPhone telefonoetarako App Storetik, haiek esaten duten bezala, «lan egiteko, jolasteko eta edozein gauza egiteko». Batzuk ordainpeko aplikazioak dira; beste batzuk, ordea, dohainik deskargatu eta instalatu daitezke norberaren telefonoan.

Doako aplikazioak

Doako aplikazioen artean, Facebook eta Twitterrerako aplikazioak gehien deskargatutakoak dira. Biak dira Facebook eta Twitter aplikazio ofizialak iOS sistemetarako; bigarrenak hasieran Tweetie izena bazuen ere, Twitterrek erosi egin zuen, iPhonetarako haien aplikazio ofizial bihurtzeko. Izan ere, sakelako telefonoetan Internet duten erabiltzaileen artean, sare sozialak sakelakotik kudeatzeko joera handia dago.

Dropbox aplikazioa ere oso erabilia da iPhone zaleen artean. Aplikazio horren bitartez, erabiltzaileak Dropox Interneteko fitxategi biltegian dituen fitxategiak eta karpetak ikus eta kudea ditzake. Halaber, telefonoaren argazki kamerarekin ateratako argazkiak jarri ahal dira Dropboxen. Era horretan, fitxategiak hodeian erabiltzen dituztenek, ordenagailuetatik ez ezik, sakelako telefonotik ere erabiltzeko aukera daukate.

Berehalako mezularitzak ere badu arrakasta sakelako telefonoetan, eta, beraz, iPhoneetan ere bai. Fring dago berehalako mezularitzarako gehien erabiltzen diren aplikazioen artean. Ziur asko, horren arrazoia da zerbitzu asko eskaintzen dituela, besteak beste: Google Talk, MSN Live, ICQ, Facebook Chat, Aim, Yahoo eta VoIP barne. Horrenbestez, erabiltzaile batek zerbitzu horietariko batzuetan kontua edukiz gero, telefonotik guztiak batera erabili ahal ditu aplikazio bakar horrekin.

Oso erabilgarria den beste aplikazio bat GasAll izenekoa da, inguruko gasolindegiak eta haien prezioak azaltzen ditu mapa batean.

Evernote izeneko aplikazioak sakelako telefonoan oharrak egitea ahalbidetzen du, gainera, ohar horiek hodeian gordetzen dira, eta, beraz, ordenagailutik ere kontsulta daitezke. Baina testu oharrak ez ezik, audio oharrak eta irudiak ere erantsi ahal dira Evernoteren bitartez. Aplikazio horren doako bertsioak 60MBko muga du hileko, baina orokorrean horrekin nahikoa eta sobera dauka edozein erabiltzailek.

Shazam ere oso aplikazio ezaguna bihurtu da erabiltzaileen artean. Izan ere, ez daude aplikazio asko hark eskaintzen duen funtzionalitatearekin. Erabiltzaile batek jakin nahi badu zein titulu daukan bere ingurunean entzuten ari den abesti batek, Shazam gai da abestia entzute hutsarekin bakarrik abestiaren titulua, egilea, diskoa, karatula eta bestelako informazioa bilatzeko eta erakusteko.

Ordainpeko aplikazioak

Ordainpekoa bada ere, iPhone telefonoetan eta bestelako plataformetan ere aplikaziorik ezagunenetarikoa da Whatsapp. Aplikazio horrek testu mezuak debalde bidaltzea ahalbidetzen du, beti hartzailearen telefonoan ere Whatsapp aplikazioa instalatuta egonez gero. Gainera, ohiko SMSetan ez bezala, Whatsappen kasuan ez dago karaktere mugarik testu mezuak bidaltzeko.

Erabiltzaile batzuk ez daude guztiz ase iPhonek eguraldiaren iragarpena kontsultatzeko ekartzen duen aplikazioarekin, beraz, jaitsiera asko lortzen ari da horretarako dagoen aplikazio aurreratuago bat, Weather Pro izenekoa.

RSS jarioak irakurtzeko, Reeder aplikazioa da gehien deskargatzen dena. Aplikazio hori bateragarria da Google Readerrekin, eta, beraz, erabiltzaileak irakurri ahal ditu Google Readerren dituen RSSak eta Google Readerren antolatua dituen bezala. Gainera, diseinu aldetik ere nahiko minimalista eta erakargarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.