Iragana aztertu, geroa eraikitzeko

Nafarroako konkistaren 500. urteurrena gogora ekarriko dute bihar Tolosan. Nafarroarekiko loturak sendotzeko eta oraingo egoeraren jatorria ezagutarazteko, ekitaldiak antolatu dituzte.

Jardunaldien barruan Amaiurko gaztelura egindako irteera. TOLOSALDEKO HITZA.
Adrian Garcia.
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren historian mugarri izan diren bi gertakari nagusi daude. Bata orain dela 500 urte jazotakoa da: Nafarroaren konkista; bestea, duela 75 urte jazotakoa: Gernikaren txikizioa. Lehenengoan, Nafarroak burujabetza galdu zuen; bigarrenean, berriz, Eusko Jaurlaritza galdu zen. Bi galera horien ondorioz, Euskal Herriaren historiaren bilakaera aldatu zen.

1512ko uztailean Gaztelako Erresumako 12.000 soldadu indarrean sartu ziren Iruñean, eta Nafarroako Erreinua konkistatu zuten. Euskal Herriaren historian gertakari hark izan zuen garrantzia gogoratze aldera, Tolosako Udalak, Tolosako Lizardi kultur elkarteak eta beste hainbat eragilek nafar estatua gogora ekarriko dute bihar. Nafar estatua gogoan jardunaldien muina izango da biharko ekitaldia. Hilabete osoan hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak, ibilaldiak eta irteerak antolatu dituzte gai horren inguruan.

«Garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako gertakaria gogora ekartzea, gure herriaren iraganaren berri izateko aitzakia ezin hobea baita», azaldu du Ibai Iriartek, Tolosako alkateak. Hilabete osoan hainbat historialarik gaiari buruzko hitzaldiak eman dituzte, eta, Iriartek dioenez, harrera «izugarria» izan dute herritarren artean. «Eskoletan eta historia liburu ofizialetan ez digute horren berri ematen, eta eragileen bidez egiten ari gara hausnarketa hau. Euskaldunon herriaren historia da».

Tolosak betidanik oso harreman estuak izan ditu Iruñearekin, Lizarrarekin eta, oro har, Nafarroarekin. Harreman horren erakusgarri da Nafarroako etorbidea, larunbateko ekitaldiak nagusiki egingo diren lekua.

Udaletxean Baztango Udalari eta Amaiurko herriari harrera egingo diete, eta, ondoren, Nafarroa etorbideko izenik gabeko haur parkeari Amaiur izena jarriko diote, erresumaren azken gotorlekuaren omenez. 1522an, 200 nafarrek Gaztelako armadari aurre egin zioten Amaiurko gazteluan. Garai hartako gudarosterik indartsuenetakoa zen Gaztelakoa.

Ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute urtemuga gogoratzeko. Goiz eta arratsaldez gaiteroek, Tolosako Musika Bandak eta dantzariek Tolosako kaleak girotuko dituzte. 14:30ean, 600 lagunentzako herri bazkaria egingo dute. Gauean, 22:30ean, Erru Gabe, Kaskezur eta Ufestuek Baztango taldeek kontzertu bat emango dute Plaza Berrian.

Bi gertakari, bi ikur

Herriaren memoria kolektiboan iltzatuta geratu diren bi urte dira 1512a eta 1937a. Biurte horien esanahi eta historiak uztartuko dituzte parkeko ekitaldian. «Gernikan ez zen galdu 1936ko gerra. Amaiurren ere ez zen galdu Nafarroa, baina bi gertakari horiek ikur bilakatu ditugu», azaldu du Juantxo Agirre Tolosako arkeologoak eta Lizardi kultur elkarteko kideak.

Amaiur izena jarriko dioten parke horretan, monumentu bat inauguratuko dute. «Duela 500 eta 75 urteko euskaldunen herri izateko nahia gogoratuko du monumentuak».

Gaztelako tropek Amaiurko gazteluan egindako setioaren erreferentzia asko daude euskalgintzan. Esaterako, Arturo Kanpion, Julio Altadill eta garai hartako beste hainbat euskaltzalek Amaiurko gazteluko tontorrean monolito bat eraiki zuten 1922an, Nafarroaren estatuaren izana gogorarazteko. Monolitoa 1931. urtean suntsitu zuten, lehergailuz eginiko eraso batean. Lauaxeta olerkariak ere gertakaria betikotu nahi izan zuen, eta Amaiur gaztelu baltza olerkia idatzi zuen.

1512ko eta 1937ko gertakariek garrantzi handia izan zuten Euskal Herriaren historian, egungo egoeraren sustraiak garai haietan errotu baitziren. Ondorio nagusia, Juantxo Agirreren arabera, erabakiguneak herritik oso urrun geratu direla izan da. «Alde batean, Madrilen eta Espainiako Erresuman, eta beste aldean, Parisen eta Frantziako Erresuman».

Konkistaren urtemuga gogoratzearekin batera, zenbait aldarri zabalduko dituzte. «Duela 500 urte, duela 75 urte bezala, burujabetasuna galdu genuen, eta burujabetasun hori aldarrikatu nahi dugu».

Burujabetasunaren galera gogora ekartzeaz gain, eskualdeen artean lotura berriak sortu nahi dituzte ekitaldi hauen bidez. Horrela, Tolosako herriak Baztan eta Amaiur gonbidatu ditu ekitaldietara. Nafarroako herri horietako ordezkaritza batek parte hartuko du ekitaldietan.

Gonbidapena eskertzeko, opari berezi eta esanahi handikoa egingo diote Tolosari Amaiurkoek eta baztandarrek: hargorria.Izan ere, hargorriarekin eraiki zuten Amaiurko gaztelua. Hargorri horretan hainbat ikur marraztu dituzte Amaiurko harginek, hala nola lauburua, eguzki lorea, lizarrak eta Nafarroako Erresumaren sorreran askotan azaltzen zen ilargi erdia eta izartxoaren ikurra. Horren azpian, Amaiurko gazteluaren indusketa arkeologikoan azaldutako ezpata baten brontzezko erreplika jarriko dute. Horrez gain, Amaiur gaztelu baltza Lauaxetak sortutako olerkia idatzia duen plakatxo bat oparituko diote.

Juantxo Agirre arkeologoaren iritziz, Nafarroako konkistaren gaia ez da askorik landu gizartean. «Herri handien historiak ezagutzen ditugu, Napoleonen espedizioak, Amerikako konkista, faraoiek eraikitako piramideak...». Herri txikiek, ordea, beren historia lantzeko aukerarik ez dutela dio Agirrek. «Paris, Madril, Berlin... euren historia laudatzen duten monumentuz beterik daude». Agirreren irudiko, euskaldunek kale eta herrietan Euskal Herriko historia aldarrikatu behar dute. «Nahiz eta galera izan, duela 500 eta 75 urte gertatutakoa azaldu behar da gure egunerokoan».

Oroimenaren auzia bolo-bolo dabil, eta Agirrek ez du zalantzarik azken bost mendeetako historia baldintzatu zutela gertakari haiek. «Mugarri horiek gizarteratu eta gogoeta egin behar dugu gure geroa hobeto eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.