Tatiana Huezo. Zinemagilea

«Iraganeko zauriak ditugun arren, lehenaldia ez ahazteak lasaitasuna ekar dezake»

'El lugar más pequeño del mundo' dokumental sarituaren atzean dagoen begirada da Tatiana Huezo. Donostiako 59. Zinemaldian aurkeztuko du filma zinemagileak, gaur, Principe zinemetan (19:30).

BERRIA.
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Familiaren sustraiak topatzeko iritsi zen Tatiana Huezo zinemagilea (San Salvador, 1972) Cinquerara (El Salvador). Gerra zibilaren zaurien artean, elkartasun eta duintasun maila eredugarriko komunitate bat aurkitu zuen. Donostiako Zinemaldian da egunotan, El lugar más pequeño del mundo filma aurkezten.

Zinemaldian aurkeztuko duzu zure azken lana.

Oso zaila da dokumentalak jendeari iritsaraztea, eta honelakoak aukera bikainak dira. Gainera, Bartzelonan bizi nintzenean Donostian egon nintzen, eta oso berezia zait.

Zer espero duzu topatzea hurrengo egunetan?

Oso toki berezia da filma aurkezteko. Euskaldun asko gerrillariei laguntzen egon ziren 80ko hamarkadako Salvadorko gerran, eta Cinqueran [filmeko herria] laguntzen ibili zirela badakit.

Hitz egin duzu horietako inorekin?

Posta elektroniko bidez baten batek idatzi dit, baina ez dut harreman zuzenik izan. Filmaren proiekziora norbait etortzea gustatuko litzaidake.

Gerra zibilaren errautsetatik jaiotako herri baten istorioa jaso duzu.

Bai. Gerrak odolez kutsatu zituen Cinquerako kaleak, baina bertako biztanleek egoerari aurre egitea lortu zuten. Indarkeriak, heriotzak eta gerrak apur ezin dezakeen alor baten ingurukoa da: gizakiaren espirituaren indarra.

Nola bururatu zitzaizun ideia?

Mexikon hezi ninduten, baina El Salvadorren jaio nintzen, eta nire amona Cinquierakoa da. Lehen aldiz bisitatu nuenean izututa geratu nintzen. Elizan hildakoen eta borrokan aritutako haurren irudiak ikusi nituen. Orduan ohartu nintzen horma horien atzean istorio asko zeudela.

Premia pertsonal baten eraginez egin duzu, hortaz?

Nire senide asko hil zituen gerrak, baina ez zidaten kontatu herriko istorioa helduagoa izan arte. Herritarrekin hitz egiten hastean, sumindu egin nintzen, eta istorio horiek guztiak herritik atera nahi izan nituen.

Gerra baten ostean jende askok ez du nahi izaten lehenaldia nahastea. Zelako jarrera izan dute herritarrek?

El Salvadorko biztanle askok iragan hori ahaztu nahi izan dute, baina Cinquera oso herri oldarkorra izan da beti, eta memoria bizirik mantendu nahi izan du beti. Herritar guztiek dute hitz egiteko gogoa, oso gai mingarria izango zela esan nien arren.

Egungo munduan iragana ahazteko ohitura dagoela esango zenuke?

Guztiz. Ongi bizitzeko iragana ahaztu behar dugula dirudi. Baina lehenaldia ez ahazteak lasaitasuna ekar dezake, zauriak hor dauden arren. Aurrera egin behar dugu, bai, baina hildakoek memorian bizi behar dute.

Herria basoaren erdian dago. Eszenatokia baino gehiago da filmean?

Bai. Herritarren bizitzan bezala, basoa funtsezkoa da filmean, sakratua delako beraientzat. Lan asko egin dugu teknikariekin, irudi ederrak jasotzeko.

Zer diote Cinquerako herritarrek filma izaten ari den zeresanaren inguruan?

Oso pozik daude. Hasieran ez zuten ulertu halako toki txiki batek nazioartean aukerak izan zitzakeela, baina ezin harroago daude.

Nazioarteko jaialdietan egon da filma, eta sei sari jaso ditu.

Bai. Baina ez genuen espero: gure helburua bete genuen, eta oso pozik geunden. Oso film onekin lehiatu ginen, eta gurea haien artean zegoela ikusita, ezin sinetsirik geratu ginen.

Interneten Oscar saria irabazteko bidean dagoela diote...

Produktoreak asko ari dira egiten, aukera badagoela uste dutelako. Asko eskertzen diet egin duten guztia, eta betiko zorra izango dut beraiekin. Baina niri anti-Oscar filma iruditzen zait, kar-kar. Ez da komertziala, ez ideologikoa, ez militantea... Aurkakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.