Donostiako Ondarreta hondartzak bere ezaugarrietako bat galduko du aurki. Ondarreta Hondartza jatetxeak irailaren 30ean itxi zituen ateak, hondartza denboraldiaren amaierarekin bat, eta ez ditu gehiago irekiko; ez hurrengo denboraldian, ez inoiz. Udalak jatetxea eraisteko lanei ekingo die datozen hilabeteetan. Itxi zutenetik azken kolpearen zain dago eraikina, bere lekua hondartzari emateko prest. Hala, hainbeste urtetan hondartzaren ikur izan dena desagertu egingo da, eta eraikinez libre utziko du eremua.
Ion Landa Donostiako Udaleko Hondartzetako teknikariak azaldu duenez, legea betetzearen ondorio da jatetxea eraistea. Udalak agindua jaso du, eta ez du beste irtenbiderik izan. «Ez dugu guk itxi jatetxea, [Espainiako Gobernuko Itsasbazterretako eta] Kostetako arduradunek itxi dute. Guk hondartzako administrazioa egiten dugu, baina eremua Kostakoena da». Urte askotan udalak hondartza kudeatzeko adjudikazioa jaso du. Lehiaketa publiko baten bitartez, enpresei eskaintzen zien, eta jatetxea enpresa pribatu batek ustiatzen zuen gero.
Berriak ezustean harrapatu ditu herritarrak, baina denbora kontua zen eraikinaren itxiera. 1988ko uztailaren 28ko Kosta Legearen arabera, eraikina legez kanpokoa zen. Dena den, udalak adjudikazioa lege horren aurretik jaso zuenez, baimena amaitu den arte itxaron behar izan dute haren aurka egiteko. Zehazki, maiatzaren 26an bukatu zen adjudikazioa, baina Donostiako Udalak hura irailaren 30a arte luzatzeko baimen berezia eskatu zuen, hondartza denboraldian jatetxea ustiatzeko aukera egon zedin. Epea bukatutakoan, behin betiko itxi zuten eraikina.
Jatetxea bere lekutik kenduko dute, eta betoizko basea ere ezabatu egingo dute, hondarrak bere lekua har dezan. Baina horrek ez du esan nahi Ondarreta kafetegiz umezurtz geratuko denik. Udalak hondartza denboraldirako behin-behineko eraikin bat jartzeko asmoa duela azaldu du Landak.
Azken hilabeteetan harrabots handia sortu dute Ondarretako itsasertzean azaldu diren harriek. Aspaldi zen ez zirela hainbeste agertzen, eta kezka sortu du. Hipotesi asko egin dira hortaz, eta eraikina egiterakoan mugitu zen hareak eraginik izan duen eztabaidatu da ere. Landaren iritziz, gaiaren inguruan «asko» hitz egin da, baina «inork ez daki zehazki zergatik agertu diren».
Beste kasu batzuk ere izan daitezke
Beraz, legea aintzat hartuta eraitsiko da Ondarretako eraikina; eta baliteke hurrengo urteetan botako den bakarra ez izatea. Itsasbazterretako eta Kostetako arduradunak hondartza eremuetako instalazioak kentzen ari dira, eta horrek «aurrera jarraituko» duela iragarri du Landak. Datozen urteetan Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat adjudikazio amaituko dira, eta dioenez, «segur aski» eraikuntzak bota egingo dituzte baimen horiek amaitutakoan. Adjudikazioak bukatzear dituzten bi adibide jarri ditu Landak: Ondarretako Tenisaren ingurua eta Hondarribiko hondartza ondoan dauden interlinen etxebizitzak. Legea betearaziz gero, hori guztia desegin beharko litzateke. «Asmoak oso erradikalak dira. Ez dakit noraino iritsiko diren, edo noiz geldituko diren gauza horiek egitetik».
Iragarrita zegoen agurra
Urteetako adjudikazioa amaituta, Kosta Legea bete behar du orain Donostiako Udalak, eta Ondarreta hondartzako jatetxea eraisteko lanetan hasiko da laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu