Ezarian. San Tomas

Iragarritako kaosetik urrun izan da metroko greba eguna

Normal-normal egin dute greba metroan, aurreko San Tomas egunetan baino bidaiari gutxiago izan baitituzte

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ez erabiltzaileak arriskuan jartzeko moduko jende pilaketarik, ez geltokiak ixteko beharrik, ez piketerik edo sabotajerik... Bilboko Metroko zuzendaritzak eta erakunde publikoetako ordezkariek iragarritako kaosik ez zen gertatu atzo metroko langileen egun osoko greban. %48ko gutxieneko zerbitzuek normal-normal funtzionatu zuten; gainera, aurreko San Tomas egunetan baino jende gutxiagok erabili zuten metroa, greba deialdiak ohartarazita.

Metroko beharginen protestetan sekula ikusi gabeko «segurtasun» neurriak jarri zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak: krisi mahaia antolatu zuen, eta trenaren azpiegiturako puntu garrantzitsu guztiak zaintzeko, ertzain taldeak jarri zituen geltokietan, ibilbidean zehar, tailerretan... Horretarako, promozio berriko ertzainek zerbitzuan hasteko eguna aurreratu behar izan zuten. Metroko zinpeko guardia kopurua ere laukoiztu zen.

Segurtasun neurriak, soberan

Bada, segurtasun neurrion beharrik ez zen egon. Izatekotan, guardiek eurek eragin zuten, Abandoko geltokian grebaren irudiak hartzen ari zen argazkilari bat atxiki baitzuten goizean. Izan ere, Metroko zuzendaritzak San Ignazio eta Zazpikaleen arteko ibilbidean kazetariak sar zitezen debekatu zuen, Euskal Kazetarien Elkarteak protesta egin zuen arte: «Segurtasunak ezin du aitzakia izan hedabideek euren lana askatasunez egin dezaten saihesteko».

Bestela, lasai joan zen eguna orokor hartuta. Eguerditik aurrera espero ziren pilaketak, baina Areatza ondoko geltokietan ez zen ohiko itomenik izan. Aurreko urteetako San Tomas egunetan baino «askoz erabiltzaile gutxiago» izan zen, eta «egun normaletan baino gutxiago» ere izan zela esatera iritsi zen metroko langile bat: «Trena heltzen denean nabaritzen da jende gehiago jaisten dela, baina maiztasuna jaitsi delako». Izan ere, bizpahiru minutuko maiztasunaren ordez, bospasei minutuan behin heltzen zen metroa geltokira.

Gutxieneko zerbitzuak %48an ezarrita zeuden, baina une batzuetan trenen %56 egon ziren martxan, metroko zuzendaritzaren arabera. Lanuztearen erantzunari dagokionez, ohiko datu dantza errepikatu zen: zuzendaritzak esan zuen langileen %12k bat egin zutela grebarekin, eta langile batzordeak, berriz, %80 eta %90 artean jarri zuen zifra; gutxieneko zerbitzuetara bideratutakoez gain, hamar beharginek baino gutxiagok lan egin zuten atzo, sindikatuen arabera. Geltokietan, edonola ere, normaltasuna antzematen zen: trenak bazeudela ikusita, greba bertan behera utzita zegoela pentsatu zuen batek baino gehiagok.

Gainera, azken asteetan lan gatazkak hedabideetan izandako oihartzunaren ondorioz, San Tomaseko azokara hurbildutako askok beste garraiobide batzuk erabili zituzten. Getxotik autobusa hartu zuen Marina Martinezek: «Metroak hobeto uzten nau, baina badaezpada, nahiago izan dut autobusez etorri. Ez dago jendetzarik; agian metroz itzuliko naiz». Ibilgailu pribatua ere erabili zuten askok: aurreko urteetan ez bezala, 09:30ean ez zegoen ia tokirik Areatzako aparkalekuan.

Jose Antonio Valiente Santutxu auzoko bizilagunak ere bi bidaia eginak zituen metroz 13:00etarako, eta pozik zen: «Ez dut ezer nabaritu. Maiztasuna egokia da». Beharginekin ulerbera agertu zen, ontzat jo baitzuen greba San Tomas egunean egitea: «Euren aldarrikapenak jakitera emateko modu bakarra da erabiltzaileengan eragina izatea. Bestela ez litzateke grebaz hitz egingo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.