Maratila

Irakurlearena

santi leone
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Liburua gustatu zitzaidan. Anitz. Eta urduri joan nintzen Zaldiko Maldikoko irakurle taldearen saiora, emozioz betea. Zirrara eragiten baitzidan ipuin eder haien egilea ezagutzeko aukera izateak. Idazleak, ordea, bere autobiografia (egiazkoa edo fikziozkoa, hori ez dakit) kontatu zigun. Sexuak parte handia zeukan kontakizunean, eta gu eskandalizatzeko asmoa hain zen nabarmena, ezen nire moral puritanoa bilatzen hasi behar izan bainuen sakeletan. Ez, etxean nuen utzia nonbait, eta idazle hura alferrik ari ez zedin eginahal guziak eginda ere, ez nintzen ez izutu ez samindu felazio hitza hirugarren aldiz aditu nuelarik.

Haserrearazi, lagunarteko bilera xume hartan gu hain baldarki epatatu beharreko burgestzat hartu izanak haserrearazi ninduen. Harrezkeroztik, aise otzanago ikusi izan dut gure enfant (egia erran ez hain) terrible-a eskandalua sortzeko egokiago ziren bertze toki batzuetan (Sautrela-n, adibidez). Han sexu balentriarik ez.

Larunbatean, Durangoren inguruko solasaldian, Eider Rodriguezek aipatu zuen irakurle klubetan-eta, hezur-haragizko bihurtzen dela ordura arte abstrakzio izandako irakurlea, eta, maiz, idazleak nahiagoko zuela hark abstrakzio izateari utzi ez balio. Nori berea ezagutze aldera, aitor dezagun irakurleak ere, batzuetan, idazlea ezagututakoan, nahiagoko zuela hark, begi aitzinean daukan ego hanpatuko izaki hori gabe, gozarazi dion testuari atxikirik doan etiketa bat bertzerik ez izaten segitu izan balu.

Orgietan bezala, literaturan ere arriskua (eta gozamena) guziendako baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.