Irakurtzeko zaletasuna sustatzen

Haurrek irakurtzeko hautua egin dezaten 'Bularretik mintzora' egitasmoa gauzatuko dute ospitaleetan

Bi opari emango zaizkie haur jaio berrien gurasoei. JON HERNAEZ  / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Gurasoak ohartzea haurra jaiotzen den unetik zein garrantzitsua den irakurketa eta kantua lantzea. Horixe da Galtzagorri elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren babesean, gauzatuko duen Bularretik mintzora proiektuaren xedea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan dauden haurren gurasoei begira egingo dute programa.

Ume txikien gurasoei bi opari egingo dizkiete. Alde batetik, jaioberrien gurasoei ospitalean bertan oinarrizko material didaktikoa oparituko diete. Urtebetean egon daitezkeen jaiotzak hartuko ditu kontuan ekimenak. Sehaska kantuak, esku jolasak, ipuinak eta poesia biltzen ditu Bularretik mintzora CD-liburuak. CD-liburuarekin batera aholkuak eta bibliografia egokia biltzen dituen liburuxka bat ere emango zaie guraso berriei. Beste alde batetik, lau urte dituzten haurren gurasoei beste CD-liburu bat oparituko zaie; hori aurreko CD-liburuaren jarraipena izango da. Horretan ere ipuinak, kantuak eta poesia bilduko dira. Era berean, baita aholku eta bibliografia gehiago ere.

«Helduok haurrei irakurketa eskaintzen diegun neurrian, horrek ondorio onuragarriak izango ditu haurren adimenean: bai hizkuntza eta emozioak garatzeko garaian, baita haiekin lotura afektibo sendoa finkatzeko bidean ere». Hala esan zuen atzo Rafael Bengoak, Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Haurrei liburu bat eskaintzen zaienean haien garapen intelektualean, emozionalean, sozialean eta hizkuntzarenean modu positiboan eragiten duela uste du sailburuak.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua ere izan zen Bularretik mintzora ekimenaren aurkezpenean. «Gure helburu nagusietako bat da euskararen ezagupena eta erabilera belaunaldi berrietan bermatzea eta baita familia transmisioa bermatzea ere. Proiektu honen bidez xede horiek ezin hobeto jarrai daitezke», esan zuen Kultura sailburuak. Proiektuak euskal hiztunen kopurua handitzeko helburua ere baduela gaineratu zuen. 855.000 hiztunek badakite euskara; «horrek adierazten du bide onetik goazela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.