Ezarian. Formatu txikiko liburuak

Irakurzaletasun pilulak

Azal bigun eta orri gutxiko liburu franko argitaratu zituzten duela hogei urte argitaletxeek, baina ekonomikoki arrakastarik izan ez, eta eten egin zen bide hura. Orain, berriz hasi dira agertzen formatu txikiko liburuak.

Inigo Astiz
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Liburu izatera heltzen ez diren liburuak. Hara zer diren. Azal biguna, orri gutxi eta prezio merkea izaten dute, eta neurriz ere ez dira koaderno bat baino handiagoak. Irakurzaletasun pilulak. Irakurle berriak erakarri, bezeroen fideltasuna indartu eta argitaletxearen izena ezagutaraztea dira halako liburuxken helburuak, eta 90eko hamarkadan izan zuten Euskal Herrian garairik oparoena. Sona handiko idazleen lanak kaleratu zituzten orduan neurriz txiki baina edukiz sakon izatera hel daitezkeen formatu horietan, baina arrakasta ekonomikorik izan ez, eta bertan behera gelditu ziren ahalegin gehienak. Azkenaldian, ordea, hasi dira liburu txikiak berriz ere presentzia izaten liburu handien parean. Pello Eltzaburu Pamielako kideak dioenez, ez da harritzekoa. Orain agertu, orain ezkutatu; berezkoa omen dute joera hori: «Gerrilla formatua da hau».

Orain dela hogei bat urte agertu zen lehenengoz Euskal Herrian. Erein argitaletxean zebilen orduan Eltzaburu. Frantzian eta Espainian baziren antzerakoak, baina Italiatik hartu zuten haiek eredua. «Garai hartan Millelire izeneko liburuxka bilduma bat bazegoen, arrakasta handia izan zuena. Mila liratan saltzen zituzten 60 orri inguruko liburuak, eta Epikuroren Zorionari gutuna izeneko lanak sekulako salmenta izan zuen. Milioi eta erdi edo bi milioi ale baino gehiago saldu zituzten, eta, horren ondorioz, argitaletxe asko hasi ziren eredu hura hartu eta errepikatzen». Euskal Herrian ere bai.

Garai hartan hiru ziren Euskal Herrian liburuxka bilduma nagusiak euskaraz: Ereinen Milabidai izenekoa, Elkarren Enbido Txikira deitutakoa eta Emak Bakia Baita taldeak Pamiela argitaletxearekin sortutako Luxia bilduma. Denek formatu txikiko liburuen alde egin zuten. Proba bat izan zen, Eltzaburuk azaldu duenez. «Liburu dendetan erakargarri modura erabiltzen zituzten argitaletxeek, supermerkatuetan gozokiak eta txikleak nola, hala saltzen ziren liburuxka haiek ere; kaxatik hurbil. Guk ere proba egitea erabaki genuen». Testu zahar batzuk erreskatatu egin zituzten, eta beste batzuk, enkargatu. George L. Steer kazetari ingelesak 1937an Gernikako bonbardaketari buruz egindako kronika berreskuratu zuen, adibidez, Pamiela argitaletxeak. Joseba Sarrionandiaren Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk mikroipuin bilduma kaleratu zuen Ereinek. Eta Harkaitz Canoren Radiobiografiak, eta Henry Bengoa Inventarium ikuskizuneko testua argitaratu zituen Elkarrek. Horiek bai, eta horiek baino gehiago ere bai.

Etenaldiaren arrazoia

Azal bigunekoak eta orri gutxikoak ziren Pamielak atera zituen ale guztiak. Grapatutakoak. Luzexkak. «Kopiatu egin genuen eredua», azaldu du Txema Aranazek, Pamiela argitaletxeko kideak. «Baina ongi kopiatzea da giltza. Guk asko ikasi genuen Espainian eta Frantzian ateratzen zituzten liburuxka haiekin, eta ikusi genuen guk ere zerbait egin genezakeela. Egiten genuena gertuago zegoen panfletotik liburutik baino. Formatu horretako liburuak maiz lotuta egoten dira momentu konkretu bati». Hala ikusten du berak, behintzat.

Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak ez du hain argi. Ez du uste garai hartako liburuxkak hain ezkonformistak zirenik. Hala ere, aitortzen du Aranazen hitzek badutela egia puntu bat: «Egia da formatu txikiak erantzun diezaiokeela urgentziazko literatura baten beharrei». Dioenez, ordea, formatu txikiaren hautaketa ez zen halako irizpideen menpe egon. «Bilduma haiek sortzeko ideia bera ekonomikoa zen, artistikoa baino gehiago; hortaz, funtzionatzen ez badu, ez du merezi horretan gehiago ahalegintzea». Inguruko hizkuntzetan funtzionatu zuenak euskaraz ez zuen espero zen emaitzarik izan. «Haietan, ehun mila aleko argitaraldiak egiten eta saltzen zituzten, eta euskaraz ezin pasatu mila aletik. Hortaz, gure demografiak, gure merkatuak, gure zenbakiek ezinezkoa egiten zuten planteamendua».

Arazoa ez zen salmenta kopurua soilik, ordea. Irakurle berriak harrapatu nahi zituzten liburuxka haiekin Elkar argitaletxekoek. Baina kale. «Kioskoetan saldu nahi genituen pieza haiek, baina kioskoetako banaketa sistemara iristea ezinezkoa egin zitzaigun. Ohartu ginen liburuxka horien irakurlea ohiko liburuen erosle bera zela, ez zela publiko berririk sortu, eta dudan jarri genuen ahaleginak merezi ote zuen. Azken finean, idazleak zirikatzen ibili behar genuen, bilduma horretarako propio zerbait sor zezaten. Hortaz, idazlearentzat interesa izan zezakeen, baldin eta emaitza merezi bazuen, baina, bestela, argitalpen marjinal samarrera kondenatzen genuen idazlana».

Liburuxken esperientzia nola bukatu zen azaltzeko, Eltzaburuk ez du hitz askorik behar izan: «Liburuen tamaina txikia izango zen, baina porrot ekonomikoa handia izan zen». Oso ziklo laburra izan zuten liburuxkek. Izan ere, euskarazko irakurle masa ere ez zen hainbesterakoa. Pieza ederrak gelditu ziren, hala ere. Mendigurenek eman du azalpena: «Sakonean, formatua txikia edo handia izan, garrantzitsuena mamia da».

Hesselen olatua

Liburu dendetatik desagertu egin ziren tarte batez formatu txikiko liburu bilduma haiek. Eten bat izan zen, baina horrek ez du esan nahi formatuaren historia hor bukatu zenik. Gaur egun ere bada azal bigun, orri gutxi eta prezio merkeko libururik dendetan. Baita euskaraz ere. Sekulako oihartzuna izan zuen Stephane Hessel idazlearen Indignez vous! liburuxkak, esaterako. Fenomeno editoriala bilakatu zen Frantzian, eta hedatu egin zen Europako beste hainbat herrialdetara. Euskal Herrira ere heldu zen haren oihartzuna, eta Denonartean argitaletxeak argitaratu zuen iaz euskaraz: Haserretu zaitezte!

Boom txiki bat izan dute liburuxkek azkenaldian Hesselen kasuaren gerizpean. Hori da Kike Hualde Denonartean argitaletxeko kidearen iritzia, behintzat. Pentsamendu pilulak dira haren argitaletxeak kaleratzen dituen formatu txikiko lanak. Saiakerak kaleratu dituzte orain arte. «Jendeak ez du ohitura handirik halakoak irakurtzeko. Zaila ikusten genuen, beraz, hori euskarara ekartzea, baina formatu txikian, agian, errazagoa izango zitzaiela pentsatu genuen. Horrekin bueltaka genbiltzala heldu zitzaigun Hesselen Indignez vous! liburua itzultzeko aukera, eta oso aproposa iruditu zitzaigun aukera. Olatua alde harrapatu genuen». Baliatu egin zuten bultzada.

Badituzte beren bertuteak liburuxkek, Hualdek azaldu duenez, baina ekonomikoa da halako lanak kaleratzeko irizpide nagusia, aitortu duenez. «Itzulpenak, normalean, ez dira ongi ordaintzen, baina, hala ere, garestia da liburu mardul baten itzulpena egitea. Eta horregatik egin dugu liburu txikiak ateratzeko aukera. Gu argitaletxe txiki bat gara, eta ezin dugu liburu sendorik kaleratu. Formatu txikira jota, ordea, ikusi genuen zerbait egin genezakeela».

Hesselen lanaren ondoren ere, historia hurbilari eta gaurkotasun handiko gertakariei lotutako gaiak lantzen dituzten liburuxkak kaleratu dituzte Denonartean argitaletxekoek. Bi titulu, zehazki: Ekonomialari harrituen manifestua eta Ez duzu deus ikusi Fukushiman. Eskutitz bat da azken hori. Daniel de Roulet ingeniari nuklear ohi eta militante antinuklearrak Japonian duen lagun bati idatzitakoa. Eta hurrengo lana ere bidean dute jadanik: Tunisia en guerre izeneko liburuxka; Tunisiako Iraultzaren kronika egiten duen blog bateko testu hautaketa batean oinarritzen da.

Susa argitaletxeak ere badu bere liburuxka bilduma. Ez dago, ordea, liburu dendetan. Durangoko azokarako opari esklusibo gisa emateko hasi ziren liburuxkak prestatzen, eta gerora Interneten erositako liburuekin emateko sortu zuten Amukoak izeneko bilduma. «Pieza bereziak dira. Amukoak. Banan-banan arrantzatutako lanak, baina liburu izatera heltzen ez direnak». 2001ean hasi ziren bildumarekin, eta zortzi lan atera zituzten kolpean, lagun zituzten idazleekin elkarlanean, eta gero beste dozena erdi egin zituzten. Izen zerrenda ez da txikia: Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi, Xabier Gantzarain, Juan Luis Zabala, Edorta Jimenez, Itxaro Borda...

Iraupen zalantzazkoa

Eszeptiko mintzo da Arrese formatuaren berpizkundeaz. «Argitaletxeen marka indartzeko ekintza bat da. Liburu handiak egiteko dirua behar da, eta hori izan ezean, bada aukera bat liburuxkena nor bere marka sendotzeko. Gerora liburu mardulagoak saltzeko».

Emaitza polita izaten dela dio, baina proiektu horiek bideragarri bilakatzea zaila dela ere aitortu du. «Merke saldu edo oparitu egiten den produktua garesti egiten ibiltzen zara azkenean». Kopiak merkeagoak izan arren, azken finean banaketa gastuak eta bestelakoak berdinak izaten dira. Esfortzu bat egin behar da halakoetarako. «Oso pieza ederrak dira, baina guri inpultsoa bukatu egin zaigu». Interneteko Armiarma sarean dituzte jarrita indarrak orain. «Formula polita da, argitaletxe handiek egiten badute. Gurean, ez dago nahikoa irakurle masa kritiko halako asko egiteko».

Ez du 90eko hamarkadakoaren neurririk, baina orain ere badira liburuxka batzuk euskaraz. Aleak dira, ez sailak. Oraingoz, hori ikus daiteke dendetan. Xabier Mendigurenek egin du galdera: «Joerak segituko duen? Bada, ezin jakin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.