Teknologiaren etorkizuna arkatzarekin idatziko da. Arkatzaren puntan dagoen grafitoak ezkutatzen duenarekin, hain zuzen ere: grafenoarekin. Kostya Novoselovek eta Andre Geimek grafitoak paperean adibidez uzten duen markaren azpian dagoena bakartzea lortu zuten. Karbono atomoz osaturiko xafla paraleloak ditu grafitoak. Atomo geruza horiek askatzea —milioika dira— eta bakartzea ezinezkoa zela uzten zuten askok, harik eta Novoselov-Geim ikertzaile bikoteak lortu zuten arte. Atomo bakarreko lodierako geruza bakarra utzi zuten agerian, xafla bakarra, hots, material berri bat sintetizatu zuten: grafenoa.
2004an plazaratu zuten, Sciencie aldizkarian, euren lorpena, eta iaz Fisikako Nobel saria jaso zuten. Soilik sei urte lehenago egindako aurkikuntza bat Nobelarekin aitortzea ez da ohikoa; grafenoa biziki interesgarria da zientzia ikerketarako eta puntako teknologia jorratzen duen industria mundurako, material eroale handia izanik eta propietate bereziak izanik, hala nola malgutasuna, gardentasuna, gogortasuna —ia hautsiezina da—. Ezagutzen den bi dimentsioko material bakarra da. Zientzialari asko sinetsita daude grafenoa dela Silicon Valley famatutako silizioa ordezkatuko duen materiala, eta alor elektronikoko multinazionalak adi-adi erreparatzen ari zaie grafenoaren ikerketari.
Tolestu daitezkeen pantailak
Izan ere, pantaila biribilkorrak aipatzen dituzte; tutu txiki batek hartzen duen lekua besterik ez lukete beharko. Grafenoa malgua denez, gardena izateaz gain, papera balira bezala tolesteko moduko pantailak iragarri dituzte. Korean dagoeneko egin dituzte probak. 30 hazbeteko pantaila ukigarri bat diseinatu dute, tutu batean gordetzeko modukoa, biribilduz. Tolestu eta esaterako belarri baten atzean gorde daitekeen tresna bat diseinatzen ari da Samsung multinazionala, grafenoa oinarri hartuta. Luze gabe merkaturatu nahi dutela ere esan dute. IBM erraldoia ere lanean dihardu grafenoarekin. Bi dimentsioko material horrekin diseinatutako txipak aurkeztu ditu, siliziozkoak baino hamar aldiz azkarragoak. Sakelako telefonoak ekoizten dituzten enpresek, bestalde, iragarri dute euren produktuak izugarri hobetuko dituztela, grafenotik eratorritako osagaiei esker.
Etorkizuneko apustu argiena pantaila malguak ei dira, edonola ere. Egun puntako teknologia dena (iPada, adibidez) malgutasunak alboratuko duela uste dute aditu askok. Malgutasunak kontzeptu osoa aldatzen du goitik behera. Eramangarria izatea pantaila malguak izan litzakeen abantailen artean bat besterik ez da.
Lasterketa horretan, bistan da, grafenoa da ondoen kokaturik dagoen materiala, kasik bakarra. Bost-hamar urte baino lehen merkatu guztietan egongo dela diote baikorrenek. Zuhurtzia eskatzen duenik ere ez da falta; tartean, grafenoa bakartzea lortu zuten bi zientzialarietako bat: Andre Geim. «Irudimena arrazoia baino azkarrago doa sarri. Egia da kearen atzean sua badela, baina oraindik ez dago argi grafenoaren teknologia hoberena izango ote den. Baditu arazo batzuk gainditzeke. Ikusteko dago zein aplikazio izango den arrakastatsua eta zein ez».
Grafenoa sintetizatu zuenak ere ezin du asmatu etorkizun teknologikoa, baina azken bost-sei urteotan grafenoarekin egindako ikerketek esperantza piztu dute, eta zain-zain ditu puntako teknologian dihardutenak. Karbono egitura hori, ez alferrik, gardena da, baina argindarra eramateko gaitasun izugarria du; silizioa baino ehun aldiz azkarragoa da. Grafenozko pantaila batek argindarra eroaten du bere kabuz, eta beraz, ez luke beharko zirkuitu elektronikoen sare bat aldean. Malgua denez, biribildu daiteke, baina ez hori bakarrik: lauak ez diren azalerak estal ditzake. Alegia, pantaila esferikoak, konikoak, zilindrikoak... eraikitzeko bide emango luke grafenoak. Gainera, merkea da, arkatz baten grafitoan aurki baitaiteke. Halaber, Columbiako Unibertsitateko ikertzaileek diotenez, munduko material sendoena da. Eta ez du kutsatzen, itxura batean. Ezaugarri horiek lagun, aurrerantzean grafenoa hizki larriz idatzi beharko dela esatea ez da inongo arinkeria.
Ezarian. Zientzia
Iraultza teknologikoa malgutasuna da
Orain arte mundu teknologikoan ametsak baino ez zirenak betetzeko bidean jarri ditu grafenoak. Kostia Novoselovek eta Andre Geimek sintetizatzea lortu zutenetik, grafenoak oso propietate bereziak dituela ikusi dute, ahalmen handikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu