Zientziaren ozeano sakonean urteko aurkikuntzarik garrantzitsuenak zein diren esatea beti izango da subjektiboa, eta euren proiektuak aipatu gabe ikusten dituzten ikertzaile askorentzat bidegabea. Baina Sciencie aldizkariaren erreferentzialtasuna onarturik, eta proiektuek izan duten dibulgazio maila kontuan hartuta, halako sailkapena egin daiteke, eta aurten ere Sciencie-k berea egin du: 2010eko aurkikuntzarik garrantzitsuena makina kuantikoa da, duela hilabete batzuk hedabideetan oiartzun handirik izan ez zuen berria.
Iaz, lehen lekua4,4 milioi urteko Ardi hominido emearen proiektuari eman zioten, hots, iraganari; aurten, berriz, etorkizunari begira jarri dute zerrendaburua. Craig Venter zientzialari ezagunaren taldeak sortutako zelula artifiziala bigarren tokian dago zerrendan. Maiatzean aurkeztu zutenean, etorkizunari begira ustez izango duen garrantzia kendu zioten zenbait zientzialarik, baina kontua da mundu osoko hedabideen arreta eskuratu zuela zelula sintetikoak.
Neanderthalen genomaren sekuentziazioa paratu dute azkenik podiumaren hirugarren mailan. Sciencie-n argitaratu zuten sekuentziak frogatzen du Homo neanderthalensisHomo sapiens-arekin hibridatu zela. NASAk duela aste batzuk iragarritako artsenikoaren bakteria ez dute hamarreko zerrendan sartu ere egin, kaleratu zenean askok sekulako proiekzioa izango zuela iragarri arren. Subjektibotasuna beti.
1. Makina kuantikoa
Kaliforniako Unibertsitateko ikerlari talde batek aurkeztu zuen 2010eko martxoan makina kuantikoa, Santa Barbaran (AEB). Giza begira miniatura bat da, ia laua, baina begiz ikus daiteke, beste laguntzarik gabe. Fisika kuantikoaren fenomenoa erreproduzitzen duen lehenengo sistema mekanikoa da; horretan datza bere garrantzia.
Mikroskopioaren neurriko objektuetan efektu horrek zer-nolako ondorioak izango dituen aztertzea ahalbidetuko du. Mekanika klasikoen arauetatik at dagoen lehenengo tresna izaki, erritmo kuantikoaz dabil, partikula subatomikoen jarrera azaltzen duen arauen barruan. Andrew Cleland proiektuaren zuzendariak asmakizuna plazaratzean azaldu zuenez, «objektu bat superposizio kuantikoan jar daiteke; hala dio mekanika kuantikoak. Egoera horretan, objektu bera bi kokalekutan dago aldi berean. «Bi konfiguraziotan dago objektua aldi berean; Schrodingerren katuaren adibide ezaguna dago hori azaltzeko: bizirik eta hilik dago aldi berean».
Energia manipulatuz, zientzialariek lortu dute makina bi egoeratan egotea aldi berean. Egindako probetan, makinak zuen dar-dara txikia eta handia zen aldi berean. Sciencie-k dio gailu berri horrek ate garrantzitsu bat ireki duela aurrerantzean ikertzaileek egingo dituzten esperimentazio kuantikoan.
2. Zelula sintetikoa
Zientzia komunitatean —eta etikaren alorrean ere— hautsak harrotu zituen Craig Venterrek (Salt Lake City, AEB, 1946) maiatzean Sciencie aldizkarian kaleratutako berriarekin: zelula artifial bat sortu zuen. Eztabaida bizia eragin zuen orduan, eta oraindik ere bizi-bizirik dago bizitza laborategian sortzearen komenientziaren auzia. Ez da gutxiagorako. Venterrek, giza genoma sekuentziatzea lortu zuen zientzialarietako batek, zelula artifizial bat sortu du estreinakoz, orain arteko biologiaren arau guztien kontra.
Mycoplasma mycoides JCVI-syn1.0 izena jarri zioten gizakiak sortu duen lehenengo zelula sintetikoari. Izenak berak informazio asko ematen du: izenak JCVI-syn1.0 dauka, Mycoplasma mycoides bakteria naturaletik desberdintzeko; JCV hizkiak sortzailearengatik dira (John Craig Venter); syn-ek sintetikoa dela adierazten du; eta 1.0-k bakteria sintetiko horren lehen bertsioa dela. Alegia, pixka bat zabaldu duen atetik aurrera eginez, Venterrek teknologia hori gehiago garatuko duelako seinalea da.
Zergatik da, ordea, hain garrantzitsua? Duela 3.500 milioi urtetik hona, Lurrean bizia dagoenetik alegia, biologiaren arau bat bete da beti: zelula bat beste zelula baten zatiketatik sortzen da. Bada, Venterren laborategian, bizia sortu dute arau hori bete gabe. Gutxieneko bizia; hori bai, bakuna oso. Baina kontua da kimika hutsa besterik ez dela Mycoplasma mycoides JCVI-syn1.0 bakteriaren genoma. Genoma hori laborategiko hodian sortu dute, lehen hizkitik azkenera. Materia geldituari bizia eman dio gizakiak paper batean idatzitako DNA hizkiekin.
Bizitza nahierara sortzeko atean zirrikitu bat zabaldu da, hortaz. Atea parez pare zabalduko balitz, zer? Minbizia edo bihotzeko gaixotasunak modu errazagoan saihestuko lituzketen haurrak aukeratuko lituzkete gurasoek? Zer-nolako forma biologikoak sortuko lituzke gizakiak? Eta garrantzitsuena: zertarako? Gaixotasunak sendatzeko eta nahi adina energia lortzeko balio dezake, baina baita arma izugarriak eraikitzeko ere. Horretan dira aditu asko, eta horregatik sortu zen duela sei hilabete AEBetan batzorde bioetiko bat gaiaren inguruan hausnartzeko.
3. Neanderthalgo gizakiaren genoma
Sciencie aldizkariak maiatzean kaleratu zuenez, Neanderthalgo gizakiaren genoma osorik sekuentziatzea lortu dute jadanik, eta lorpen horrek ezuste handia eman zuen. «Sapiensen eta neanderthalen artean geneen transferentzia egon zela esan dezakegu», zioen Richard Greenek, Neanderthalgo gizakiaren genoma ikertu zuen nazioarteko taldeko kideak. Mestizajea duela 50.000-80.000 urte gertatu zen, denbora gutxian, seguruenik Afrikatik atera ziren lehenengo Homo sapiens-ak Erdialdeko Ekialdera iritsi zirenean. Eurasiatik hedatu aurretik eremu hartako neanderthalekin nahastu ziren. Hedapenik handiena gertatu zenean transferentzia egina zegoen jada.
Lehendik ere zientzialariek esana zuten bi gizaki talderen artean hartu-eman handia egon zela. Milaka urtean elkarrekin bizi izan ziren Europan eta Asian, eta, hortaz, pentsatzekoa zen bien arteko seme-alabak izango zirela. Benetako ezustea da gizaki horietako batzuk emankorrak izan zirela. Hori da zientziako aldizkari ezagunak balioetsi duena bere sailkapenean sartzeko.
Hortaz, Homo neanderthalensis taldeko banakoek eta sapiens taldekoek harremanak izan zituzten duela milaka urte, baita sexualak ere, eta bien gurutzatzetik ondorengoak jaio ziren. Ondorengo horiek, gainera, emankorrak izan ziren, ez antzuak. Gu gara froga. Gizaki modernoaren genomaren %1 eta %4 arteko kopurua Neanderthalgo gizakiak emana da, geneen %2 inguru. Homo neanderthalensis duela 400.000 urte azaldu zen, eta duela 30.000 inguru galdu. Zientzialariek uste zutenaren kontra, galdu aurretik ondorengoak uztea lortu zuten. Euren izatea gugan dago, zati oso txikian bada ere.
Ezarian. Zientzia
Irizpide zientifikoak baino gehiago
'Science' aldizkariak 2010ean zientziak eman dituen aurkikuntzarik garrantzitsuenen sailkapena egin du. Makina kuantikoa jarri dute zerrendaburu, Craig Venterren zelula artifiziala ondoren, eta Neanderthalgo gizakiaren genomaren sekuentziazioa hirugarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu