Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Irratia maitatzeko erak

Xabier Lasa.
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Maite dut irratia. Herenegun amaitu zen Maite dut irratia izeneko lehiaketan parte hartzeko epea. Arratsaldekoa irratsaioak jarri du martxan, eta, gai hori jarrita, orrialde bateko narrazioa edo bi minutu gehienez iraun dezakeen ahots grabazioa egin dezala eskatu zaigu entzuleoi. 70 bat-edo aurkeztu direla esan zaigu, eta ez da zifra makala. Lan bikainenak irratsaioan bertan aireratuko direla ere agindu zaigunez, belarriak zut geratzen gara.

Entzulearen telefonoa. Entzuleok irratia zenbat estimatzen dugun, zenbat gozatzen dugun harekin gure bizitzako bidaide fidela dela jakinda. Maite hitzak lehiakideen ekarpen narratiboa bidera dezakeela dirudi; sentimendu onak adieraztera baldintza dezakeela, alegia. Lehiaketak gogora ekartzen digu, zeharka bada ere, EIk aspalditxotik sufritzen duen gabezia: espazioen falta entzuleek parte har dezagun. Hots, aukera edukitzea irrati publikoari, irrati-esaleei, irratsaioei, informazio tratamenduari edo dena delakoari buruz iritzia emateko. REk, badu formatu hori El telefono del oyente izenekoa, han-hemen programazioan zehar sakabanatuta.

Deskuiduak. Ondo estimatzen den zerbitzua eskaintzen digute RE eta EIk, makina bat irratsaio euren web orrian jartzen dituztenean, nahierara entzuteko moduan. Holako edo halako elkarrizketa edo tertulia zuzenean entzun ezin arren, jakiteak noiznahi ordenagailuaren bidez eskura dezakegula, eskertu ezineko aurrerapena da; ez bakarrik irratifilia jasaten dugunontzat, baita beste edonorentzat ere. Zerbitzu horrek orain dauzkan baino akats gutxiago izatea komeniko litzateke. Tarteka bai baititu deskuiduak. Azken-azkena, esate batera, Mariano Ferrer, Lurdes Perez eta Pedro Ugartek Sorturen inguruko edukitako eztabaida iragartzen zaigun tokian, Charo Zarzalejosen 48 segundoko mintzaldia entzun daitekeela. Punta-puntako teknologiaren aplikazio zuzena teknologia horren pare behar luke egon.

Berririk ez. Xabier Garcia Ramsden dugu Ganbara-ko gidari berria, Ainara Torreren tokia hartuta. Ez da espero batere aldaketarik informazio tratamenduari dagokionez. Boulevard-en Ramsdenek egindako lana ezagutzen duenak ezin lezake pentsa EITB egun zuzentzen dutenen irizpide politikoak zintzoki jarraituko ez dituenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.