KOMUNIKAZIOA

Irratiek eta telebistek saio bereziak egingo dituzte Durangoko Azokatik

Hamaika telebistak ordubeteko saioa egingo du astelehenean, asteartean eta asteazkenean (21:00)

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Durango Liburu eta Disko Azokaren jarraipena egingo dute gaurtik aurrera euskal hedabideek. Honatx komunikabide bakoitzak prestatutakoa:

'Berria.info'

Testu bilduma bat egingo dute egunero BERRIAko webgunean. Durangon izango diren kazetariek, bestalde, albisteak jarriko dituzte Berriketan.info sare sozialean. Diskoen kantak ere Berria.info-n ari dira jartzen egunotan.

Hamaika

Aurten ere, Hamaika telebistak saio bereziak emango ditu Durangoko Azokatik. Astelehenean, asteartean eta asteazkenean egingo dituzte saio horiek, gaueko 21:00etatik 22:00etara. Urtzi Urrutikoetxeak aurkeztuko ditu. Imanol Urbietak jasoko du Argizaiola saria, eta astelehenean luze eta zabal hitz egingo dute harekin. Aurtengo gaia erotismoa da, eta horrek ere izango du lekua Hamaikako saio berezietan. Herrialde gonbidatua, berriz, Kurdistan izango da,eta azokara helduko diren kurduak Hamaikan izango dira. Halaber, Ahotsenean egingo diren aurkezpenen jarraipena egingo dute.

ETB3

ETB3k Azoka 2010 izeneko saioa emango du egunero, 22:30ean. Ainhoa Urretabizkaia, Xabier Donzel eta Luzia Zugadi kazetariek azokan gertatzen denaren berri emango dute, eta Ahotsenean izango diren kantaldi eta hitzaldiak emango dituzte datozen asteetan.

Euskadi Irratia

Amarauna magazinea Durangoko Azokatik egingo dute gaur, 10:00etatik 13:00etara. Irati Jimenez eta Arantxa Urretabizkaia idazleekin egongo dira; Karlos Zurutuzak Kurdistani buruz hitz egingo du, eta Gurebook liburu elektronikoen dendaz ere ariko dira. Asteartean, Arratsaldekoa saioa Durangotik egingo dute.

Radio Euskadi

Almudena Cachok Durangotik egingo du gaur Más que palabras magazinea. Goizalde Landabaso eta Idoia Jauregi kazetariak azokan izango dira bost egunetan, eta han gertatutakoaren berri emango dute albistegietan eta irratsaioetan

Gaztea

Asteartean eta ostegunean, Durangoko Azoka ardatz hartuko dute B Aldea saioan. Eta arratsaldero eta orduro konexioak egingo dituzte.

Info7

Saio berezia egingo dute astelehenean Ahotsenetik, 11:00etan. Agin Rezolak eta Gotzon Elizburuk gidatuko dute saioa. Gonbidatu ugari izango dituzte, eta independentziaren alde antolatu duten lipduba gertutik jarraituko dute.

IparraldekoEuskal Irratiak

Pantxika Arranbidek eta Luzien Etxezaharretak irratsaio berezia egingo dute gaur, 11:00etatik 12:00etara. Asteartean, Maia Muruagak zuzeneko emankizuna egingo du, 16:30etik 18:00etara.

Azoka TB

ETB3, Hamaika eta Goiena Telebistaren arteko elkarlanari esker, goizeko 10:00etatik 20:00etara azokaren inguruko etengabeko emankizuna egingo dute, Landakon jarritako pantailetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.