Komunikazioa

Irratien futbol kontaketa, telebista bidez

Espainiako Futbol Ligak eta Mediaprok irratiei ezarri dieten kanonak hautsak harrotu ditu. Irratiak ez daude ordaintzeko prest. Hala ere, partidak kontatzen jarraituko dute, estudiotik.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Kezka handiz» hartu dute Iruñeko Euskalerria irratian Espainiako Futbol Ligak irratiei ezarri nahi dien kanonaren afera. Asier Azpilikuetak, Aritz Ibañezek eta Juan Kruz Lakastak azkeneko urteetan Osasunak etxean jokatutako partiden kontaketa egin dute euskarazko irratiarentzat. «Gure programazioan osagarri ezinbesteko bat bihurtu da Osasunaren partiden kontaketa. Eta ez jakitea argi horri eutsiko diogun kezkagarria da», azaldu du Juan Kruz Lakasta esatariak. «Nahiz eta balorazioak ezin duen berdina izan irrati handi edo tokiko irrati txiki baten partetik, oro har irratiek emandako argudioa zuzena da. Informazio eskubidea dago hor, eta ez da gauza bera irudiaren jabe izatea edo kontzeptuaren jabe», dio esatari nafarrak. Igande honetan estudioan telebistari begira egin beharko dute Osasuna-Sporting partidaren kontakizuna.

Onda Vascan prozesu guztiaren jarraipena egin dute. Iñaki de Mujika kirol koordinatzaileak azaldu duenez, irratien artean harremanetan egon ziren abuztu hasieratik «egosten» ari zenaz. «Eta Liga hastera zihoala, Realak eta Ligak gutun bat bidali ziguten esanez urtean 18.000 euro ordaindu beharko genituela partidak Anoetan kontatzeagatik —Bizkaian, Athleticen partidengatik 25.000 euro eskatu zizkioten Onda Vascari—. Guk argi genuen ez genuela ordainduko». Irrati guztiek erabateko adostasuna izan dute erabaki horretan —COPE eta SER irratiei 3,5 milioi euro kostako litzaieke kanona—. De Mujikak, halaber, adierazi nahi du gustatuko litzaiokeela Realak kazetariak bilera batera deitzera. Bihar telebista ikusiz egingo du Iñaki de Mujikak Reala-Bartzelonaren kontaketa.

Javier Torrontegi EITBko irratietako zuzendariak hitz gogorrak egin zituen euskal taldeen aurka Gasteizko Irrati eta Telebista Jaialdian. Salaketa hori argudiatu dio BERRIAri: «Irratiak 1950eko hamarkadatik ari dira ematen futbol partidak. Irratia da komunikabide bakarra entzuleei dirurik kobratzen ez diena. Informazio eskubidea hor dago, eta, hala ere, irratiei xantaia egin nahi digute. Kluben zinismo nabaria da, nahiz eta Ligaren atzean ezkutatu nahi duten». Horren harira, euskal taldeei honako eskaera egin nahi die Torrontegik: «Kontuan har ditzatela irratiak mobilizatzen dituen milaka jarraitzaileak. Jarraitzailea eta irratiaren arteko harremana berezia da. Eta taldeek kontuan hartu behar dute afizioak bazkideetatik harago doazela». Torrontegik nabarmendu du taldeek diru laguntza publiko handiak jasotzen dituztela eta ez duela zentzurik gero haiek irratiei kobratu nahi izatea, «herritarren eskubideen aurka joz».

Datozen asteei begira, De Mujikak ez du uste laster konponbide errazik izango duenik. Torrontegiren arabera, «irrati guztiek aferan bat egiteak erakusten du afera ekonomikoaz harago doala kontua».

Madrilgo irrati nagusietako kirol esatariek atzo adierazi zuten ez dutela negoziatuko, «ezta 50 zentimogatik ere». Haien iritziz, gatazka Espainiako Gobernuak berehala konpon dezake dekretu bat onartuta.

Ligak jartzen dituen orduekin, halaber, karruselaren irrati formatua galtzen ari da gaur egun. Partida gutxi daude ordu berean.

Ipar Euskal Herrian ez dute arazorik kirol emanaldiekin. Futbol eta errugbi partiden kontaketa egiten dute, normal-normal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.