Haurrak euren artean aisialdian euskaraz aritzeko helburuarekin sortu zen Irrien Lagunak Kluba, 2010ean. Hasieratik izan zuen harrera ona klubak berak eta baita haiek argitaratutako Irria aldizkariak. Klubarekin bat egiteagatik eskerrak eman, eta jarraitzaile, harpidedun eta lagun guztiekin elkartzeko, lehenengo klubaren eguna antolatu zuten iaz Usurbilen (Gipuzkoa). Zortzi mila lagun inguru elkartu ziren, eta arrakasta hori ikusita, jaialdia urtero egitea erabaki zuten klubeko kideek. Aurten, Gernika-Lumon (Bizkaia) egingo dute festa. Igande honetan ospatuko da Irrien Lagunak Klubaren II. Eguna.
Bi gunetan banatuko da jaialdia. Gune Nagusia Pasealekuan egongo da, han izango dira oholtza nagusia, puzgarriak, tailerrak, ikuskizun nagusiak, informazio gunea eta sarrera zein edarien txarteltxoen saltokia. 12:00etan, Zazpikoloroa ikuskizuna eskainiko dute Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek, Pasealekuan bertan.
Bigarren gunea Azoka plazan jarriko dute, mila lagunentzako bazkaria prestatuko dute han Seber Altube ikastolakoek. Dena en, Gernikako hainbat elkartek lagunduko dute egunaren antolaketan.
Etekinak, Txatxilipurdirentzat
Iaz ez bezala, aurten ikuskizun nagusiez gozatzeko, sarrera erosi beharko da: 4 euro balio du banakakoak eta 10 euro familiakoak. Irria aldizkariko harpidedunek eta haien familiek, aldiz, ez dute ordaindu beharko.
Jaialdian irabaziak egonez gero, zati bat Txatxilipurdi aisialdi elkartearentzat izango da, Berramesten egitasmoa sustatzen laguntzeko.
Eguraldi ona espero da iganderako, baina hala izango ez balitz, Pasealekuko gunea bertan behera geratuko litzateke, eta ikuskizun guztiak Jai Alai frontoian egingo lirateke. Puzgarriak eta tailer guztiak, berriz, Azoka gunean jarriko lirateke.
IRRIEN LAGUNAK KLUBAREN II. EGUNA
Non. Gernika-Lumon (Bizkaia).
Noiz. Igandean.
Asteburuko proposamenak
Irrien Lagunak festarako bilduak
Gernika. Irrien Lagunak Klubaren bigarren eguna ospatuko dute igandean, egun osoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu