Aldian behin gertatzen da, oso noizean behin. Zoriak, zappingak eta hirurok telebistaren aurrean bat egiten dugunean. Hain da noizean behingo kontua, ikaragarri gozagarria suertatzen zait. Duela gutxi bezala. Telebistari begiratu aspertu bat ematen ari nintzaiola, duela urte batzuk Mikel Elizegik aurkezten zuen saio batekin egin nuen topo. Gogoratzen haurrak protagonista bihurtzen zireneko hura? Ordu txikitan deitzen zen. Garai hartan ez nuen jarraitzen. Oraingoan, minutu batzuetan besterik ez bada, konbentzitu egin ninduen. Haurrak ageri ziren, harmailetan eserita, asteroko gonbidatua elkarrizketatzen. Martxelo Otamendi zen aste hartakoa. Gerora jakin dut, bila ibilita, saioa 2008ko apirilaren 5ekoa zela. Haurren galdera eta galdera artean, aurkezleak gonbidatu berezi baten hitz batzuk erakutsi nahi zizkiola esan zion Otamendiri. Bat-batean, pantaila batean, Xabier Arzalluz agertu zen. Haurrei mintzatzen hasi zen. Euskaldunak izateko ahaleginari buruz mintzatu zitzaien, koherentzia eta sakrifizioa eskatuz, Euskal Herriaren eta haien ongizate pertsonalaren mesedetan. Orduan hartu zuen hizpide Otamendi. Hura zen haurrei erakutsi nahi zien helburua. Arzalluzen hitzetan, euskararen alde lan egina eta hainbat sufrimendu pairatua. Hain zuzen, Egunkaria-ren itxieraren harira, atxilotua eta torturatua izan zela salatu eta babesa eman zion egungo BERRIAko zuzendariari. Hunkitu egin nintzen. Ez, soilik, azken urteetan gertatutakoagatik, hori haurren saio batean salatu eta ahobizarrik gabe kontatzeko gaitasuna eta aukera, berez, izan badela erakutsi zidalako. Arzalluzek ez zuen amorrutik egin, Otamendik ez zuen amorrutik jaso eta Elizegik ez zuen egoera amorrutik moztu. Eta, nago, haurrek ikasgai sekulakoa jaso ahal izan zuten.
Era naturalean gertatu zen guztia. Ez zen inor larritu. Ez zuten ezer ezkutatu beharra sentitu ere egin. Nahi nuke, telebistan ere, haurren babeserako neurriek naturaltasuna izango balute oinarri. Egun, haurrak babesteko era baita, dirudienez, gai batzuk ezkutatu eta, bien bitartean, komeni diren ereduak sutatzea.
Zoria, zappinga eta hirurok aurrera gindoazela, zalantzak erne zitzaizkidan: gaur gertatu ote liteke halakorik? Garai hartan gerta ote zitekeen? Ala irristada bat izan zen? ETB1en akaso, baina ETB2n gerta ez zitekeen irristada bat?
Komunikazioa. Ekografiak
Irristada gozagarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu