KOMUNIKAZIOA

Irudia aldatu eta eduki berriak sortu dituzte Goienako hedabideek

Asteazken gauetan 'Tertulia' saioa ematen hasi dira Goiena Telebistan; hilean behin euskal zinema ere bai

urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Itxura berrituarekin eta inoiz baino «eduki erakargarriagoekin» ospatu du Goiena Telebistak 10. urteurrena. Badira aste batzuk dekorazio berriak estreinatu zituztela telebistako saio ezagunenetan: Goiena magazinea, Harmailatik...

Oihane Agirre programazio arduradunak azaldu duenez, «informaziozko saio guztiek bateratasuna izango dute, denek erabiliko dute Goienaren irudi berria eta saio bakoitzak kolore bat izango du». Berriak albistegiak gorria izango du, Harmailatik saioak berdea eta Magazine-ak urdina. Horrez gain, ikur edo euli berria estreinatu du Goiena Telebistak.

Dekorazioez gain, Goienaren irudi berria telebistako osagai garrantzitsuenetan egongo da. Adibidez, mikrofonoetan.

Lau mahai-inguru hilean

Edukietan, aurreko urteetako apostuei eusteaz gain, programa berriak estreinatu ditu Goiena Telebistak. Horien artean aipagarriena Tertulia da, asteazkenero egiten dutena (20:45). Lau gai lantzen dituzten hilero, lau aurkezle tartekatuta: Txomin Madinak zinemaren gaineko solasaldia aurkezten du; gainera, saioa bukatu eta gero euskal zinemako film ezagun bat ematen dute euskaraz. Beste mahai-inguru bat gaurkotasuneko gaien ingurukoa da, Monika Belastegik zuzentzen duena. Hirugarren bat Julen Iriondok gidatzen du, politika gaiak hizpide hartuta. Eta laugarren tertulia, Larraitz Zeberiok aurkezten duena, gurasoentzat da.

Musikak eta Debagoienako taldeek ere badute tartea telebistan. Danbakako kontzertuetan hogei talde daude lehian. Talde bakoitzaren kontzertua emango du Goiena Telebistak. Eta, gerora, hiru finalisten eta finalerako gonbidatuko duten taldearen kontzertuak emango dituzte. Urtarrilera arte iraungo dute Danbaka musika lehiaketako kontzertuek.

Neska-mutikoek ere badute zerekin gozatu Goiena Telebistan. Batetik, aurreko denboraldian ETBn ematen zuten Ipupomamua saioa berreskuratu dute. Eta, bestetik, marrazki bizidunak daude. Egun Patrulla 02 marrazkiak ari dira ematen, eta horiek amaitzerakoan Barkleys ematen hasiko dira.

Goiena Telebistaren berrikuntzak, dena den, ez dituzte bakarrik ohiko edukietan egin. Programaziotik kanpo eskaintzen duten informazio praktiko eta komertzial tartea berritu egin dute: eskualdeko komertzioen iragarkiez gain, pantailaren beheko aldean azken orduko albisteak azaltzen dira, Goiena.net-eko tituluak, eguraldia eta bestelako informazioa jarriko dute.

Goiena, hiru euskarritan

Telebistako berrikuntzez gain, bestalde, marka indartzeko aurrerantzean Goienako hedabide guztiek izen bera erabiliko dute: Goiena. Hau da, aurrerantzean aldizkaria ez da Goienkaria izango, Goiena baizik. GOITB izan beharrean, Goiena Telebista izena hartuko du. Eta Interneteko webguneak, Goiena.net.

Interneteko gunea, hain zuzen ere, berritu egin dute. Diseinuari dagokionez, zuriak eta Goienaren gorri korporatiboak hartu dute garrantzia. Taldeko komunikabide guztiak bildu nahi ditu, gainera, webguneak. Gaika eta herrika antolatuko dute gunea. Bailarako ekitaldien agenda osatua jasoko dute, halaber. Iritzien atala indartzeko helburuarekin, berriz, kolaboratzaile batek webcam bidez iritzia emango du Goiena.net-en.

Goiena paperekoari edo aldizkariari dagokionez, diseinua aldatu egin dute, eta sail berriak sortu dituzte. Iritzi artikuluek indar handiagoa hartuko dute aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.