Mendia. Gasteizko III. Mendi zinemaldia

Irudia, hitza eta izarren dantza

Bide erdia osatu du Gasteizko Mendi zinemaldiak. Erhard Loretan eta Jezy Tezierrek beren lekukotza utzi dute, eta asteburuan Antoine Le Menestrelen kale ikuskizuna izango da Alde Zaharrean.

Hirietako eraikinetan eskalatuz dantza eta antzerkia uztartzen ditu Antoine Le Menestrelek. MENDI ZINEMALDIA.
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bide erdia egin du Mendik, Gasteizko III. nazioarteko mendi zinemaldiak, eta orain arteko ibilbideak erabat gogobete ditu antolatzaileak. «Aurreikuspenak gaindituta hasi ginen astelehenean; 500 ikusletik gora, aretoa gainezka eta jendea sartu ezinda», azaldu du Jabi Baraiazarrak, Mendi zinemaldiko zuzendariak. Gasteizko Europa jauregia mendiko koloreek jantzi dute egunotan, eta halaxe jarraituko dute asteartea bitartean. Hotz egiten duen arren, hiriko kaleetan ere bada zer ikusia, ordea: Alde Zaharrean antzerkia, dantza eta eskalada uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du Antoine Le Menestrelek, bihar eta etzi, 13:00etan. Performance berezia eraikinetako hormetatik abiatuko du.

Zinemaldia The Asgard Project filmarekin hasi zen, astelehenean. Irudi ikusgarriak ditu lanak, agertoki eta mendigune ederretan. Ikusleen artean aho batekoak izan ziren filmaren aldeko iritziak. Torelloko (Herrialde Katalanak) zinemaldian Urrezko Edelweis saria irabazi du berriki, eta iazko neguan estreinatu zutenetik parte hartu duen zinemaldi guztietan saritu dute. Leo Houlding eskalatzailea da filmeko protagonista, eta haren inguruan gorpuztutako istorioa kontatzen du; Baffineko Asgard mendiaren eskalada, eta hara joan aurretik munduko beste hainbat horma eta menditan egindako eskalada, jauzi eta bestelako jarduerak. Houldingekin batera aritutako Carlos Suarez izan zen hizlari, eta hark azaldu zituen filmaren nondik norakoak. «Houlding da filmeko izarra, bera da istorio honetako Beckham, eta gu, berriz…», hasi zuen azalpena; «zeu Iker Casillas, beti titular eta ezinbesteko», erantzun zioten aurkezleek.

Broad Peaketik Jannura

Jurek Poborski zuzendari poloniarraren Wielkie Wspinaczki filmak, berriz, herrialde hartako mendizaletasunaren berri ekarri zuen Gasteizera. Porebskik berak aurkeztu zuen saioa, eta Bernadette McDonald izan zuen aldamenean, Banff Film Festivaleko zuzendari ohi eta aurtengo Mendi zinemaldiko epaimahaiaren burua.

Zinemaldiaren lehenengo eguna lehiaketatik kanpoko Sokaz loturik filmak borobildu zuen. Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak osatu zuten Broad Peak mendiaren hiru gailurren zeharkaldia kontatzen du dokumentalak, eta Iñigo Erasok zuzendu du. Erasorekin batera, hiru mendizaleak izan ziren Gasteizen, eta lehen eskuko kontakizuna egin zieten aretoa bete zutenei. Mendi zinemaldiak nekez izan zezakeen estreinako egunbeteagorik.

Asteartekoa egun dotorea izan zen. Iazko Mendi zinemaldian film onenaren saria irabazi zuen Au-delà des cimes lanaren making of-a aurkeztu zuen Remy Tezierrek. Katerine Destivelle eskalatzailearen inguruko pelikula da, eta eskaladen grabaketa lanetan erabilitako tekniken berri eman zuen. Zuzendariaren agerpenak irudi bitxirik ere utzi zuen: iazko saria ospatzeko, txapela jantzita agertu zen ikusleen aurrera.

Erhard Loretanek hartu zuen ondoren hitza. Suitzarra itzal handiko mendizalea da, eta, besteak beste, hamalau zortzimilakoak igotzen hirugarren alpinista izan zen, Reinhold Messner eta Jerzy Kukuczkaren ondoren. Kangchenjungan bukatu zuen, 1995ean, hamahiru urte lehenago Nanga Parbaten hasitako ibilia. Estilo iraultzailea eraman zuen 80ko eta 90eko urteetan Himalayara, eta Gasteizera, berriz, Jannu mendiaren ipar hormako eskalada biltzen duen dokumentala ekarri du. Mendiari buruzko beste hainbat gairi buruz hitz egiteko tartea ere hartu zuen suitzarrak, eta hamalau zortzimilakoen bilduma izan zuen hizpide. Mihian herdoilik gabe hitz egin zuen: «Garai bateko esentzia galdu da zortzimilako mendietan. Egungo espedizioek ezaugarri komertzial hutsa dute, eta penagarria da hori. Alpinismoaren kultura galtzen ari da, etikarik ez duten espedizio komertzialen mesedetan».

Alpinismoaren etorkizuna, berriz, mendizale bakoitzaren «mentalitatean» kokatu zuen Loretanek, eta denborarekin egun pentsaezinak diren eskaladak osatuko direla ere aurreratu zuen. «Ni, nire aldetik, zorionekoa izan naiz berrogei urtez mendia pasioz bizi izan dudalako», gehitu zuen suitzarrak.

Karina Hollekinen 'miraria'

Zoriona, miraria, barne indarra. Hitz asko balia daitezke Karina Hollekin eskiatzaile eta abenturazalearen bilakaera azaltzeko. 2006ko abuztuan istripu larria izan zuen; Suitzan jauzi erakustaldi batean zela, paraxutak funtzionatu ez, eta orduko 100 kilometroko abiaduran jo zuen lurra. Kolpeak ez zien kalterik egin ezkaskezurrari ez bizkarrezurrari, baina eskuin zangoko femurra lau lekutan hautsi zuen, ezker zangoan 25 haustura izan zituen, eta hiru litro odol galdu zituen 45 minutuan. Bizirik atera zen, baina medikuek garbi esan zioten ez zela ibiltzeko gai izango.

Azken urteak ospitaletik ospitalera egin ditu, eta hogei ebakuntza egin dizkiote. Osatze bidean lan handiak egin ditu Hollekinek azken lau urtean, eta miraria zirudiena errealitate bihurtu du. Ibili ez ezik, eskiatu ere egiten du. «Zorionekoa naiz. Lau urteren ondoren ibiltzeko eta eskiatzeko gai izan naiz, eta ikusi dut gizakiaren mugak jakitea ezinezkoa dela», esan zuen Hollekinek Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.