Ezarian

Irudia mugimenduan

New York ezin konta ahala filmetako agertoki izan da. Irudiaren diziplina guztiek erabili dute era guztietako istorio eta abenturak kontatzeko. Orain, hiriak zinemaren historia hiritarrei eta bisitariei gerturatu nahi die Museum of Moving Image eraberrituarekin.

New York
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Urtarrilean zabaldu ditu berriro ateak Mugimenduan dagoen Irudiaren Museoak. New Yorkeko Queens auzoan, Astoria izeneko inguru ezagunean dago kokatua ia 9.000 metro karratu dituen eraikina. Thomas Leeser arkitekto alemaniarra arduratu da diseinuaz, eta zalantzarik gabe, sartu bezain pronto konturatzen da bisitaria 2001: A Space Odysey filmak eragina izan duela antolaketan. Akaso horregatik esango zuen Rochelle Slovin zuzendariak aurkezpen egunean «dagoeneko ez zaudete Astorian, filmeen mundu liluragarrien herrialdean zaudete».

XX. mende hasieran Londres eta Hollywooden artean zegoen Kaufman Astoria Studio film eta telebista ekoizpen etxe garrantzitsuena kokatua zegoen lekuan dago gaur egun museoa jarrita. Paramount Pictures ezaguneko buru izan ziren Adolph Zukor eta Jesse Laskyk abiatuta, filma ekoizpenen zentro izan zen 20ko hamarkadan. Filmen garai mututik soinurako saltoan, berriz, armadak hartu zuen lekua Bigarren Mundu Gerrarako entrenamendu filmak sortzeko. 1977an Astoria Motion Picture and Television Center Foundation sortu zen, eta urtebete geroago, The Wiz-en ekoizpenean parte hartu zuten.

Fundazioko kide zen Rochelle Slovinek proposatu zuen museoa zabaltzea, eta berehala hasiziren eraikina egokitzen etabilduma antolatzen. Gaur-gaurkoz, mugimenduan dagoen irudiaren diziplina guztiak —zinema, telebista, bideo jokoak, irudi digitalak— aztertzen dituen AEBetako museo bakarra da. Eta, aldi berean, mugimenduan dagoen irudiarekin lotutako objektuen bildumarik handiena gordetzen du bere barnean: 130.000 inguru.

Erabat zuri kolorea duen sarrera eta kafetegia utzi eta eskaileratatik gora igota, Behind the Screen (pantailaren atzean) museoko sailik interesgarrienetako bat aurki liteke. Film bat egiterakoan parte hartzen duten guztienzereginak argitu ostean, makillajearen garrantzia ikus liteke. Dustin Hoffman aktoreak Little Big Man filmerako egin zuen transformazioa adibiderako, edo Mrs Doubtfire pertsonaiari bizia emateko Robin Williamsek egindakoa.

Agertokien diseinua dator atzetik, eta The Silence of Lambs filmean erabilitako maketak, planoak, zirriborroak daude erakusgarri beste askoren artean. Filmetako jantzigintzari buruz hitz egin ostean, Fargo filmerako Carter Burwellek egindako musikaren antzekoak entzun litezke,edo industria honekin lotuta merkatura ateratako hainbat produktu ikusi: Shirley Templeren itxurako 1934. urteko panpina, edo Pinotxoren margotzeko liburua.

Soinuari eskainitako atalean, zenbait gune interaktiboren bidez, hainbat film bikoizteko aukera eskaintzen zaio bisitariari, edo efektu bereziekin jolas egiteko modua eman. Kamerek urteetan izandako aldaketak, telebista aparailuen garapena, argiztapena, soinu grabagailuak… apenas falta den ezer irudiaren museoan.

70eko hamarkadan, merkaturatu ziren lehendabiziko bideo jokoak nolakoak ziren ikusteaz gain, haietan jolas egiteko aukera ere badago; eta seguru, adin jakin batetik aurrerako bisitari askoren oroitzapenak mugiaraziko dituela sail horrek.

Hirugarren solairuan egin diote lekua bideo arteari, eta mugimenduan dagoen irudiaren garapen modernoenari. Bill Viola, Cao Fei eta antzeko sei artistaren lanak ikus litezke bertan.

Azkenik, aipatzekoak dira hainbat proiekziotarako eraikitako guneak: estetika galaktikoa duena da handiena, eta egunero ematen dute proiekzioren bat bertan. Baina, horretaz gain, beste hainbat gune ireki aurki litezke museoan barrena. Eseri, eta pantailan ematen ari direnarekin gozatzea bezalakorik ez dago irudiaren artearen inguruan zabalik dagoen museo modernoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.