Lucia Lahozek Erdi Aroko artea irakasten du, Salamancako Unibertsitatean, Espainian. La imagen de las excluidas en el arte hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Donostian, Baztertutakoen irudiak erakusketaren harira.
Emakumea sorkuntzaren alde ilunean ikusten zuen Erdi Aroko arte erlijiosoak. Zergatik?
Bestearen beldurra da, azken batean; bestearen aurrean norbere burua kokatzeko ezintasuna. Irudikatu erromanikoaren munduan, munduaren ikuskera fraideek eratzen zutenean, monasterioaren barruan itxirik. Noski, emakumea gaitz guztien iturria zen. Irudia diskurtso ideologikoan nola erabiltzen den ikusita, horretan, batzuetan, gizartearen errealitatea islatzen da. Gotikoan, esaterako, artea ez zen horren erlijiosoa, eta Kristina de Pisan idazlea goraipatzen badu ere, hura ere baztertu egin zuten. Sekulako prestakuntza zuen, baina ezin izan zuen inoiz klaserik eman Parisko Unibertsitatean.
Orduko gizarte osoaren ikuspegia ordezkatzen du horrek? Edo soilik Elizaren kontua zen?
Garai hartan, isiltasunaren ahotsa zen emakumeena. Emakumezkoak ez du ahotsik, ia; soilik oso kasu berezietan agertzen da haren iritzia. Beti dago senarraren, anaiaren edo aitaren menpe. Halere, badago beti erreginen edo aristokraten bat. Baina, noski, horiek ez dira baztertutakoak.
Nola uler daiteke Elizak emakumea gaizkiaren iturri gisa ikustea eta aldi berean ama birjinak gurtzea?
Funtsezko bi figura daude: Eba eta Maria. Elizaren diskurtso osoa bi figura horien bidez helarazten da. Horren barruan, noski, ñabardura asko daude. Erdi Aroan irudiek sekulako garrantzia zuten. Irudiek pentsatu egiten zuten eta irudietan pentsatzen zen. Geure garaia irudiaren aroa dela pentsatzeko joera dugu, baina Erdi Aroa ere irudiekin mugitzen zen.
Eta alde ilun horretatik munduko animaliarik eztabaidatuena bihurtu zen emakumea. Nola?
Erromanikoan emakumearen irudia guztiz txarra zen, baina hori aldatuz joan zen, Erdi Arotik atera gabe ere. Gotikoaren garaia, hiria eta gorteko maitasuna agertu izanak gauzak aldatu zituen. Protagonista batzuk agertu ziren. Baina, azkenean, emakumea begiradaren objektua izatera heldu zen. Baina hori askoz geroago heldu zen. Filipe II.ak emakume biluzien margoak zituen, baina bere erabilerarako zituen, eta beste inor gutxik ikus zitzakeen.
Horrek gaurkotasun handiko salaketa ematen du. Edo anakronismoa egingo luke antzekotasunak ikusten dituenak?
Interpretazio batzuek eragin handia izan dute, eta gertatu izan ez balira, ez zitzaigun interesgarria suertatuko emakumeak Erdi Aroan zuen irudia eta ez ginen honetaz hitz egiten arituko. Artista garaikide batzuek —Cindy Shermanek, esaterako— esnearen ama birjinak eta Erdi Aroko halako ereduak erabiltzen dituzte. Mugimendu feminista eta genero ikasketak garatu izan ez balira, ez genuen interesik izango gaur emakume baztertuetan. Noski, historia beti orainalditik idazten da, baina ezin dugu beste garai bateko gizartea ulertu gaurko hizkuntzarekin. «Historiako lehen feministak» esateak ez du zentzurik, adibidez, XII. mendeko emakumeez hitz egiteko. Halere, figura horiek ez ziren orain baliotsutzat hartuko, teoria feminista garatu izan ez balitz.
Lucia Lahoz. Artearen historialaria
«Irudiaren garaian bizi garela uste dugu, baina Erdi Aroa ere irudiekin mugitzen zen»
Eliza katolikoak artearen bidez emakumearen irudi txarra nola landu eta zabaldu zuen kontatuko du Salamancako Unibertsitateko irakasleak, anakronismorik gabe baina gaurkotasuna ukatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu