Iruñe zaharraren optika

Optikaria zen lanbidez Luis Rozaut iruindarra, baina argazkilaria afizioz, eta bere kamerarekin ateratako argazkiak bildu dituzte orain liburu batean. 1920ko hamarkadako Iruñea eta Nafarroa ageri dira irudietan.

Hiru ume, San Bartolomeko gotorlekuaren ondoan hizketan, atzean Telleria kaleko etxeak dituztela. LUIS ROZAUT.
Inigo Astiz
Iruñea
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Begia. Hori zuen lanbide Luis Rozautek (Iruñea, 1886; 1964), aitaren moduan, optikaria baitzen ofizioz. Begirada zuen, ordea, afizio, argazkilari ere izan baitzen. Haren argazkiak bildu dituzte orain Luis Rozaut, óptico de profesión... y cronista de la vida navarra a principios del siglo XX izeneko liburuan (Luis Rozaut, optikaria ofizioz... eta XX. mende hasierako Nafarroako bizitzaren kronista). 1920ko hamarkadako Iruñea eta Nafarroa ikus daitezke Rozauten argazkietan.

Ez ziren asko garai hartan argazkilari profesional izan gabe argazki kamera bat zuten iruindarrak, eta, horregatik, bakanak dira garai hartako argazkilaritzara zaletutakoen lekukotzak. Rouzautena da horietako bat. Dirudunen afiziotzat zituen horiek jendeak garai hartan. Gerora hartu dute balioa. Argazkilariaren seme Javier Rozautek azaldu duenez, 50 urtez egon dira maleta batean sartuta aitaren irudiak, eta lehenengoz argitaratu dira orain gehien-gehienak.

Aldatzen ari zen Iruñe bat ageri dute Rozauten argazkiek, trantsizio garaian harrapatu baitzuen hiria optikariaren objektiboak. Harresi artean bilduta egotetik zabalkunderako urratsean. Harriak altxatuta ageri dituzte, horregatik, Iruñeko kaleek Rouzauten argazkietako batzuetan; aitzur, idi eta gurdiekin. Berritze garaian erretratatu zituen San Ignazio eta Paulino Caballero kaleak, besteak beste. Baina lurrera bota berritan daude argazkietako beste zenbait gune; San Nikolaseko atea eta haren inguruko harresiak, kasu.

Zaharretik berrirako bidean harrapatu zuen Iruñea Rozautek, eta hiriko bi zezen-plazen argazkiak agertzen dute hori argien. Argi ikusten da haiei eskainitako argazkietan Iruñea aldaketaprozesu baten erdian zegoela. Askoren ustez nahita eragindako sute baten ondoren zezen-plaza zaharra nola botatzen zutenerretratatu zuen Rozautek, eta baita 1922an ireki zen berria—egungoa— nola eraikitzen zuten ere.

Iruñea, sanferminak eta Nafarroa. Hiru atal horiek ditu liburuak, eta hiru gai horien ingurukoak dira Rozauten argazkirik gehienak ere. Badira, ordea, erretratuen sail bat osatzeko beste pertsonaren argazki ere. Iruindarrak dira, optikariaren lagunak, senideak, lankideak... Eta badira, jendeen bizimodua eta hiriaren aldaketa azaltzen duten argazki horiez gain, garai hartako optikari baten ofizioaren nondik norakoak erakusten dituztenak ere. Rozaut bera ageri da zenbaitetan, bere tresna eta gailuekin, dendako bezeroen ikusmena neurtzen.

Entzierro trajedunak

1920ko hamarkadan oraindik hedatu gabe zegoen sanferminetan zuriz eta gorriz janztea. Trajea jantzita daude Rozautek entzierroan ateratako korrikalari gehienak. Harakin bat da zuriz korrika dabilen bakarra. Hori zen, izan ere, optikariaren festetako motiborik kutunena: goizeko seietan egin ohi zen zezenen aurreko korrikaldia. Baina festa giroari loturiko bestelako argazkiak ere badaude liburuan. Barrakak, harresi inguruetan jarri ohi ziren txurrogileak, buruhandiak, ganadu feria, zezenketak, Gazteluko Plazako argiztapen berezia...

Argazkizale izateaz gain, Rouzaut bazen arrantzale eta ehizazale ere, eta hiru afizioak batzen dituzte liburuan Nafarroa izeneko atalean bildutako argazkiek. Eskopeta, txakur eta ehizarako behar diren guztiak hartuta, Iruñetik Zangozara, Agoitzera eta Irunberrira zihoan Iratiko trena hartzen ageri dira haietako batean Rozaut eta lagunak. Kanpotik aterata dago argazki bat,eta barruan hartua da beste bat. XX. mende hasiera hartakoNafarroako gizartearen kronika bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.