Ikuslea harritzea». Hori da, Alexandra Baures komisarioaren hitzetan, «Harresi nomada» izeneko ekimenaren helburua. Hurbildu egin dituzte horretarako arte garaikidea eta Iruñeko harresiak. Harri artera eraman dute artea Iruñeko Udalak eta La Caracola elkarteak, eta hainbat artistaren lanak jarri dituzte ikusgai hiriaren defentsa sistema zaharrean. Ingurubideko pasealekuan, San Bartolome gotorlekuan eta Ziudadelan, adibidez. Azaldu dutenez, hiriari buruzko begirada berri bat bultzatu nahi dute antolatzaileek erakusketa horien bidez.
Iruindarrak ez dira ikusle soil izan, ordea. Parte hartzaile aktiboak ere izan dira. Haiek jarri dute Reciclantes artista taldeak Ingurubideko pasabideko artelanak egin ahal izateko lehengaia, adibidez. Birziklatutako materialarekin egiten dute lan gehien-gehienetan kolektibo horretako artistek, eta oraingoan hiritarrek emandako 200 maleta erabili dituzte. Pasabideko etxeen balkoietan jarri dituzte, bakoitzari nortasun propioa emanez.
Erratz baten gainean dago haietariko bat, esaterako, hegan doan sorgin bat balitz bezala. Balkoi horretara heldu arte egindako ibilbidea kontatzen du beste batek, eta urpean igeri egin ahal izateko betaurreko eta arnasteko tutua ditu soinean hirugarren batek. Badira, bizikleten pare, gurpilak dituztenak, iparrorratz bat ageri dutenak, barruak hustuta dituztenak eta ezkonberriak diruditenak.
«Ikusleak maletek egin duten bidaia birsortzea nahi dugu», azaltzen du Isabel Herreros Reciclantes taldeko kideak. «Maleten atzean egon daitekeen historia asmatzen saia daitezen nahi dugu». Beren bidaian geldialdi bat gehiago da Iruñeko balkoietakoa, gainera, Emausko Trapuketariei emango baitizkiete erakusketa bukatzen denean.
San Bartolome gotorlekuan daude Pascal Mirande artistaren argazkiak, harresien interpretazio zentroan, hain zuzen ere. Lau hormatako hirutan. «Metamorfosia» deitu du bilduma, eta hamasei piezaz dago osatuta. Paisaiak ageri dituzte gehienek, gizakiak sorturiko egurrezko egitura sinple batzuekin. Natura eta gizakiaren esku hartze minimoak. Zura pieza txikiz egindako eskultura txiki moduko batzuk.
Hondartza bat ikus daiteke beste argazki batzuetan, eta itsasontzi baten maketa bat: ur handietara heldu, ala hondartzan harrapatuta gelditu, borrokan. Harrizko tontor baten gainean ontzi bat ikus daiteke beste argazki batean. Formatu handikoak dira irudiak: 2x2 eta 3x3 metrokoak, eta gonbidapena egiten diote ikusleari gotorlekuari buelta osoa emateko.
Dantza eta proiekzioak
Harresietan ibiltzeko proposamena ere bada ekimena. Ibilaldia egin beharko du haietan bisitariak erakusketa batetik bestera joateko, eta, beraz, nahitaezkoa da bisita, kasik. Harresi artean baitoa, kasu honetan, artea.
Irailera arte izango dira Reciclantes taldearen eta Miranderen lanak harresietan. Eta ekintza gehiago ere izango dira ordura bitartean. Dantza eta proiekzioak batzen dituen perfomance bat egingo dute Laida Azkonak eta Veronica Eguarasek hilaren 19an, Jito Alai pilotalekuan. 26an, berriz, Kasia Ozga artistak instalazio bat irekiko du Ziudadelako babes erretenetan, eta performance bat ere antolatu du egun bererako. Ziudadelako sarrera nagusitik Gazteluko plazarainoko ibilaldia prestatu du. Aurrez jendeak erabilitako aterkiak banatuko dizkie bertaratzen direnei, eta horiekin eskutan hartuta egingo dute ibilaldia. «Aterki kolektiboen martxa» deitu du ekimena.
Irailaren 11ra arte ikusi ahal izango dira erakusketa guztiak.
Iruñeko harresiak bete arte
Beren obrak kalera eraman dituzte zenbait artista garaikidek Iruñean. Harresietan eta haren inguruetan jarri dituzte ikusgai, udalak antolaturiko 'Harresi nomada' izeneko ekimenaren barnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu