Bjork abeslariak eta, geroago, Sigur Ros taldeak piztu zuten munduaren jakinmina Islandiako musikaren inguruan. Atlantikoaren iparraldeko uharteak azken urteotan emandako ahotsik interesgarrienetako bat entzuteko aukera egongo da gaur Donostian. Abesteaz gain, Olof Arnaldsek hainbat musika tresna akustiko joko ditu.
Arnaldsen ahotsa «neskato baten eta andre zahar baten artean» dabilela esan du Bjorkek. Innundir Skinni bigarren diskoa argitaratu zuen iaz Arnaldsek, eta berak tresna gehienak jotzen baditu ere, hainbat musikariren laguntza izan du. Bjorkek esaterako, ahotsarekin lagundu dio.
Biolina eta kantagintza klasikoa ikasi zituen txikitan. Ondoren, konposizioa eta ikus-entzunezkoak Islandiako Arte Akademian. Soinua eta bideoa landu ditu, musikaz gain. New Yorken Eins og sagt er (Diotenez) dokumentala grabatu zuen 2005. urtean. Horretan, jatorri ezberdineko 17 pertsonek musikaz mintzo ziren euren ama-hizkuntzetan.
Musika klasikoa eta folka dira artistaren eragin nagusiak, halere ez du nahi bere musika folktzat hartzea, are gutxiago folk islandiartzat. Topiko horietatik ihes egiteko, bere bideotan «geiserrik ez» dela agertuko agindu du.
Biolina, biola, gitarra eta txarangoa hartuko ditu gaur, denboraz gaindiko ahotsa gainean jartzeko.
OLOF ARNALDS
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.
Islandiako ahots telurikoa
Olof Arnaldsek bere boza eta hainbat musika tresna taularatuko ditu gaur Donostian, islandieraz eta ingelesez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu