Urrats batzuk egitea aski da. Itsaslabar hegian dagoen harresi apal baten gainera igan, eta handik ageri da gero Santa Katalinako itsasargia, doi bat beherago. Ez zen nahasteko arriskurik. Santa Katalinako pasealekuari jarraikiz, hara baizik ez daiteke irits. Aipatu eraikin zaharra, XIV. mendeko baseliza bat da. Eta kanoi bidez defentsa egiteko gisako pareta bat dauka. Haatik, ez da itsasargira hurbiltzerik. Burdin sare batek inguratzen du, franko urrundik. Portalea irekiz gero, eskailera andana bat jaitsi eta itsasargiraino iristerik balegoke. Ezin da, ordea. Gaur egun, ez, hasteko. Hemendik hiruzpalau urteren buruan, ontsalaz, bai.
Lekeitioko Udalak Santa Katalinako itsasargia publikoari irekitzeko asmoa du. Miarritzekoaz gain, Euskal Herrian bisita daitekeen bigarren itsasargia izanen litzateke. Oraino obra anitz badute egiteko, baina iazko abenduan lan horien egiteko eta publikoari irekitzeko baimena eman zion Bilboko portuak. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, 168.000 euroko diru laguntza hitz eman du.
Presarik gabe egin nahi ditu lanak, Lekeitioko Udalak. Bi milioi euroko aurrekontua du. Proiektua «garrantzitsua» bada ere, ez daukala «lehentasuna» zehaztu zuten. Aurrekontua lau urtetan zehar banatuko dute, eta diru-laguntzen arabera jarraituko dituzte lanak. Hastapeneko xedea betez gero, 2010 bukaerarako amaituko lituzkete lanak. Turismoa oraindik gehiago garatzeko asmoz muntatu duten proiektua da. Horrez gain, Murueta ontziola zaharberritu nahi dute, baita mareekin funtzionatzen duen Marierrota errota ere.
AMILDEGIAREN ERDIAN. Nabigazioaren interpretazio zentroa ireki nahi dute itsasargiaren egoitzetan. Behin ateak publikoari irekiz gero, zerbait gehiago eskaintzeko xedea du. Nabigatzean zer sentitzen den sentiaraztea izanen da museo berri horren helburu nagusia. Herriko ikasleentzako bisita bereziak antolatu nahi dituzte, itsasoaren eta haren inguruaren alde desberdinak ezagut ditzaten. Itsas ondarearen interpretazio zentroa izateaz gain, itsasoko naturari buruzko gunea ere izanen da.
Eremu mugatua dute museo hori antolatzeko. Itsasargiaren dorrea bera, eraikin zuri baten goiko zatian dago. Eraikinak, orotara, 300 metro koadro dauzka, bi solairutan banaturik. Goiko solairuan dago makinen gela, bai eta itsasargizainaren bizitokia ere. Behereko solairuan beste apartamentu bat dago, itsasora buruz bista ederra duena.
Itsasoa bare eta urdin dagoenean, ikuspegi zoragarria izan daiteke. Kaioak airean, belaontziak itsasoan. Itsaslabarraren erdi-erdian eraikia da, ordea, arrokaz inguraturik. Eta itsasoa zakar dagoenean, ekaitzak jotzen duenean, uhinen ziliportak itsasargiraino ere heltzen dira, itsasargia 46 metroko goratasunean eraikia izanik ere.
Eraikina ez da ongi ageri Santa Katalina lurmuturretik beretik. Itsasoari zein loturik dagoen ikusteko, itsaslabarraren bazterretik igo behar da, bidexka bati segi. Belar eta landareen artetik, pixka bat igo ondoan, ikuspegi polita eskaintzen du itsasargiak. Eraikina ia osorik ageri da, dorrea gainean duela. Harri grisekin eraikia den dorrearen inguruan dozenaka kaio dabiltza airean.
HISTORIA LUZEA. Lasaitasun horretaz gozatzeko, itsasbazter ikusgarria gainez gain bisita daiteke, arrokak, amildegiak, zulopeak... Muino batera igo, eta handik bista zoragarria dago. Matxitxakoko lurmuturretik Donostiarainoko kosta ikus daiteke, zerua argi denean.
Lekeitiotik bertatik oinez joan daiteke. Ibilaldi polita eta atsegina izan daiteke. Lekuka, ordea, autoentzako bidea eta oinezkoena nahasten dira. Baina Udalak duen proiektuaren baitan, Santa Katalinara iristeko bidea hobetzeko xedea badago, baita gunea berrurbanizatzekoa ere.
Guneak zer itxura hartuko duen eta zenbat lagun erakarriko duen jakin bitartean, lasaitasun hartaz goza daiteke. Eta arrokei begira, milaka urteko jauzia egin daiteke, gibelera. Han nonbait dago Santa Katalinako kobazuloa. Historiaurrean, molusku biltzaileen gunea izan zen. 1960an Joxe Miel Barandiaranek aurkitu zuen aztarnategi hura. Publikoa ez daiteke haitzulora joan, oraino ere ikertzen ari baitira.
Historia luzeko herria da Lekeitio, kobazulo hori lekuko. Kristo Aitzin 11.000 urte lehenago, talde ttipi ibiltariak ziren Lekeitio izanen zen guneko biztanleak. Itsasoa elikagai iturri garrantzitsua zen ordutik. Eta ondoko mendeetan ere hala izan zen. Arrantza eta nabigazioa izan ziren Lekeitioko ekonomiaren oinarria. Arrantzaz gain, arrantzaren inguruko beste hainbat aktibitate ere garatu ziren, amu-egileak, itsas zurginak, saregileak eta abar. 1900 arte, Bizkaiko bigarren arrantza portua izan zen, Bermeoren ondotik. XX mendean, ordea, Ondarroa nagusitu zitzaion. Baina Ondarroako arrantzaleentzat ere ezinbestekoa da Lekeitioko itsasargiaren distira.
FITxa
Faroa: Santa Katalinako faroa.
Herria: Lekeitio.
Koordenadak: 43&fraq14;22'38'', -2&fraq14;30'36''
Argi mota: Lau segundotik behin distiratzen duen argi zuria.
Argiaren helmena: 13 milia (20,9 km)
Eraikitze urtea: 1862.
Ez da bisitatzen.
Zumaiatik Elantxobera
e. bidegain
Kosta zaila dute Gipuzkoak eta Bizkaiak, arrantzale eta marinelentzat. Ibilbidea are ederragoa. Zumaiatik Elantxoberainoko bidean bada zer ikus, bada begiak non goza. Ibilbide horretan, itsasargiak ez dira eskas. Batzuk faroak dira, beste batzuk argi finkoak. Zumaian 16 miliako (25,7 km) helmena duen faroa dago. Mutrikuko portura heltzeko, aldiz, argi finkoak daude. Bi argi, gorriak, lerrokaturik daude, porturako sarbidea markatzeko. Beste argi berde bat ere badauka.
Ondarroak badauka faroa, dike baten puntan. Zortzi segundotik behin hiru dirdira zuri botatzen ditu. 11 milia (17,7 km) urrunago ikus daiteke. Beste faro txiki bat badago Arrigorri puntan. Sei segundotik behin bi argi gorrik distiratzen dute, 7 miliako (11,3 km) helmenarekin. Barneko portuan beste argi finko batzuk badaude.
Lekeitioko portuak, Santa Katalinako itsasargiaz aparte, argi finko batzuk badauzka, itsasontziak gidatu ahal izateko. Ekialderago, Matxitxakoko bidean, Elantxobe dago. Han beste bi argi finko daude, gorria eta zuria. Gorriak gune arriskutsua adierazten du. Lekeitiora joanez gero, hutsegitea pena litzatekeen herrixka.