Itzali aurretik, azken jaia

Suhiltzaileek San Joan Jainkoarenaren eguna ospatu dute, euren santu eguna. Bilbon, agur esan diote Garellanoko parkeari: Miribillakoak hartuko du lekukoa.

Bilbo
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Egun berezia zen atzokoa suhiltzaileentzat. Martxoaren 8a, emakumeen eguna izateaz gain, San Joan Jainkoarenarena ere bada; suhiltzaileen patroiaren eguna, alegia. Bilboko kasuan, Athleticekin ere partekatu behar izan zuten protagonismoa. Hala ere, suhiltzaileen ospakizunek xarma berezia izan zuten Bizkaiko hiriburuan. Izan ere, urteroko jaia azkeneko aldiz ospatu zuten Garellanoko parkean, Miribillan lan egiten hasiko baitira hurrengo asteetan.

Bilboko Suhiltzaileak Kirol Kultur Taldeko presidente Txus Romerok azaldu duenez, eguneko egitaraua 09:00etan hasi zuten, futbol partida jokatzen. «Parkean sei lan txanda ditugu, eta txanda bakoitietan dabiltzanak txanda bikoitietakoen kontra jokatu dute. Aurten bakoitikoek irabazi dute». Horren ostean, kamioien karrusela egin zuten hirian zehar. «Ilaran jarrita Kale Nagusitik eta udaletxeko aldetik pasatu gara, sirenei eraginez, gaur gure patroiaren eguna delako». Suhiltzaileen lana erakusteko modu bat da: «Jendeak suhiltzaileok dauzkagun ekipoak ikus ditzala nahi dugu. Noizean behin, behar-beharrezkoa ez denean zarata apur bat egitea ere ondo dago». Eguerdian mezaren ordua izan zen, eta, azkenik, aurten erretiroa hartu duten suhiltzaileei omenaldia egin zieten. Haien ohoretan aurreskua dantzatu zuten, eta oroigarriak eman zizkieten.

Jose Luis Navalpotro da omendu zituzten suhiltzaileetako bat. 28 urte egin ditu Navalpotrok Bilboko parkean lanean. Ekitaldia denbora luze horretan egindako beharraren «aitorpena» dela esan zuen. «Horrelako ekitaldiak eskertzekoak dira, gogoratzen zaituztela badakizulako. Erakusten dizu egin duzun guztiak zerbaiterako balio izan duela». Azpimarratu zuenez, urteroko jaia parada ona da lankide ohiekin elkartzeko: «Oso pozik nago kideekin egoteaz. Aurreko urteetan erretiroa hartu dutenak ere badatoz». Ez dio penarik ematen Miribillako parke berria ez ezagutzeak. «Aurreko parkea ikusi nuen, hau ikusi dut, eta gauzak datozen moduan datoz. Miribillakoa ere ikusiko dut, lankideak bisitatzera joango naizelako, Deustuan egin dudan bezalaxe».

Donostia eta Iruñean ere ekitaldiak

Izan ere, Deustuko zubiaren sotoetan parke txiki bat ireki berri dute, Miribillakoaren osagarri izango dena. Bilboko alkate Iñaki Azkunak azaldu zuen lekualdatzea nola egingo den eta Garellanoko orubearekin zer egingo duten: «Zuzendaritza Miribillara joan da dagoeneko. Gutxika suhiltzaileak ere joango dira, eta horren ostean udaltzaingoa joango da. Gero, Bilbao Ria 2000ren eskuetan utziko dugu Garellano, hiriko zati honetan etxebizitzak egin ditzaten».

Donostian ere suhiltzaileek parke berrirako lekualdaketa egin berri dute, eta, horren ondorioz, aurten ez dute egin ate irekien jardunaldia. Hala, bi ekitaldik hezurmamitu dute egitaraua: alde batetik, hildako suhiltzaileen omenezko monolitoa aurkeztu zuten parke berrian eta, bestetik, Ama-Haurrentzako Ospitalera bisita egin dute.

Iruñean, berriz, 2011n erretiroa hartu edo zendu ziren zazpi suhiltzaile profesionalak omendu dituzte, eta erretiroa hartu zuten borondatezko hamalau suhiltzaileei ere merezitako aitorpena eman diete. Nafarroako gobernuko presidenteorde Roberto Jimenezek «suhiltzaileen eguneroko jardunak duen garrantzia» gogoratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.