Gidari maitea, etzi, ostirala, auto propio eta transferiezina hartzeko asmoa baduzu kaskoan, Bilboko kaleetan barrena galtzeko, bazter utzi, lehenbailehen, ideia hori, eta entzun, arren, ematen dizkizugun aholkutxo hauek: ahal dela, oinez egin ibili beharreko bidea, nahiz Otxarkoagan bizi eta Arangoitin egin behar. Beste aukerarik ez balego, metroa hartu, autobusak, tranbiak, taxiak ez baitira ohiko lekuetan geldituko. Eta, besteren gainetik, hartu pazientzia, zaku bete, bilduko duzun haserrealdia berdintzeko beste. Aztoramendua eragingo du hirian Espainiako txirrindulari itzuliaren etorrerak.
Horraino ETBko informatiboetako kazetariak eman duen notiziaren norainokoa. Hortik aurrera, deus ere ez, Espainiako itzuliak Euskal Herriko lurrak zapalduko dituela-eta eragin dituen bestelako aztoramenduez, batzuengan eragin duen durduzaz eta dardaraz —bide batez, ez dut gogoratzen Frantziako itzulia Euskal Herrik igarotzen denero kalapita berezirik sortzen denik—. Deus ere ez, bestalde, ebentoak Iñaki Azkunarengan sortu duen berebiziko bozkarioaz. Ez zen momentua, akaso.
Baina ETBko albistegiek gizartea informatzeko duten borondate fermuaz zalantzarik egin ez dezagun, beste adibide bat. Ezjakinak gu, zintzo esplikatzen digute flash mob bat zer den, misterio ukitu eta guzti. Jendea elkartu eta gauza bera egiten hasten denean, dantzan, kantatzen edo dena delakoan, flash mob esaten zaio horri. Ados. Nazioarteko aditu baten, flash mob-en ugaritzearen erruduna denaren hitzak gero, Bilbon izango dela iragarriz. Esperimentu bat egingo du, jendeak irribarre egiteko helburu bakarrarekin.
Tira, ulergarria izan daiteke, nazioarteko adituaren harira, flash mob bat zer den azaldu nahi izatea, gurean aurretik sekula egin izan ez balira bezala. Ulergarria izan daiteke kazetariek Zubieta ez ezagutzea, bertan martxoan errauste plantaren aurka egin zen flash mob-a. Ulergarria da errauste planten aurkako mugimendu bat denik ere ez jakitea. Baina, bizitzaren paradoxak, albistegi berean, flash mob-en kontua iragarri ondorenean, errauste plantaren aurkako taldeen protesta ekintza baten berri eman zuten. Irribarrerik gabe oraingoan, serio demonio.
Memoria galerak, oker txiki garrantzi gabeak, noski, baina kazetari jardunaren berri garbi ematen dutenak.
Komunikazioa. Ekografiak
Itzuli bat Espainiatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu