Guatemalako inguru malkartsuan bizi den komunitatea da ixilena. Nebaj, Chajul eta San Juan Cotzal taldeek osatzen dute, eta duela 2.000 urtetik bizi dira han. Hango familiek ahalegin handia egin behar dute egunerokoari aurre egiteko, eta emakumeak dira ahalegin horren isla. Okendo kultur etxeak emakume ixilen egoera zabaldu nahi izan du, eta haien inguruko erakusketa bat prestatu du.
Emakume horien bizimodu latza eta egunerokoaren inguruko irudiak jasotzen du erakusketak. Mugen Gainetik elkarteak eta Donostiako Udalak antolatu dute bilduma, eta, errealitate bat ezagutzeaz gain, «berdintasunaren inguruan» mezu bat zabaltzea izan da helburua.
Herri indigena guztiak bezala, azkarregi garatzen ari den mundu bati egokitzen ari dira ixilak. Hala, hezkuntzaren ikuspegitik aztertu nahi izan dute gaia, eta emaitza emakume ixilen alfabetizazio eta berdintasun proiektu baten irudi bilduma bat izan da.
Erakusketa ez ezik, gaiaren inguruko dokumental baten emanaldia eta hitzaldi bat ere antolatu dute irailaren 29rako: Ixil emakumeak egiten ari diren saiakeraz genero berdintasun alorrean. Hizlaria Ileana Brito Asaunixil elkarteko arduraduna izango da.
'IXIL EMAKUMEAK'
Non. Donostiako Okendo kultur etxean.
Noiz. Urriaren 14a arte.
Ordutegia. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.
Ixil emakumeen begirada
Guatemalako ixil emakumeei buruzkoa da Donostiako Okendo kultur etxean zabaldu duten erakusketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu