Mundu berrien zurrunbiloan gabiltzala etengabe, nolaz ez zeruari begira egon autobus baten mailako satelite amerikar bat eroriko zaigun unean? Italia iparralderako omen da, NASAkoek diotela. Ai, Amerika zorigaitzezkoa beltz pobreentzat! Troy Davisen heriotzak asteazken honetan mindu gaitu. Talioiaren Lege basatia nagusi, han, une askotan bezala, eta berriro «indarra piztien zuzena» dela ihardesten ahal diegu. Death row horretako azken urrats horiek min egin diote mundu guziari, noiz arte hori guzia? Noiz arte ere gaur Nazio Batuen Erakundean gertatzen dena Palestina zorigaiztokoari? Alanbre kontra jarri haurren begitarte tristeak nabari dira hor.
Ez dira horiek alegrantziazko koplak, eta begira diezaiogun Irisarriko gaurko ikuskizunari. Autore bat, poeta bat, mundu guztiari mintzo dena sentiarazi nahi digute. Iurretako aurkalariak bere kartzelako itzaletarik deiadar bat helarazi zion euskal jendarteari: hor dago oraindik. «Barrote eta harresiak denak erortzea» nahi zuen bere bozeramaile jarri zuen «euskal preso baten bost urteko semeak». Sarrik jarri literaturaren bideak mundu guziak deitzen ditu, exilioa bidaiaren etapa bilakatuz, bidaia besteen ezagupenaren aitzaki, ezagupena jakintzaren urrats. Deiadar horren plazara deitzeko garaia oraindik eta betirako hor dela aldarrikatzen du. Memoria minbera eta zauritua izan arren, handien eta bankuen norabideak elkartasunaren aurkakoak izan arren, hitzek biziaren dantzara deitzen gaituzte.
Maratila
Izarlokatik berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu