Bermeoko (Bizkaia) Madalena jaiak senidetasunari eskainita daude urte luzeetatik hona. Izaro uhartea bereganatu zutenetik, Elantxobe eta Mundaka alboko herriekin harremanak estutzen dituzte urtetik urtera. Egun handia izango da gaurkoa bermeotarrentzat, eta euren jai egun berezia partekatuko dute. Festa luzea izango da, gainera, goizean goizetik hasi eta iluntzera arte.
Madalena egunez, bermeotarrek euren mugak noraino iristen diren oroitaraziko dute, Izaro uhartearen jabetza aldarrikatzeko. Aspaldiko ohitura da; 1641. urtekoa da tradizio horren lehen erreferentzia idatzia, Henao apaizak utzitakoa, hain zuzen ere. Garai hartan, bermeotarrak uhartera joaten ziren. Frantziskotarren komentuan meza entzun, bazkaldu eta herrira itzuliz ospatzen zuten egun berezi hori.
Garaiak aldatu diren heinean, festak ere haiekin batera garatu dira. Egun, komenturik ez dago Izaroko irlan. Bestalde, festa inguruko herrietara zabaltzen da. Usadioa aldatu bada ere, funtsean mugak aldarrikatzen jarraitzen dute bermeotarrek egun horretan. Goizean, herrian zehar goiz eresia izango da, eta, ondoren, prozesioa. Portutik itsasontzi andana aterako da uhartera bidean, eta, behin Izaro parera iritsita, ikurrin bat jarriko dute uhartearen tontorrean, Bermeoko lurrak direla gogorarazteko. Baina ez hori bakarrik, itsasontzi prozesioa uharte parean geldi dagoela, Idurre Bidaguren alkateak (Bildu), teila bat eskutan hartu, eta itsasora jaurtiko du, «honaino heltzen dira Bermeoko itxuginak» esan ostean. Aurten, bigarrenez botako du teila Bidagurenek.
Elantxobe eta Mundakara
Ordurako jaia hasita egongo den arren, une horretan berotuko dira bermeotarrak. Elantxobera joango dira jarraian, eta, han, Alkartasuna dantza taldeko dantzariek ohorezko aurreskua dantzatuko diete Bermeo, Elantxobe eta Mundakako alkateei. Kalejira, dantzaldiak, bazkaria eta giro ederra izango dira plazan. Jaiak arratsalde erdira arte jarraituko du Elantxoben, eta, ondoren, Mundakara bidean jarriko dira bermeotarrak.
Behin Mundakara iritsita eta ongietorria jasota, berriz ere Bermeora itzuliko da itsasontzien prozesioa. Udaletxeraino kalejiran joango dira bermeotarrak fanfarrearekin, eta Sabino Arana plazan aurreskuak dantzatuko dituzte.
Eguna, ordea, ez da hor amaituko, goizaldera arte parranda egiteko aukera izango baitute festazaleek. Lamera kioskoan jarriko duten diskotekaren doinuek lagunduko die hurrengo egunera arte.
Jaiak. Bermeo
Izaroren jabetza aldarrikatzera
Izaro uhartera teila bat bota eta gero, Elantxobe eta Mundakara joango dira bermeotarrak, senidetasuna indartzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu