Izotzetako itsasbidea, zabalik

Hego Koreatik abiatu eta Rotterdameraino Artikotik iristea lortu dute bi kargaontzik, izotz-hausleen laguntzarik gabe. Ipar-ekialdeko Pasabidea ireki dio klima aldaketak merkataritzari.

Irune Lasa.
Donostia
2009ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ez zegoen ia izotzik bidearen zati handienean. Orain hogei urte Artikoaren ekialdean lan egindakoa naiz ni, eta ezingo nukeen halakorik imajinatu». Beluga foresight ontziko kapitaina, Valeri Durov errusiarra, harrituta zegoen, eta harro aldi berean: «Uste dut laster posible izango dela Ipar-ekialdeko Pasabidea ia urte osoan zabalik egotea. Guk izotza hausteko bi ontzi izan genituen bidaide, baina konpondu ginen haien esku-hartzerik gabe. Hori albiste handia da gure industriarentzat».

Beluga Foresight-ek berak eta BelugaFraternity ontziak orain arte kargaontzientzat ezinezkoa zena lortu dute: Asiatik Europarako itsas bidaia guztia Artikotik egitea Hego Koreatik abiatuta Rotterdameraino, izotz-hausleen laguntzarik gabe.

Alemaniako Beluga konpainiarenak biak, ontziak uztailaren amaieran abiatu ziren Hego Koreatik, Ulsan badiatik. Vladivostoken elkartu ziren, eta abuztuaren 31n jada Artikoko uretan ziren. Orduan, izotza hausteko bi ontzibatu zitzaizkien. Irailaren 7an iritsi ziren Siberiako kostaldeko Novy Portera. Fraternity-k, karga utzi ostean, Rotterdamerako bidea hartu zuen zuzenean. Foresight-ek, berriz, Arkhangelsken geldialdia egin zuen, eta gero bera ere Rotterdamera abiatu zen. Irailaren 19an iritsi zen. Bien artean, 200 tonako 44 kontainer garraiatu zituzten, besteak beste, Siberian eraikitzen ari diren gas zentral baterako materialarekin.

Dena den, bidaiaren plangintza luzea izan zen, eta izotza baino Errusiako burokrazia zailtasun handiagoa izan zen. Hala aitortu du Beluga konpainiak. «Apirilean eskatu genien Errusiako agintariei Ipar-ekialdeko Pasabidea igarotzeko baimena. Eta baiezkoa abuztuaren 21ean iritsi zen, Errusiako Nekazaritza Ministerioak, Defentsa Ministerioak eta zerbitzu sekretuek ehunka agiri egiaztatu ondoren».

Hori da etorkizunean merkataritzarako Ipar-ekialdeko Pasabideak izan dezakeen desabantaila handiena, Errusiak ezarrita daukan burokrazia. Beste baldintza batzuk ere jartzen dituzte. Pasabidean ibiltzeko, kargaontziek ia derrigorrezko dute izotz-hausleekin joatea, edo, bestela, krosko berezia behar dute.

Baina pasabidea zabalik egoteak baditu beste abantaila batzuk ontzi konpainientzat. Artikotik joanda, bidaia Suezko kanaletik joanda baino laurden bat laburrragoa da. Eta, gainera, ez dago piratarik.

Bestalde, itsasbidea zabaltzeak -Beluga konpainia ari da 2010eko udarako bidaiak prestatzen- Siberiako kostaldea biziberritu dezake, Gerra Hotzak behartuta sobietarrek ezinbestean ibilitako hainbat portu gaur egun itxita eta utzita daude eta. Siberiako baliabide naturalentzat aterabide berria ere izango litzateke.

Eta abantailak ez lirateke bakarrik Errusiarentzat. Txinak ere interes berezia izan dezake pasabide honetan, Txinako Itsasoko arazo geopolitikoak eta piratak saihesteko aukera emango liokeelako. Eta ez horiek bakarrik. Izango du eraginik Artikoaren eta hango aberastasunen inguruan hainbat herrialdek erakutsitako asmoetan ere.

Arriskuak

Artikoko uretan kargaontzien zirkulazioa zabaltzeak izan dezake arrisku bat ere. Per Stig Moeller Danimarkako Atzerri ministroak iragarritakoa: «Urte gutxi baino lehen Exxon Valdez-ena bezalako petrolio isuri bat izan dezakegu Artikoko uretan. Prestatu egin beharko dugu horretarako».

Bestalde, zalantzarik gabe, Artikoko izotzak atzera zenbat egin duen erakusten du bi kargaontzi alemaniarren lorpenak. Aurtengo uda inoizko beroenetako bat izan da, hirugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.