«Unibertsitate herritar, nazionala eta euskaldun baten aldeko borroka» lau haizeetara zabaltzeko asmoz, Arabatakada jaialdia antolatu dute, bederatzigarren urtez, Arabako unibertsitate ikasleek. Ostiralean egingo dute jaia, egun osoz, Gasteizko Mendizabalako zelaietan, eta, tartean, euskal taldeen kontzertu sorta handia izango da 17:00etatik aurrera. Gose, Hesian, Betagarri, Kaotiko, EH Sukarra taldeen kontzertuaz eta Tximeleta taldearen erromeriaz gozatzeko aukera izango dute ikasleek. Horiekin batera, aurtengo maketa lehiaketaren irabazleak ere joko du: Anai-arrebak taldeak. Kontzertuek goizaldera arte iraungo dute, baina egun osoan egongo da zerekin gozatu.
10:30ean hasiko da festa, campusean bertan, ikasleen arteko olinpiar jokoekin. Azken urteotan arrakasta itzela lortu du ekitaldi horrek, eta aurten berriro antolatzea erabaki dute, Ioritz Iparragirre jaialdiaren antolatzaileetako batek azaldu duenez. Gasteizko campuseko ikasleek dute olinpiar jokoetan parte hartzeko aukera. Hamar edo hamabi kidek osatutako taldeetan esku hartu dezakete, betiere neska eta mutilez osatuta badago. Izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta antolatzaileek iazko marka berdintzea espero dute (140 lagunek eman zuten izena).
Behin olinpiar jokoak amaituta, kalejira abiatuko da fakultate gunetik Mendizabalako zelaietara, han egingo baitira ekitaldi nagusiak. Herri bazkaria egingo dute bertan, eta bertso-hop emanaldia eskainiko dute segidan Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Ander Solozabal eta Iker Pastor bertsolariek. Hortaz, ikasturtea bukatzen ari den garai honetan, gozatzeko aukera ez zaie faltako Euskal Herriko ikasleei.
Muntaketa, azken txanpan
Jaialdiaren gunea muntatzeko lanei ekin diete dagoeneko: atzo hasi ziren karpa jartzen eta eremua hesitzen, eta laster hasiko dira txosnak eta agertokia altxatzen. Enpresa bat ari da lan horiek egiten, baina Arabako campuseko ikasleak ere laguntzen ari dira, goiz eta arratsaldez. Gauez, gainera, gunea zaintzen ibiliko dira zenbait ikasle, txandaka.
Urterik urte jaialdia asko aldatu da, batez ere tamaina aldetik. Hasierako urtean Arabako campusean bertan egiten zuten, bertako ikasleentzat bereziki. Baina aise lortu zuen arrakasta jaialdiak, aurreikuspen guztiak gaindituta, eta horrek jaialdiari beste izaera bat ematera eraman zituen antolatzaileak: lekua aldatu zuten orduan, eta Mendizabalako gunera joan ziren. Oihartzunari aurre egiteko, hainbat neurrihartuz joan dira, eskaintza handituz eta jaialdia, oro har, hobetuz.
Ordea, jatorrizko «filosofia» ez dute aldatu, eta urte osoko aldarrikapenak jaialdi batean isla izateko asmoari eutsi diotela azaldu du Iparragirrek: «Klasez klase, fakultatez fakultate, herri eta jendarte honek behar duen unibertsitate eredua sortzen ari gara: herritarra, nazionala eta euskalduna. Eta horren alde egin du jaialdiak hasieratik».
Izan ere, egungo unibertsitatea «irauli» eta «erraietatik» berri bat eraikitzeko aldarria zabaldu nahi dute ostiraleko jaialdiarekin. Horretarako, Euskal Herriak euskal unibertsitatea leloa ozen entzunarazi nahi dute aurten. «Unibertsitatea dugu edozein herriren zutaberik garrantzitsuenetako bat, beraz, hura herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko erabili behar da». Mezu hori Mendizabalara joaten den jende andanari iristea nahi dute antolatzaileek, festa giroa eta aldarrikapena uztartzea badagoela iritzita: «Datorrenak gozatu egin behar du, baina ahaztu gabe Arabatakadaren ariman aldarrikapena dagoela».
Urtez urte gero eta gehiago dira Mendizabalako jaialdira hurbiltzen direnak: hasiera batean Arabako campuseko ikasleak baino ez ziren joaten, baina azken urteotan Euskal Herri osoko gazteak erakartzea lortu dute. Joan den urtean bederatzi mila lagun inguru bildu ziren, eta aurten ere marka hori gainditzea espero dute.
Antolatzaileek diotenez, azken egunetan erritmo bizia hartu dute sarreren salmentek, eta ostirala hurbiltzen doan heinean, gero eta zailagoa izaten ari da sarreraren bat topatzea. Hala ere, oraindik bada aukera txartela aurrez eskuratzeko. Bi bide daude horretarako: batetik, ArabakocampusekoFilologia eta Irakasletza fakultateetan, eta Gasteizko Aranba, Garraxi, Tuki eta Izargorri tabernetan, eta, bestetik, www.arabatakada.org atarian—kontzertuetarako txartelak soili —.
Txarteldegian ere izango da sarrerak erosteko aukera egongo da ostiralean bertan, 10:00etatik16:00etara. Aldez aurretik 8 euroan eros daiteke, eta txarteldegian bertan, 12 euroan.
Jai giroa eta aldarrikapena uztartuko ditu ostiralean Arabatakada jaialdiak
Hesian, Betagarri, Gose, Kaotiko eta EH Sukarra taldeek joko dute Gasteizko Mendizabalan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu