Bilboko Aste Nagusia

Jaia, «eskua elkarri luzatuz»

Giro ederrean hasi da Bilboko Aste Nagusia, eta aurreiritziak alde batera utzi eta denen artean festa egiteko deia egin duteEraso sexisten aurkako deia eta Kukutzaren aldeko aldarrikapena egin du pregoilariak

Marijaiak esku zabalik hartuko ditu datozen bederatzi egunetan festazaleak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
«Patri faborez piztu txupina / Festetan murgil gaitezen!», kantatu zuen Kirmen Uribe aurtengo pregoilariak, eta Bilbon festa lehertu zen Patricia Lezama txupineraren eskutik. Marijaia eskuak goran zituela irten zen ondotik Arriagako balkoira, eta gisa horretan ibiliko da hara eta hona datozen bederatzi egunetan Bilboko kaleetan.

Ez zituen Marijaiak bakarrik altxatu eskuak gora, ordea. Arriagako plazan eta inguruetan, milaka herritar zeuden txupinaren zain. Gutxi batzuk, egindako eskaerei muzin egin, eta elkarri txanpaina eta irina botatzen aritu ziren beroari aurre egiteko edo. Gainerakoak, festa giro jatorrean, jaien hasiera noiz iritsiko kantuan eta dantzan aritu ziren.

Bien bitartean, antzoki barruan bestelako giroa zegoen. Kanpoan bezala, bertan ere beroa nagusitu zen, eta harekin batera baita abanikoak ere. Jaiei hasiera ofiziala emateko, Isidro Elezgarai iazko pregoilariak Uriberi eman zion kargua, Aratz Irazabalek Lezamari eskaini zion bezalaxe.

Pregoian, aldarrikapen ugari

Aurtengo jaietako ohorezko herritarra izendatu zuten martxoan zendu zen Juan Carlos Eguillor ilustratzaile, marrazkilari eta grabatzailea. Donostian jaio zen, «baina kasualitatea izan zen, gurasoak han zeudelako», esan zuen Carmen Eguillorrek, marrazkilariaren arrebak. «Juan Carlosentzat sari hau jasotzea ohore handia izango zen», gaineratu zuen. Marrazkilariak berak egin zuen Aste Nagusiko lehendabiziko kartel ofiziala, baita zapia bera ere. Hori dela eta, omenaldiaren ondoren, hark diseinatutako zapia jarri zuten lepoan hainbat udal ordezkari, konpartsero eta bertan bildutakoek. Gainerakoek Bilboko baldosa duen zapia jantzi zuten.

Egun da Santimamiñe kantuaren doinuarekin bota zuen pregoia euskaraz Uribek, eta bere kargua euskal idazle guztiekin partekatu zuen. Hainbat mezu bidali zituen ondarruarrak pregoian; egungo egoera politikoa, esaterako. «Bizikidetza erro dezagun / Entzunez batak bestea». Azken hilabeteetan Bilbon zeresan ugari ematen ari den arazo bat ere gogora ekarri zuen: «Irtenbideak aztertu eta / Salba dezagun Kukutza». Eraso sexistak gaitzat hartuta, honela kantatu zuen pregoilariak: «Ezetza ezetza da, primo / New Yorken ere lo mismo / Inguratzean artez ligatu / Erasoei aurka irmo». Euskaraz kantatu zituen bertso horiek Gabriel Aresti olerkariari eskaini zizkion, eta gaztelaniaz errezitatu zuen olerkia, berriz, Blas de Oterori.

Aste Nagusiko kantuaren doinuan egin zuen Marijaiak lehendabiziko dantza bilbotarren aurrean. Ondotik, kalera jaitsi eta txosnak irekitzera joan zen urteroko legez. Hala ere, ibilbide luzea izango du oraindik datozen bederatzi egunetan, jaietako hainbat txokotan egon beharko baitu aurten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.