Bilboko Aste Nagusia

Jaiak girotzeko akordeak

Public Enemy Amerikako Estatu Batuetako rap taldearen emanaldi borobilarekin estreinatu dute Karola guneko agerlekuaDatozen egunetan musika eskaintza zabala egongo da hiriko txoko guztietan

Public Enemy taldeak jendetza batu zuen Karola gunean, astelehenean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
«Bilboko jaietan izan ginen atzo [igande] gauean, eta sekulako giroa ikusi genuen: jendea mozkortuta, ongi pasatzen eta denak bakean». Flavor Flav-ek, Public Enemy rap taldeko abeslariak, behin eta berriro errepikatu zuen ideia hori astelehenean emandako kontzertuan. Bilboko jaietako giroarekin harrituta geratu ziren estatubatuarrak, eta agertokira dena emateko gogotsu irten ziren. Baita eman ere. Ordu eta erdi luze iraun zuen emanaldiak, eta ez ziren une batez ere isildu. Agertokiko bazter guztiak zapaldu zituzten, eta ikusleek entzun nahi zituzten kantuak jo zituzten: Fight the power, Don't believe the hipe, Bring tha noize, She watch channel zero?! eta beste. Milaka ikuslebildu ziren Karola gunean, eta gogotik eskertu eta dantzatu zituzten doinu horiek. Aste Nagusian, kontzertu ugari egongo dira.

Aurten, lehenbizikoz eraman ditu udalak egitarau ofizialeko kontzertuak Karolara, eta emanaldiak ere urritu egin dira. Astelehenekoa izan zen lehendabizikoa, eta Botika Zaharrean baino jende gutxiago sartzen bada ere, ez zen inolako arazorik egon. Public Enemyrena da bertan egongo den emanaldirik garrantzitsuena taldearen sonaren arabera. Izan ere, gaurtik aurrera talde apalagoak egongo dira. Besteak beste, Celtas Cortos Espainiako taldeak musika zelta ekarriko du gaur Euskaldunaren alboko gunera, Esne Beltzak soul, ska eta reggae estiloak euskal kutsuarekin emango ditu ostiralean eta Juan Maganek musika elektronikoa joko du zapatuan.

Abandoibarrako agertokian musika garaikidea albo batera geratuko da, eta kontzertu herrikoiez gozatu ahal izango da. Horietan, Revolver taldea, Ruper Ordorika eta Otxoa jardun dira dagoeneko. Gaur, Indiana Martinezek musika hindua, arabiarra, flamenkoa eta beste hainbat nahastuko ditu Guggenheim museoko agertokian, 23:30ean hasita, eta bihar, Igor Yebra dantzari bilbotarrak Ballet eta musika klasikoa ikuskizuna emango du. Horiez gain, Manuel Carrasco eta Duo Dinamico taldeek ere agerraldia egingo dute Bilbon.

Udalaren musika egitarauaren barnean era guztietako kontzertuak eskaintzen dituztenez, munduko musikak ere tarte garrantzitsua dauka Aste Nagusian, eta, horretarako, Plaza Barrian dago txokoa. Gaur, 23:30ean, Jorge Pardo andaluziarra igoko da agertokira, txirula eta saxofoiarekin flamenko errepertorio berezia emateko. Bihar, Boban I Marko Markovic Serbiako orkestra taldeak ijitoen musikaren erritmoak eramango ditu Plaza Barrira, eta, ostiralean, La Sucursal SA talde hegoamerikarrak joko du.

Bertako taldeen eskaintza

Konpartsek urtero egiten diete tarte berezia bertako taldeei, eta aurten ere txosnetan arreta berezia jarri diote Euskal Herriko musika panoramari. Gaur, Algara konpartsaren txosnan, Niko Etxartekin kantu bazkaria egingo da 14:00etan. Gau partean, berriz, Norte Apache egongo da Euskalgunean, Pirat's Sound Sistemarekin batera; Kaskagorrin, Skatu eta Exaixu igoko dira agertokira; Pirata gunean, Mentenguerra eta Raperos de Emaus; Kulturgunean, Pablo Hasel eta Los Chicos del Maiz; eta Txomin Barullon, Mis Ovarios 33. Horiek denak 23:00etatik aurrera izango dira.

Musika eskaintza handiagoa izango da bihar. 19:00etan, Aqui Mando Yo eta Juanito Piquete ariko dira Hontzak konpartsaren txosnan, eta Feiz No Mor Tributo taldeak kontzertua emango du Triangunean ordu erdi geroago. Gauean, Gora Herria taldearekin, erromeria egingo da Euskalgunean; Kulturgunean, Los Zipolotes Txirriaos eta The Cherry Boppers arituko dira; Mamiki konpartsan, Aurora Beltran eta Eva Rada izango dira; eta Los Gandules taldea Pinpilinpauxa konpartsako agertokian. Ostiral, zapatu eta igandean, ordea, eskaintzak behera egingo du txosnetan. Ostiralean, Zuhaitz Zatitua egongo da 20:00etan Karpagunean, Arrutiko Intxaurrak ordubete geroago Algararen txosnan, eta Star Glam eta Las Fellini Pinpilinpauxa konpartsaren oholtzan. Kontzertu horiekin amaituko da txosnetako emanaldien eskaintza.

Aterpeko kontzertuak

Bilborocken, ordea, egunero izango da bertako musika eskaintza. Aterpean egingo dira kontzertu horiek, eta Bertoko pop-rock erakustaldia egongo da tartean. Hogeita zazpigarrenez antolatu du udalak ekitaldi hori, eta aurten, gainera, azken urteetan baino talde gehiagok eman dute izena agertoki horretan jotzeko. 83k denera. Horietatik hamasei aukeratu dituzte, eta zortzi egunez emango dituzte kontzertuak, 20:00etan hasita. Orotariko estiloak jorratzen dituzte joko duten taldeek, swingetik hasi eta elektronikora arte, indie, folk, rock, metal eta punketik igarota. Gaur, Those Radios eta Rubia izango dira; bihar, The Descent eta Nodrama; ostiralean, Arana eta Arde Asia; eta zapatuko azken kontzertuetan, R.E.S. eta Waldheim taldeak ariko dira.

Kafe Antzokiak, berriz, kontzertu bereziak antolatu ditu. Bihar, Bigott Zaragozako bakarlaria arituko da. Zaila da haren musika sailkatzen. Harekin batera arituko da Hola a Todo el Mundo seikote madrildarra. Ostiralean, musika elektronikoa eta rocka uztartzen dituzten bi euskal taldek joko dute elkarrekin: El Columpio Asesino Iruñeko taldeak eta Belako Mungiakoak. Kafe Antzokiko eskaintza zapatuan amaituko da, swing eta blues kontzertuekin: Travellin' Brothers Big Band eta Mambo Jambok joko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.