Santa Klara uharteak urrunetik begiratzen dio Donostiako Aste Nagusiko zurrunbiloari, itsasoko urek bermatzen dioten lasaitasunetik. Festetako ekitaldi askoren lekuko isila da, Donostiako lehen lerroa baitu zerumugan. Badiaren erdigunean egonik, su festak ikusteko talaia paregabea da. Bertatik bertara zaintzen ditu kaian eta piraten txokoan egiten dituzten ekitaldiak ere.
Lasai dabil egunotan uhartea, Aste Nagusiak harrapaturik baitabiltza bainuzale ugari. Hala ziurtatu du irlara eramaten duen garraio publiko bakarreko gidariak. «Jende askorik ez dabil orain; nabari da Aste Nagusia». 10:00etatik 20:00etara bitartean, uhartea eta kaia lotzen ditu ontziak. Ordu erdiro hartzen ditu bidaiariak portutik irlara eramateko, eta alderantziz. «14:00 arte izaten da kolpe handiena; ondoren, joan-etorri azkarrak besterik ez da izaten».
Uharteko itsasontzia ez da bertara ailegatzeko modu bakarra. Ausart askok igeri egiten dute hondartzatik Santa Klararainoko zatia. Atseden eta eguzki pixka bat hartu, eta berriro itzultzen dira hondartzara.
«Indarra hartzera etorri gara gu». Peio eta haren adiskidea piraguan ibiltzera atera dira goizean, eta, Pasaia aldera joan ostean, uhartean lehorreratu dira, «atseden hartzera». Neopreno jantzitik kutxatxo bat atera, eta garagardoak ordaindu ditu. «Hemen inguruan ez dago zerbeza freskoa edateko beste tokirik», dio irribarretsu edalontzia ahora eramaten duela.
Itsasaldiak utzitako hondartzatxoak ez du eguzkia hartzeko toki handirik eskaintzen. Beharbada horregatik dabiltza gehienak uretan, baloiekin jolasean. Jende asko dabil hondartzan. Halere, ez pareko Ondarretako eta Kontxako hondartzetan ikus daitekeen jende uholdea adina. «Abuztua da hilabeterik okerrena; jende mordoa etortzen da», diote bainuzaleak zaintzen dituzten Gurutze Gorriko bi sorosleek.
Egun-pasarako txokoa
Goizean tabernako terrazako mahai asko libre egoten badira ere, bazkalorduarekin batera hasten dira betetzen gehienak. Paellak eta errazioak dituzte salgai, eta eguzkitakoen itzalpean bazkaltzen du jendeak.
Taberna eta hondartza dira jende gehien biltzen duten tokiak. Halere, beste hamaika txoko eskaintzen ditu irlak. Eskailerak hartu eta gora joan ahala, hondartzako jolasen eta uraren soinuak itzaltzen doaz, eta lasaitasunak hartu du ingurua. Itsasargiaren inguruko harrizko mahai ugarietan bazkaltzea erabaki dute askok. Eskarmentu handia erakusten dute batzuek, uhartera datozen lehenengo aldia ez den seinale. Motxila eta erosketa poltsak bete-beteak, ez zaie ezer falta. Mantela, hozkailua eta kafea egiteko sua eta guzti dute. Lekua hartu, eta familiako kide bat utzi dute txokoaren zaindari; gainontzekoek bazkal aurreko uneak hondartzan aprobetxatu dituzte bitartean.
Seme-alabekin etorri da Angel Leiarizti eibartarra. Lehen aldia dute Santa Klaran, baina ongi prestatuak etorri dira. «Aspaldi esan nien etorri behar genuela, eta hemen gara azkenean». Bainu bat hartu, eta bazkaldu ostean hirira itzuliko dira berriro, «barraketara», diote haurrek.
Bazkalostean siesta botatzeko aukera ematen du inguruak. Zuhaitzen babespean zelaian etzanda, halaxe dago bikote bat baino gehiago. Hiriko gune jendetsu eta zalapartatsuetatik ihes egiteko oasi moduko bat eskaintzen baitu uhartearen goiko aldeak, hiriaren eta jaien joan-etorri eroei so egiteko behatokia.
Donostiako Aste Nagusia.
Jaiegunen lekuko isila
Abuztuan Santa Klarako hondartzatxoa eta taberna jendez betetzen badira ere, uhartean gora egin ahala lasaitasuna da nagusi. Txangozale askok hango harrizko mahaiak erabiltzen dituzte bainua hartu ondoren lasai bazkaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu