Jaiak. Matiena

Jaien aldiko lehendabizikoa

Durangaldeko lehen jaiak dira Abadiñoko Matiena auzoko sanprudentzioak.Aurten, lehenbiziko aldiz, ska eta reggae jaialdia antolatu dute, bai eta gazte eguna ere

Besteak beste, mahaiaren bueltan eseriko dira Matienan jaiak ospatzeko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Uda hasi aurreko lehenak izaten dira Matienako (Abadiño, Bizkaia) jaiak Durangaldean. «Jendea gogotsu etortzen da hona», dio Aitzol Unzueta Abadiñoko kultura teknikariak. Lehenak direlako, sona handia daukate Matienako sanprudentzioek. Ondoren iritsiko dira Abadiñoko San Trokaz jaiak, eta, horiekin, inguruko herriei utziko die lekukoa. Lehenak izate horregatik, «eskualdetik jende andana etortzen da, baita Bilbotik edo urrunagotik ere». Ez daukate ardura txikia, eta, horregatik, tamainako egitaraua prestatu dute datozen egunetarako.

Kuadrilla egunarekin hasi zuten atzoko eguna, eta, gaur, Bizkaikolore txirrindulari lasterketarekin beteko dituzte ospakizunak. Musika ere izango da, Durangaldeko Jaizale txistulari elkarteak eta Done Zezili abesbatzakoek giroturik. Hala ere, eguneko arretagune nagusia Laubideta kalean egongo da, 12:30ean: pintxo dastatze bat egingo da. «Iaz hasi zen Zalduerreka auzo elkartea dastatze hori antolatzen, eta Eskoziako gastronomiaren ingurukoa izan zen», azaldu du Unzuetak. Aurten, ordea, Senegalgo gastronomia inguratuko dute Abadiñoko herritarrengana. Arratsaldean, berriz, tute txapelketa eta ipuin kontalariak izango dira hasteko, eta, 18:00etan, txokolate jatea hala nahi duen guztientzat, Traña plazan. Eguneko ekitaldiak gaztetxoentzako Grand Prixarekin amaituko dira.

Biharko, ekitaldi gutxi daude aurreikusita, baina ez garrantzirik gabekoak. Hain zuzen, Matienako jaietako saiorik garrantzitsuenetako bat izango da 20:00etan. Donien Atxa jasotzea egingo dute, hau da, jaietan auzoko plazan jarrita egongo den makalaren enborra altxatuko dute. Gauean, suziriak botako dituzte.

Hurrengo egunetan ere, ordea,izango da ospakizunik. Asteartean, San Prudentzio egunez, meza nagusia izango da 11:00etan, eta, arratsaldean, ginkana egiteko aukera egongo da, umeentzako jolastokiarekin batera. Asteazkenean, bestalde, bi ekitaldi izango dira, baina biek ere jendea erakarriko dutela uste du Unzuetak. Batetik, bertso saioa izango da, 22:00etan, Errota kultur etxean. Sustrai Colina, Julio Soto, Beñat Ugartemendia eta Maialen Lujanbio izango dira kantuan, eta Maite Berriozabalek jarriko die zer kantatua. Ordubete geroago, Trañako plazan ska eta reggae jaialdia egingo dute. «Estreinako aldiz antolatu dute halako jaialdia, baina musikazale batzuk hasi ziren kontua mugitzen, eta badirudi jende nahikoa gerturatuko dela jaialdi horren aitzakian». Kontzertuan, Siroko, Soweto eta Dr. Ring Ding & Skavaganza taldeak arituko dira jotzen.

Estreinako aldiz, halaber, gazteen eguna egingo dute Matienan, Maiatzaren Lehenean. «Egun horretan egin izan dugu baserritar eguna, azokak edo bestelakoak, baina aurten auzoko zenbait gaztek euren eguna ospatzeko gogoa agertu dute, eta hala izango da». Udalak eguna antolatzen lagundu die, eta egitarau oparoa osatu dute azkenean. Nekazari azoka izango da goizetik Traña plazan, eta, 11:30ean, sagardoaren jaia egingo dute. Herri kirolak geroago. 13:00etan dantza ekitaldia izango da Iluntze taldearen laguntzarekin, eta 14:30ean txupinazoa eta herri bazkaria. Arratsaldean, San Prudentzio pilota txapelketako finalak jokatuko dira frontoian. Horrez gain, gazte eguneko jokoak ere egingo dira. Iluntzean, indarrak osatzeko hanburgerrak jateko txapelketa egingo dute, eta suziriak izango dira ondoren. Eguna borobiltzeko, kontzertuak izango dituzte gazteek. Batetik, Eromen taldea taularatuko da, eta, ondoren, Las Tea Party disko jartzaileak arituko dira musika aireratzen goizeko ordu txikietara arte.

Datorren igandean, Donien Atxa kentzearekin amaituko dira Matienako festak. Baina jaiak ez du etenik izango: santrokazak izango dituzte ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.