Jaiak. Urdiain

Jaien tenorea da Urdiainen

Eguerdian botako dute festak abiaraziko dituen suziria; alkate aukeratu berriak zortzikoa dantzatuko du igandean

Urdiaindarrek bazkariak eta kaleko giroa atsegin dituzte jaiak igarotzeko; gaurtik hasita, bost egunez gozatuko dute bestaz. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
San Pedro eguna pasata, gaur hasiko dira Urdiaingo jaiak (Nafarroa), eta uztailaren 6ra bitarte luzatuko dira. San Pedroren omenez ospatzen dituzte, baina santuaren eguna igaro ondotik beti. Ohikoa dutenez, eguerdian hasiko dira festak, txupinazoarekin batera. Euskara eta kultura zinegotzi berriak, Maite Aldazek, botako du aurten suziria. Bigarren aldia du, baina, hala ere, kontent azaldu da izendapenarekin, eta ez du bere harridura ezkutatu: «Ez nuen espero».

Ohiko egitarauarekin batera, aurten kuadrillek bi ekimen prestatu dituzte haien kontura. Txupinazoaren ondotik Laugarren Kalderete Txapelketa eginen dute, eta horren ondoren, herri kirol erakustaldia, plazan bertan. Udalak prestatutako egitarau ofizialetik kanpo eginen diren ekimenak izanen dira bi horiek.

Musika eta jana ez dira faltako Urdiaingo jaietan. Aldazek esan duenez, bazkariak eta kaleko giroa dira festetan nagusi. Bihar, esaterako, San Pedroko zelaian izanen da bazkaria. Astelehenean zaharrena egingo dute lehendabizi, eta gizonen bazkaria gero. Emakumeek asteartean ospatuko dute haien eguna. Baina bazkariak ez ezik, gosariak ere egunero izanen dira, eta dantzaldiak gauero.

Txikiendako ekimenak ere antolatu ditu Urdiaingo Udalak. Gaur txirrindularitza txapelketa izanen dute; bihar, zezensuzkoa; eta asteazkenean, puzgarriak, goizez eta arratsaldez.

Baselizaren inguruan

Igandean erromeria egiten dute, urtero, Urdiainen. Eguerdi alderaSan Pedro baselizara igotzen dira herritarrak. Han direlarik, apaizak meza nagusia ematen du, eta bazkaldu ere bertako zelaian bazkaltzen dute. Udalak bazkaltzera gonbidatzen du Altsasuko udalbatza ere. Izan ere, San Pedro egunean alderantziz egiten dute, eta urdiaindarrek egiten diete bisita altsasuarrei. Mezaren ondotik, alkateak zortzikoa dantzatzen du urtero. Aurten, Sebastian Aristizabal alkate berriari tokatuko zaio, usadioari jarraiki.

San Pedro baseliza Altsasu eta Urdiainen artean dago. Lekua partekatu behar dutenez, hara joateko egunak banatu egiten dituzte bi herriek. San Pedro egunean lehenbizikoen txanda izaten da; hurrengo igandean, berriz, urdiaindarrak dira bertaratzen direnak, herriko jaiekin batera. Baseliza bera ere bitan zatiturik dago; harri batek banatzen ditu batzuen eta besteen eremuak. Ateak ere pare bat ditu, herri bakoitzarendako berea.

Baselizaren inguruetatik herriko kaleetara egingo du jauzi festak arratsalde eta gau partean. Egunari errematea Egan taldearen dantzaldiarekin emango diote urdiaindarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.