Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Zeledonen itzalpean

Jaietako beste Hirutasun Santua

Barrakek, su festek eta pilota partidek erakarrita, milaka lagun biltzen dira gauero hiriaren eta landa eremuaren mugan, jaiaren bihotzetik kilometro eta erdira.

Jaietako beste Hirutasun Santua.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Andre Mari Zuria, Zeledon eta blusa eta neska kuadrillak dira Gasteizko jaietako Hirutasun Santua. Jaien eguna zehazten du lehenak, hasiera eta bukaera agintzen ditu bigarrenak, eta hirigunea betetzen dute hirugarrenek. Hirigunetik kilometro eta erdi ingurura, ordea, laborantzak eraikinei lekua hartzen dien lekuan, milaka pertsona biltzen dira egunero eta gauero, jaiaren beste Hirutasun Santuak erakarrita: barrakak, su festak eta pilota partidak.

Hirukoaren osagaien artean, barrakek dute sustrairik sakonena. Santiago Egunaren aurretik jarri zuten kolore biziko hiri ibiltaria Mendizabalako aparkalekuan. Ordutik, milaka hiritar pasatu dira bertatik, kolore guztietako zirrarak erakarrita. Hain zuzen ere, feriaren eremuan sartzerako, sentipenak erakartzen dituzten kartelak, zaratak eta usainak baino ez daude.

Gosetuta joan direnek sarreratik bertatik aurre egin behar diote tentaldiari. Irabiaki naturalak, mota guztietako gozokiak, parrillako jana, ardo zaharra... «Dozena bat txurro bost euro? Irina, ura eta azukrea baino ez dira eta...», kexatu da emakume bat, kukurutxoa hartu aurretik. Iritziak iritzi, feriako langileek agindu dute ahalegina egiten dutela krisira egokitzeko. «Parrilla janak 25 euro balio du, baina lau pertsonarentzako beste janari dago; bost pertsonarentzat, oso jatunak ez bazarete!», oihukatu du behin eta berriz Tafalla bentako langile batek.

Egoera bertsua gertatzen da barrakekin. Txu-txu Treneko bidaia batek 2,50 euro balio du, baina bost bidaiak, hamar euro. Txoke autoetan, 2,20 euro bidaia bakoitzeko, baina sei bidaia hamar euroren trukean eros daitezke. Hori bai, barrakarik ikusgarrienak 3 euro dira, eta ez dute eskaintza berezirik. Guraso batzuk gogoz saiatu arren, ez dute lortzen seme-alabei barneratzea gastua kontrolatzearen ideia. «Ondo aukeratu gero non igo nahi duzun, hamar eurorekin baino ez garelako etorri», oihukatu du batek, semea urrun egon arren zaldiko-maldikorako bidean, korrika.

Eguna, gauaren erdian

Milaka pertsona erakarri arren, 23:00etan barrakak isildu egiten dira beste Hirutasun Santuko bigarren partearen errespetu seinale. Barrakak gelditu dira, Zumabide eta Iturritxu kaleko argiak itzali, eta han bildutako milaka pertsonen artean isiltasuna nagusitu da, su festa hasiko duen hiru danbatekoetan lehena entzutean.

«Bihar goizean aizkora batekin etorriko gara, eta hor aurreko zuhaitza moztuko dugu, ados?», proposatzen du egunero baten batek, ohiko «ooooo...», «aaaaa» eta txalo artean. Azken suzirisortak erritmoa bizitu ahala, txantxa moduan egindako harridura adierazpen horiek desagertu egiten dira. Zeruan gertatzen den guztia barneratu ezinik, isiltasuna zabaltzen da berriro, azkenean Gasteizko gaua egun bihurtzen den arte. Orduan bai: txistuak, txaloak eta oihuak barru-barrutik ateratzen zaizkie ikusleei.

Bertatik kilometro erdi baino gutxiagora, Ogeta pilotalekuan, zeruko danborrada pilotak paretaren kontra nahasten du baten batek. Puntako pilotariak aritu dira frontoietan Gasteizko jaietan, baita bertara joandako asko fededun bihurtu ere. Gasteizko jaiek beste Hirutasun Santu bat dute; hirigunetik kanpo ere giro aparta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.