Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Zeledonen itzalean

Jaietako taupada herrikoia

Jendetza biltzen dute gauero Gasteizko txosnetako musika emanaldiek, baina egun argiz parte hartzeko proposamenik ere ez da falta.

Jaietako taupada herrikoia.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Kokein taldeko eibartarren doinuek martxan jarri zituzten, ostiral gauerdian, Gasteizko txosnen aurtengo musika emanaldiak. Festak asteburuan hasiko zirela baliatuta, Zeledonen jaitsierari aurrea hartu, eta egun bat gehiagoz irekitzea erabaki zuen txosnen elkarteak. Aurretik ere saiatutako aukera da, eta bildutako jendetzak —batez ere Zea Maysen musikak erakarrita— arrazoia eman zien.

Musika, edaria eta janaria baino gehiago ere badira Gasteizko txosnak. 1981. urtetik taupada herrikoi eta alternatiboari eutsi dion espazioa izan da. Azken hamar urteak unibertsitateko eremuaren parean igaro dituzte. Beteranoek ondo gogoan dituzte Florida parkeko eta Luis Heinz kaleko garaiak. Espazioa erabat finkatuta badago ere, hirigunetik urrunegi dagoen edo ez, eztabaida hori klasikoa da oraindik ere alde zaharretik txosnetarako bidea egiten duen jendearen artean, urtero errepikatzen diren tradizio horietako bat.

Behinolako prekarietatea gainditu, eta gero eta egitarau osoagoa eskaintzea izan da txosnen lehentasuna azken urteotan, gauetik at ere, egun argiz ekitaldi gehiago antolatuta. Atzo, esaterako, Entxosnazio Egunaren txanda izan zen, espazioa bera aldarrikatzeko unea. Bertso saio batekin hasi zen ospakizuna. Izan ere, aurrekontu murrizketak argudiatuta, Aihotz plazan egiten diren saioetako bat kendu du aurten Gasteizko Udalak. Txosnen elkarteak txanda hartu, eta bertsozaleei eguneroko saioa bermatu zien, Julen Zulaika, Ruben Sanchez, Fredi Paia eta Sebastian Lizaso bertsolariekin.

Entxosnazio Egunaren ekitaldi nagusia bazkari herrikoia izan zen. Guneko karpa nagusian ia 200 lagun bildu ziren. Atzo, behintzat, hiriak bezperan izandako eguraldi kaskarra jasan beharrik gabe gozatu zuten. Bazkaria prestatzeko ardura Boilur Arabako gastronomia elkarteetako kideek izan zuten, eta herrialdeko janari ekologikoak izan ziren plateren oinarria. Kalabazin kremarekin, moxalarekin eta tarta ekologikoarekin ase ziren mahaikideak.

Karpak eta musa

Iazkoarekin alderatuta, Gasteizko txosnetan izan da aldaketaren bat edo beste. Guneak hirugarren karpa du, gazte mugimenduak kudeatzen duena. Txosna eredu klasikoa alde batera utzi, eta gune ederra eratu dute gazteek, egitarau propio zabal batekin batera. Bestalde, fracking-aren aurkako plataformak lehen aldiz txosna paratu du aurten. Jende asko erakarri du guneak, haustura hidraulikoaren proiektuak Araba osoan piztu duen arduraren seinale.

Gaur hasiko da txosnen elkartearen beste apustu berritzaile bat. Blusen eta nesken elkartearekin eta Euskal Herriko Mus Federazioarekin elkarlanean, Gasteizko jaietako lehen mus txapelketa antolatu dute. Gaur, bihar eta etzi jokatuko dira kanporaketak, arratsaldeko bostetatik aurrera, guneko karpa nagusian. Karta jokoa indartu eta beste urte batzuetarako erreferente bihurtzea nahi dute antolatzaileek.

«Elkartean oso pozik gaude orain arte txosnek izan duten harrerarekin. Ostirala eta larunbata oso indartsuak izan ziren, eta ekitaldietan ere jende asko biltzen ari gara», azaldu du Erlantz Anda Gasteizko txosnetako ordezkariak. Datozen hiru egunetan ere jaietako taupada herrikoia bilatu nahi duenak unibertsitatearen ondoan aurkituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.