Festa bereziak dira inauteriak tolosarrentzat. Herritarren artean sormena eta irudimena garatzeaz gain, izaera berezia eman diote jaiek Tolosari (Gipuzkoa). Sormenarekin lotura estua du Aranburu jauregian prestatu duten inauteriei buruzko erakusketak ere. Hainbait garaitako Tolosako inauterien argazkiak jarri dituzte, eta inauterien izpiritua bildu. Jeiki, jeiki 2011 erakusketa iristear dauden inauteriak girotzeko oihua da, motorrak berotzen hasteko oharra. Jendea esnatu eta gorputzean poza sartzea da ekimenaren xedea, poz hori festa giroan azaleratzen has daitezen. Martxoaren 18ra arte egongo da zabalik.
Mozorrotutako jendez gainezka dauden kaleen argazki erraldoiak eskegi dituzte hormetan. Festarako musika entzun daiteke, eta sugepaperez jositako zoruek irrika pizten dute, jaiak noiz iritsiko.
Bi atal nagusi ditu erakusketak. Hainbat garaitako 2.000 argazki eta pelikula bildu dituzte lehenengoan, eta mozorroen osagarriak eta karrozen muntatzeak ikus daitezke. Atal pedagogiko bat ere prestatu dute, elkarrizketa, hitzaldi eta beste ekimen osagarri batzuekin; erakusketako beheko solairuan prestatutako pantaila batean, Tolosako inauterietan parte hartutako herritarrek festaren esanahi eta izpirituaz hitz egiten dute: haien bizipenak, bitxikeriak eta garai zaharragoetako udaberriko festak nola ospatzen zituzten azaltzen dute.
Nestor Ardanaz erakusketaren arduradunaren arabera, 76 pertsona elkarrizketatu dituzte orain arte, baina jendea elkarrizketatzen jarraituko dutela argitu du.
Erakusketa biziduna
«Astero erakusketa berri bat izango da», azaldu du Ardanazek. Material asko bildu dute, eta erakusketa aldatuz joango da denbora igaro ahala. Bideo gelako hiru pantailetan tartekatzen diren argazkiak aldatuz joango dira, eta irudiak eta inauterietako elementu gehiago lortu ahala, erakusketa betez joango dira. Bizitza propioa izango du, beraz, erakusketak, eta behin baino gehiagotan bisitatu beharko da haren osotasunaz jabetzeko.
Herritarrek aktiboki hartu dute parte erakusketan, 1.500 argazki inguru jaso baitituzte horiengandik. Antzinako inauterien argazki preziatuen bila, zuzenean jende edadetuaren argazki bildumetara jo dutela aitortu du Ardanazek. Duela 50 urteko inauterien argazkiak lortu dituzte.
Herritarrek bakarrik ez, merkatariek ere parte hartu nahi izan dute ekimenean. Herriko 215 dendatako erakusleihoetara zabaldu da erakusketa. Denda horietan ere inauterien horma irudiak ipini dituzte, festa giroaren presentzia kalera hedatu dadin.
Gaztetxoentzako zein helduentzako galdera jokoak prestatuko dituzte. Inauteriei buruzko galderak egingo zaizkie parte-hartzaileei, eta erantzunen bila erakusketan parte hartu duten 215 dendetara jo beharko dute. Otsailaren 5ean antolatuko dituzte Tolosako Aisialdi taldeek gaztetxoentzako herri mailako galdera jokoak.
Jaiki, inauteriak badatoz
Herritarrek eskainitako irudiekin, Tolosako inauterien erakusketa prestatu dute Aranburu jauregian. Herritarrak jai giroaz kutsatzea du helburu egitasmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu