Ohi baino intimoagoa izan zen atzokoan almadien jaitsiera Burgin (Nafarroa). Aurreko astean ospatu zuten berez Almadiaren Eguna, eta orduan ziren almadiazainak ibaia jaistekoak. Ezka ibaia oso hazita zihoan, ordea, eta onena lehorrean gelditzea zela erabaki zuten ekitaldiko arduradunek. Historiako almadiarik gabeko lehen Almadia Eguna izan zen aurreko igandekoa. Atzo goizean berriz bildu ziren Nafarroako Almadiazainen Elkarteko kideak Burgin, eta, ibaiaren emaria egokia zela ikusita, jaitsiera egitea erabaki zuten. Goizean goiz hartu zuten erabakia, eta arratsaldeko lauretan egin zuten ibaian behera. Ohiko jendetzarik ez zuten izan ibaiertzetan, baina herriko eta inguruetako herritarrek girotu zuten ekitaldia.
Euri pixka bat egin zuen atzo ere, eta euritako petik ikusi behar izan zuten askok almadien jaitsiera. 16:00etan atera ziren Basari izeneko gunetik, eta ordu laurden geroago heldu ziren herriko presara. Zazpi pertsona joan ziren lehen almadian, eta sei, bigarrenean.
Eliodoro Aznarez Nafarroako Odol Emaileen Elkarteko ordezkaria eta Fernando Uhalde ikerlaria izan ziren haietariko bi. Elkarteak eta Uhaldek, biek jaso dute aurten Urrezko Almadia izeneko saria Nafarroako Almadiazainen eskutik. Aurreko asteburuan ere izan ziren Burgin, baina atzokoan izan zuten, azkenean, jaitsiera egiteko aukera.
Ikertutakoa sentitzen
Urteak daramatza Uhaldek almadiak eta almadiazainak ikertzen, eta berezia izan zen berarentzat esperientzia. Almadiazainei hainbestetan entzundakoa bere larruan sentitu zuen. «Gauza bat da almadiak ikertzea, eta beste gauza bat da almadiazain batek sentitzen zuena sentitu ahal izatea. Berezia izan da niri ere ibaiak oinak bustitzen zizkidala sentitzea. Oso esperientzia atsegina izan da».
Aurreko astekoa «pena» izan zen, Uhalderen hitzetan, baina ezinezkoa zen jaitsiera egitea. «Oso gora zihoan ura, eta ezinezkoa izango zitzaigukeen almadia kontrolatzea. Burgiko presa maldatik jaitsi behar da, eta aurreko igandean ibaiak gidatuko zukeen almadia, ez almadiazainak».
Kontrakoa gertatu zen atzo. «Bikaina» zegoen Inmaculada Urzainki burgiarraren hitzetan. Pozik mintzo zen, gainera, ekitaldiak izandako harreraz. Herrian bizirik den almadiazainik zaharrenaren alaba da bera, baita Nafarroako Almadiazainen Elkarteko kidea ere: «Normalean izaten den jende kopururik ez zegoen. Ez dira 5.000 pertsona izan, baina Burgi den bezain txikia izateko eta ekitaldiaren inolako publizitaterik ez egiteko, jende kopuru majoa bildu da, halere, ibaiertzean».
Jaitsi dute ibaia Burgin aurreko astean lehorrean geratu ziren almadiek
Ibaiaren egoera egokia zela ikusita, atzo arratsaldean jaitsi zuten Ezka ibaia almadiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu