Jatorri umileko museoa

Meatzarien Museoa kultur elkarteak 25 urte betetzean izendatu dute Concha II.a meategia ondare kultural

Lander Muñagorri Garmendia.
Abanto
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Meatzaritzaren Museoa kultur elkarteak 25 urte bete ditu aurten. Urteurrena ospatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak Concha II.a meategia kultur ondare izendatu izana ospatu du elkarteak, aspalditik nahi zutena errealitate bihurtu baitute era horretan. «Hondakinekin bete nahi zuten meategi eta gure lantoki izandakoa», dio Uriartek, museoko presidenteak. «Minerala ustiatzeko, Gallarta herria bota zuten, 7.000 biztanleak nora ezean utziz, eta orain atzera bete nahi zuten poligonoak egiteko. Orain, ezingo dute zigarrokin bat ere bota bertara», dio. Alde horretatik, garaipen txiki bat lortu duela iruditzen zaio, nahiz eta museoaren eraikin berria egiteko dirurik lortuko ez duten. Hori beranduago ere eraiki ahal izango dela uste du, baina bien bitartean meategiaren ondarea mantenduko du Gallartak.

Ondare kulturala izan da Meatzaritza Museoaren lorpenik handienetakoa orain arte, baina 25 urteko ibilbidean, material ugari bildu dute. «Eta ezerezetik museo bat sortu dugu», dio Uriatek. Afizio gisa hasi ziren hainbat meatzari ohi, material bila. «Haurrak ginela jolasean ibiltzen ginen lekuan bizirik ez zegoela ikusita, bertako ondarea berreskuratu beharraz jabetu ginen, eta horrela hasi zen dena, baliabide eta dirurik gabe». Erakundeek ez zieten jaramonik egiten, eta Gallartako bertako hainbat herritar ere haietaz trufatzen zirela oroitzen da Uriarte. «Tabernetako isekagai izan gara denbora luzez, baita meatzari ohien aldetik ere». Baina hedabideetan museoa eratzeko lanetan ari zirela azaldu zenean, orduan aintzat hartu zituzten.

Museoa 2002an zabaldu zenetik, sei langile dituzte, eta urtero milaka pertsona biltzen dira Gallarta eta ingurua izan zenaren zantzuak jasotzera. «Erakundeek orain ardura gehiagoz jokatzen dute gurekin, eta laguntza pixka bat badaukagu», dio Uriartek. Aurrerantzean ondarea berreskuratzen jarraituko dute, inoiz baino gogotsuago. Concha II.a ondare izendatu izanak indarberritu baititu meatzari ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.