Karmen Etxeberriak 58 urte ditu, eta lau seme-alaben ama da. Egun gazteena du bere kargu, hamazazpi urteko mutil bat. Banatuta dago, eta bizitzeko daraman borroka «titanikoa» dela azpimarratu du. Gizarteratze errenta jasotzen du Etxeberriak, bestelako laguntzarik jasotzen ez dutenentzako 426 euro. Gorriak ikusten ari da, ez soilik hileroko alokairua eta fakturak ordaintzeko, baizik eta egunero jan ahal izateko. Egunotan autobus begirale gisa bi orduko lana lortu du goizetan, eta horregatik 200 euro jasotzen ditu hilean. Gizarte Segurantzarako atxikipena egin eta gero, 550 euro garbi gelditzen zaizkio hilabetea pasatzeko.
Orain dela bizpahiru urte arte ama eta langilea izatea eramangarria zitzaion eta familia aurrera ateratzeko irabazten zuen. Ostalaritzan aritzen zen, eta hilero 1.000-1.200 euro irabazten zuen. Baina azken urteetan gauzak asko okertu dira, eta ezin bizi dabil. Ez du lanik aurkitzen, eta ez du bizitzekorik. Inguruan duen errealitatearen argazki gordina egiten du. «Nire egunerokoa oso gogorra da. Gizarte haustura izugarria da, eta agintariek estali egin nahi dute. Gizarteko maila batzuek ez dugu zerekin bizi, beste batzuk ahal duten bezala irauten ari dira, zakarrontzietan janari bila, eskean…426 eurorekin ezin da bizi». Semeak batxilerra ikasten du eta aurrera atera behar du, jantzi, elikatu, hezkuntza eman... Horretaz gain, hilero 400 euroko alokairua ordaindu behar du Arrosadian hartua duen etxeagatik. Joan den urteko alokairuaren zati bat eta aurtengo guztiak zor ditu. Zorionez, etxearen jabeek bertan egoten uzten diote badakitelako oso larri dabilela. Gizarte zerbitzuetara ere jo du oinarrizko errenta eske. Bi laguneko familia bati 770 euro dagozkio eta horri egun irabazten dituen 550 euroak kendu behar zaizkio. Dena dela, dirua emateko modua kritikatu du. «Dirua ematen digutenerako 45 egun pasatzen dira, eta jendea ezin da 45 egun jateko esperoan egon. Orain jan nahi dugu, ezin gara zain egon». Zain ezin egon, eta dirua aurreratzeko Caritasera jo du. «Nik eta semeak egunero jaten dugu. Ez dago lanik. Jendea, pixkanaka-pixkanaka, hiltzen ari dira. Jendeak ez du jatekorik, ez da bizi. Krudela da gertatzen ari dena», dio etsita. «Oso gogorra da seme bat izan eta baliabiderik ez duzulako jatekorik ere ezin eman izatea. Gero eta emakume gehiago gaude egoera honetan; guraso bakarreko familiak gara. Lehen, gaizki bizi ginen, eta orain, ezin gara bizi», gaineratu du. Adinagatik, gainera, lana aurkitzea gero eta zailagoa zaio, eta, saiatuta ere, ez ditu oinarrizko beharrak asetzen. «Norbaitek pentsatu behar du gu bezalako familietan. Bakarrik gaude, eta familia buru garenak pikutara goaz». Bikotekide ohiak ez dio semeagatik pentsiorik pasatzen. Auzitara jo zuen eta berriki atera da epaia. Hilean 50 euro ordaintzera behartuta dago aurrerantzean. Haserre dago epaiarekin. «Ez dakit nola eman daitekeen horrelako epai bat; lotsagarria da».
Etorkizunean nahiago du ez pentsatu, deprimitu egiten delako. «Bizitzak eta okerreko politikek ekarri naute egoera honetara. Krisiaren krudeltasuna, batez ere, emakumearengan islatzen ari da».
Karmen Etxeberria. Autobus begiralea
«Jendea ez da bizi; ez du jatekorik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu