Urtetik urtera, finkatzen ari da Euskal Encounter jaialdia. Teknologia berriek erakarrita, milaka pertsona elkartu dira aurten ere Barakaldoko BECen.
Zenbat jende bildu zarete Euskal Encounterren?
Sei mila bat pertsona etorri dira eta etorriko dira. Hori bai, gehienak gazteak dira, eta gizonezkoak %89 inguru. Batez besteko adina 27 urtekoa da.
Atzerritik jende asko etorri al da?
Atzerritik oso jende gutxi. Hemen bilduko garen gehienok bizkaitarrak gara. Kanpotik nor edo nor etorriko da, baina gutxiengoa dira.
Iazko ekitaldiarekin alderatuta, aldaketarik izan al da aurtengoan?
Aurten hiru gauzak dute berebiziko garrantzia. Batetik, bideo jokoek industria munduan protagonismo handia hartuko dute. Bigarrenik, robotikaren arloan apustu nabarmena egin dugu, gero eta garrantzitsuagoak baitira. Azkenik, esan behar da Euskal Herrian gaitasun handiko jendea dagoela alor hauetan, eta zenbait enpresa horrelako pertsonen bila etorri direla.
Euskal Encounterren moduko proiektuek jendea ezagutzeko eta pertsona berriekin harremanetan jartzeko bidea dela uste al duzue?
Inolako zalantzarik gabe. Gure helburua jendeak elkar ezagutu eta bizipenak partekatzea da. Adibidez, adiskidetasuna, negozioen mundua... garatzeko balio du. Labur esanda, batak besteari sentipenen berri ematen dio.
Jendeak BECen bertan jan eta lo egiten du. Nolakoa da antolaketa?
Jende asko ari gara lanean, eta asko etorri dira jaialdira. Kanpin dendak jarri ditugu, eta guztiek dute lo egiteko txokoa. Jateko orduan bakoitza bere kaxa moldatzen da. Gehienek janaria ekarri eta ordenagailuen aurrean jaten dute.
Horrelako ekitaldi batek muntaketa lan handia eskatzen al du?
Lan pila, izugarria.Kontuan hartu behar da Euskal Encounterra hartzen duen eremuak 35.000 kilometro koadro dituela; ideia bat egiteko, San Mames halako bost da. Horrez gain, 120 kilometro kable, hamar kilometro zuntz optiko, mahaiak, sarea... Gauza asko jarri behar dira. Hainbat astetako lana izan dugu, ekaina hasieran hasi baikinen hau guztia prestatzen.
Aitor Ubarretxena. Euskal Encounterreko komunikazio arduraduna
«Jendeak elkar ezagutu eta bizipenak partekatzea da helburua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu