Robert Shakespeare, 'Robbie'. Musikaria

«Jendearengan zoriontasuna eragitea da gure musikaren helburua, baina ez bakarra»

Sly & Robbie reggae kulturaren ordezkari aktiboenak Euskal Herrira iritsi dira. Gasteizen izango dira gaur gauean, eta nazioartea dantzan jarri zuen soinua 'Dancehall' joko dute Jimmy Jazz aretoan.

Lowell Dunbar Sly eta Robert Shakespeare Robbie —eskuinean— reggae musikariak. BERRIA.
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herrian da reggae musikaren zutabeak eraldatu zituen bikotea: Sly & Robbie. 1970ean batu zirenetik, mundu osoko industria musikala eraldatu dute Lowell Dunbar (Kingston, 1952) eta Robert Shakespeare (Kingston, 1953) musikariek. Haien erritmoak milaka abestiren motor bilakatu dira, eta Bob Dylan, Paul McCartney eta Keith Richardsekin lan egin dute, besteak beste. Nazioarteko bira egin ondoren, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira gaur gauean (21:00).

Bob Marleyk zioen bere musika betiko zela. Hitzez hitz jarraitu duzue esandakoa, ezta?

Bidean gabiltza, kar-kar. 200.000 abesti ingurutan parte hartu dugula irakurri dugu leku askotan. Aspaldian utzi genion kontatzeari, baina egia da; honek amaierarik ez duela dirudi.

Reggae musika birformulatu duzue, hainbat estilo nahasiz. Soinu berriak asmatzea bat-batekoa da, edo prozesu luze bat dago atzean?

Denetarik gertatu zaigu. Batzuetan prozesu luze bat dago abesti baten atzean, baina beste batzuetan, eguneko edozein momentutan etor daiteke. Baina giltza topatzen dugu beti, estilo gehienek dutelako harremana reggae musikarekin.

Hortaz, reggaea musika unibertsala dela uste duzu?

Musika bera da unibertsala, bere zentzu zabalenean. Munduan banaturik bizi diren bi pertsonak emozio bera senti dezakete kanta bera entzunez gero. Guk lagundu baino ez dugu egiten.

Dena den, jendeak ahobetez erantzun ohi die zuen sorkuntzei...

Hainbeste urte igaro ondoren, lanean jarraitzeko indarra ematen digu jendearen erantzunak. Geure musikaren helburua jendea zoriontsu egitea da, eta estudioan gaudela ez dugu besterik buruan. Berdin dio norekin gauden, helburua bera da. Oso zaila da zoriontasunean era global batean eragitea.

Erantzuna globala izan arren, asko aldatzen da herrialdez herrialde?

Denek erantzuten dute desberdin, baina energia positiboa bera da. Zuzeneko emanaldietan energia hori geure egiten dugu, eta sinbiosi moduko harremana sortzen da gure eta entzuleen artean. Baina horrek ez luke izan behar musikari baten helburu bakarra.

Musikaren konpromiso sozialean sinesten dut. Gerrak amaitzeko eta gosea mundutik desagerrarazteko boteretsua izan nahiko nuke, baina ez naizenez, musika da mundua hobetzeko eman dezakedan laguntza bakarra.

Hainbeste denbora igaro ostean, zein da herrialdez herrialde aritzeko sekretua?

Nire kasua argia da: ez nintzen izan ni musika hautatu nuena. Musikak aukeratu ninduen ni. Funtsezkoa da musika barrenetik sentitzea, eta musikarekiko konpromisoa izatea.

Mugagabea al da batasun hori?

Bai. Ez da inon amaitzen. Jainkoak lagundu dit nire sentimenduak erritmo bihurtzen, eta ez dut oztoporik topatu. Geure kontzertura etortzen denak emozio bera sentiaraztea nahi dugu.

Esandakoa ikusita, zergatik joan beharko genuke Sly & Robbieren kontzertura?

Ez bazinateke etorriko bizitza osoan damutuko zinateketelako, kar-kar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.