Joan da harrotasuna

Hamazazpi urtez Santurtzi eta Portsmouth lotu dituen ferryak atzo ekin zion azken bidaiari. Apirilean beste konpainia batek hartuko dio lekukoa

Ibai Maruri. Asteburuan ikusi dituzte Santurtzin (Bizkaia) bolada baterako azken turista ingelesak. Ostiralean iritsi ziren, eta atzo alde egin zuten Erresuma Batura. 13:15ean itsasoratu zen <I>Pride of Bilbao</I> (Bilboko harrotasuna) ferrya azkenekoz. H
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Asteburuan ikusi dituzte Santurtzin (Bizkaia) bolada baterako azken turista ingelesak. Ostiralean iritsi ziren, eta atzo alde egin zuten Erresuma Batura. 13:15ean itsasoratu zen Pride of Bilbao (Bilboko harrotasuna) ferrya azkenekoz. Hamazazpi urteko joan-etorrien historia hala bukatu zen. Errentagarritasun arazoak aipatuta, itsas linea hori bertan behera utziko zutela iragarri zuen P&O konpainiak urtarrilean. Apiriletik aurrera Brittany Ferries enpresa frantsesak hartuko dio lekukoa.

Portsmoutheko eta Santurtziko portua lotzen igaro dituen ia bi hamarkada hauetan, makina bat istorioren lekuko izan da itsasontzia. Virginia Ordoñez sestaoarrak bere alabarena gogoratzen du. «Unibertsitateko ikasketak bukatu zituenean, klaseko lagun batzuekin, harreman gehien zuenekin, ferryan joan-etorria egin zuen. Bidaia hartan ezagutu zuen gaur egun bere senarra dena». Santurtzitik etxera bueltan zihoan turista ingeles bat zen. «Dagoeneko bost urte igaro dira!». Horregatik aparteko estimua diote ferryari familian.

Zerbitzua bertan behera geratuko zela jakin zutenean, Ordoñezen alabak eta suhiak azken bidaia egitea erabaki zuten. «Ostiralean abiatu ziren Portsmouthetik, eta gaur [atzo] hartu dute harako ferrya». Horrela bada, haiek agurtzera joan zen portura. «Ni bai tuntuna, emozionatu egin naiz», zioen begietatik ihes egin zion malkoari aipamen eginez.

Ordoñezen alaba itzuliko da, baina Pride of Bilbao ez. Atzo Santurtitzik abiatu ziren gehienak ingelesak ziren. Eta beharginen artean ere ingelesak ziren gehienak. Euskal herritarrak eta inguruetan bizi direnak ostiralean lehorreratu ziren, eta etxean gelditu dira. Haientzat ere erruz aldatuko da eguneroko bizimodua aurrerantzean. Hiru hilabete inguru egiten zituzten lehorreratu gabe, eta gero hamabost eguneko oporraldia izaten zuten. «Etxean arrotz sentitu izan naiz askotan», dio Rakel Renteriak.

Zerbitzari lanak egin ditu azken hamar urteetan, ferryko jatetxeetako batean. «Hasieran gogorra zen. Egun osoa zorabiatuta igarotzen nuen. Gero ohitu egiten zara. Baina beti egoten da bidaia aldrebesen bat, eta orduan ere komeriak». Edonola ere, ez duela inoiz beldurrik sentitu dio. «Behin baino ez da geratu itsasontzia lehorrean, itsasoa oso gaiztotuta zegoelako».

Merkatariak eta enparauak zain

Bidaia bakoitzean mila bat lagun ekartzen ditu ferryak. Santurtzirentzat sekulako onura izan da, astean bitan bisita hori jasotzea. Asko izan dira tabakoa eta alkohola erostera etorri diren ingelesak, gurean Erresuma Batuan baino merkeago dagoelako. Eta bidenabar bestelako erosketak ere egiten zituzten. Lehorreratze bakoitzak 30.000 euroko aberastasuna uzten zuen herrian.

Ornitologo eta balea zaleek ere nabarituko dute ferryaren hutsunea. Europa osotik etortzen ziren bidaia hori egitera, kontinente zaharrean dagoen begiratokirik onena den ibilbidea egiten baitzuen. Azken bidaiak, bada, aldaketa asko eragin ditu. Apiriletik aurrera Cap Finisterre ferrya izango da Bilboko harrotasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.