Ezarian. Kasinoak

Jokatzeko prest

Euskal Herria ez da AEBetako Las Vegas, baina jokoa maite dutenek badute non aritu. Donostian, Bilbon eta Miarritzen daude kasino garrantzitsuenak.

Bilboko kasinoa duela hamasei urte zabaldu zuten, eta 180 langile ditu egun. RME.
Iruñea
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
AEBetako Las Vegas hiriaren ereduari jarraituz, jokoa jaun eta jabe den beste hiri bat eraiki nahi du Sheldon Adelson dirudunak Madrilen edo Bartzelonan. Datuak ez dira nolanahikoak: dozena inguru etxe orratz eraiki nahi ditu, horietan 12 bat hotel zabaltzeko. Horrek 36.000 logelako eskaintza ekarriko luke sei kasino handietara jokatzera joaten den jendea aterpetzeko. Kasinoetan, apusturako 1.065 mahai egonen lirateke, eta, jolaserako edo txanponak sartzeko, 18.000 makina. Asmo handi horiek errealitate bihurtuko diren ikusteke, Euskal Herrian kasinoek badute izena eta izana, batez ere, hiriburu batzuetan. Donostiak eta Miarritzek lehen kasinoa XIX. mendean izan zuten, baina Bilbon XX. mende bukaera arte ez zuten izan bat.

XIX. mendearen bigarren zatian, trenbidearen eta zenbait hiritako bainuetxeen garapenak turismoaren sorrera ekarri zuen. Horrela, hondartzak eta itsasoko urak erakarrita, Donostiak eta Miarritzek, esaterako, hainbat dirudun eta Europako errege etxetako kideak erakarri zituzten. Fortuna horien diruaren soinuari jarraituz ireki zituzten lehen kasinoak Euskal Herrian.

Lehena irekitzen Bellevue kasinoa izan zen, 1858an. Artean Napoleon III.a eta haren emazte Eugenia Montijokoa ziren Frantziako errege-erreginak, eta udak Lapurdiko hiriburuan igarotzen zituzten. Kasinoak jokoan aritzeko aukera ez eze, kontzertuak eta dantzaldiak eskaintzen zituen eta jatetxea ere bazuen. Duela hogei urte itxi egin zen. Bellevueren ondotik, eta kasik mende erdi beranduago, 1901ean, udal kasinoa sortu zen, Hondartza Handiari begira. Tirabira askoren ondoren, Bellevue kasinoko jabeak udal kasinoaren ustiapen baimena erosi zuen. Horrela, kasinoaren jokoen atala Lucien Barriere enpresaren esku dago egun. Enpresak 1992an lortu zuen ustiatzeko baimena, eta, Bilboko eta Donostiako kasinoek bezala, joko sorta zabala eskaintzen du.

Miarritzeko lehen kasinoaren itzalpean sortu zen Donostiako lehen kasinoa, Kasino Handia, 1887an, baina 1923an itxi egin zuen Primo de Rivera Espainiako diktadoreak. Urte bat lehenago ireki zen Kursaal Kasinoarekin gauza bera egin zuen. Jokoa debekatua zegoenez, 1924an itxi egin zuen. Kasinoek dirudun asko erakarri zuten Gipuzkoako hiriburura, eta aberastasuna ere bai. Kasinoko diruari esker, hainbat azpiegitura egin ahal izan ziren. Izan ere, garai hartan kasinoak ziren aisialdi eskaintza garrantzitsuena.

Kursaal kasinoa, Donostian

Kasino Handia —egun Donostiako Udalaren egoitza dena— ez zen gehiago zabaldu, eta Kursaala 1968an ireki zen berriro, egun Londres Hotela dagoen aretoetan. 1999an, Kasino Txikia zinema izandako egoitzara eraman zuten, Kale Nagusian. Azken urteetan erabat berritu dute.

Baina urteak ez dira alferrik joaten, eta Kursaal kasinoa aisialdirako beste aukera bat bilakatu da. Kasinoan laurogei lagun ari dira lanean, eta jokorako hainbat aukera eskaintzen du. Bi areto ditu: batean jokorako mahaiak daude non blackjackean, karta uzterik gabeko pokerrean eta Texas hold'em pokerrean joka daitekeen. Erruleta amerikarrak ere baditu, gutxieneko apustua euro bakarrekoa da. Bestean, berriz, txanpon makinak daude, eta zentimo bakarrarekin ere joka daiteke.

Zaldi lasterketetan apustu egiteko beste areto bat ere badute, eta egunero nazioarteko zaldi lasterketa garrantzitsuenekin bat egiten du. Horrela, nahi duenak zuzenean ikusten du lasterketa eta jokatu ere zuzenean egiten du.

Pokerra garaile

Azken urteetan pokerra da apustu gehien eragiten duena Donostiako kasinoan. Joko nagusia da. Musean bezala, taldeka bildu eta apustuak egiten dituzte, txikiak eta handiak. Apustuak bakarrik ez, txapelketak ere egiten dituzte. Bestelako jokoetan adin guztietako jendea biltzen den arren, pokerrean jokalariak 35 urtez beheitikoak dira. «Jende asko erakartzen du pokerrak, eta gazteak, batez ere», dio Odon Elorza Kursaal kasinoko marketin arduradunak. Baina pokerra zuzenean ez ezik, gero eta gehiago jokatzen da sarean ere. Hala ere, zuzenekoak oraindik arrakasta handiagoa du. «Ez da gauza bera etxean bakarrik egonda irabaztea, edo jendez inguratuta txapelketa bat irabaztea. Aurtengo etapako irabazleak 24.000 euroko saria eta txapela eraman ditu. Etxean bakarrik edo hemen ospatzea ez da gauza bera, horrek ere erakartzen du jendea».

Ezin uka egun Internetek eta teknologia berriek eragina dutela ekonomiaren edozein arlotan, eta gauza bera gertatzen ari da ere jokoan. Kasinoetako arduradunen ustetan, goi mailako eskaintza emateko eta onenen artean egoteko, berrikuntza izan behar dute helburu; eta, horregatik, teknologia berriak ere zeresana esaten ari dira jokoan. Adibidez, Donostiako Kursaalekon line kasinoa eratzeko lizentzia eskatu berri du. Espainiako Gobernuak apustuak on lineegiteko araua onartu du, etabaimenak banatuko dira apustuak legalki egin ahal izateko. «Orain arteko apustuak legez kanpokoak ziren. Gure eskaintza fisikoa sarean ere emateko eskaera egin dugu». Ekainaren 1ean jakinen dute baimenik duten ala ez.

Teknologia berriekin makinetan sari erakargarriagoak eskaintzeko aukera eman diela azpimarratu du Maria Valle Bilboko Kasino Handiko marketin arduradunak. «Mysery Jackpot saria edozein makinatan irabaz daitekeen saria da, eta 70.000 euro banatu izan ditu sari bakarrean».

Duela hamasei urte ireki zuten kasinoa, eta Albia Koliseo eraikinean dago. 180 behargin ditu, eta oso bezero ezberdinak ditu. «Jokoa aisialdirako aukera da, eta gazteak ez ezik, turista asko ere biltzen da gurera».

Euskal Herrian kasinoak hiri barnean daude, eta beste baliabide turistiko bat dira. Valleren usteari jarraituz, aisialdirako antolatzen diren beste ekintza batzuen osagarri dira Elorzarentzat. «Kasu batzuetan gure aktibitateak negozioa eragiten du beste arlo batzuetan». Iragan urtean, adibidez, nazioarteko poker txapelketa bateko etapa bat jokatu zen Kursaal kasinoan, eta hogeita bi herrialdetako 289 jokalari joan ziren Donostiara. «Hotel jakin batean 550 logela beteta egon ziren. Aurten ere eginen da uztailean, eta hotel berak 450 logela hartuak ditu, eta hori guztia poker txapelketa baten inguruan oinarritzen da».

Araudi berria

EAEko kasinoen araudia onartu zuen joan den martxoan Eusko Jaurlaritzak. Sektoreak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan duen lehen araudia da, orain arte Espainiakoaren arabera lan egiten baitzuen. Arau berriak administrazioaren kontrola hobetzeaz gain, kasino erabiltzaileen segurtasuna indartzen du. Orain arte, kasinoen sektoreak ez zeukan berezko araudirik Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.

Araudi berriak kasinoen ezaugarri guztiak arautzen ditu: jokalarien eskubideak, betebeharrak eta mugak, adingabekoen eta ludopatiaren gaixotasuna duten pertsonen babesa, kasinoen kopuruen antolaketa, baimendutako jokoak eta baimenen irizpidea. Bereziki aipatzekoa da jokalarien eskubideen babesa eta arduratsu jokatzea gomendatzen duen atala. Orain arteko araudietan ez zen horrelakorik aipatzen, eta kasinoek arduratsu jokatzeko gomendioak eta informazioa eman beharko dute ezinbestean aurrerantzean.

Donostiako zein Bilboko kasinoetako marketin arduradunak pozik daude arau berriarekin. Edalontzia erdi beteta begiratu behar dela dio Odon Elorzak. Urteak berritu gabe daramaten arauak eguneratzea beti ona da. «Jokoen katalogoa berritu egiten du arau berriak, eta hori ona da. Bestalde, urteak generamatzan, zazpi zehazki, erantzukizunez jokatzeko jakinarazpenak egiteko, eta aurrerantzean bide hori ere sustatuko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.