Jolastoki erraldoi baten itxura hartuko du Gasteizek ekainaren 27tik uztailaren 1era arte. Jolasen jaialdia antolatu dute egun horietan hirian. Aurtengo jaialdia berezia izango da, Europako hiriburu berdearen izendapenarekin bat egingo baitu. Hori dela eta, ingurumena izango du ardatz, eta horrekin lotura duten balio berdeak bultzatuko dituzte tailerren, ikuskizunen eta jolasen bidez. Ekintza batzuk bereziki haurrentzat izango diren arren, beste zenbaitetan familia osoak izango du parte hartzeko aukera. Belaunaldien arteko harremana bultzatuko dute era horretan.
Jolasen jaialdia hiriaren erakusleiho nagusi bat da, Encina Serrano Gasteizko Kultura eta Festen antolakuntzako zinegotziaren arabera. «Jaialdi honen bidez ingurumen sentsibilizazioan erreferentzia bihurtuko da Gasteiz», azaldu du aurkezpenean. Haren ustetan, 2012. urtea erronka handia da Gasteizentzat, eta hiriaren eta hiritarren irudi on bat saltzeko aukera ematen du kanpora begira.
Urteroko ohiturari jarraituz, Gasteizko hainbat lekutan sakabanatuta egongo da jaialdia. Andra Maria Zuriaren plazan, Florida parkean, Eskualde plazan, Juan Ayala kalean, Katedralaren plazan eta Pradoko parkean. Lehen aldiz antolatuko dituztePradoko parkean jarduerak. Jolastoki erraldoi baten itxura hartuko dute toki horiek, edonoren eskura eta doan 3.200 jostailu jarriko baitituzte kalean. Toki bakoitzean, hainbat ezaugarritako jolasetan parte hartzeko aukera izango da familia giroan. Green jokoak izeneko gunean, adibidez, Gasteizko garapen iraunkorraren inguruko politikak ulertu eta ikasiko dituzte haurrek. Jinkana baten bidez, mugikortasuna landuko dute; ura eta hondakinen berri izango dute, antzararen mahai jokoarekin, eta bioaniztasuna, osasuna eta elikaduraren inguruan hausnartuko dute.
Ingurumena da aurtengo ardatza, baina jaialdietako jolasetan gai gehiago jorratuko dituzte. Pertsonen integrazioan jarriko dute arreta. Errespetua, elkartasuna, berdintasuna, tolerantzia, eta aniztasuna zer diren barneratuko dute han bildutakoek. Adin guztietako jendeak izango du parte hartzeko aukera, eta jostailu ugari egongo dira. Balio horiekin lan egiten duten bost elkartek —egun bakoitzean batek— haurrekin ekintzak egingo dituzte, gainera.
Artea eta kulturarekin lotutako gunea ere egongo da. Pertsona bakoitzak barruan daraman artista kanpora ateratzeko musika, pintura edota eskultura landuko dituzte han bildutakoek. Irudimena sustatzeko hainbat tailer egin dituzte horretarako.
Hondakinak gutxiagotzeko helburuarekin, materialen berrerabilpenarekin lotutako jarduerak ere egingo dira. Eta osasuna zaindu eta ongi pasatzeko, kirola egin ahal izango da, estrategia eta zehaztasuna lantzeko hainbat jardueren bidez.
Gasteizko ezaugarri nagusietako bat dira hiria zeharkatzen duten bidegorriak. Laua izateak bizikletan ibiltzeko toki aproposa bihurtzen du. Florida parkean bizikletaren erabilera arduratsua bultzatzeko gunea jarriko dute, Arrasto Berdea izenekoa. Uraneurrian kontsumitu behar delaikasteko Antzararen joko bitxi bat ere antolatuko dute bertan.
Horrez gain, tranbiaren erabilera, gazteentzako zerbitzuak eta hirigintzako hainbat alor ezagutzeko parada egongo da.
Bost egunetan antolatu dute jaialdia; ekainaren 27tik uztailaren 1 arte, asteazkenetik igandera bitartean. Ekainaren 27 eta 28an 17:00etatik 21:00etara egingo dituzte jolasak. Ekainaren 29an eta 30ean, goiz eta arratsaldez gozatu ahal izango da. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Eta azken egunean, goizez bakarrik izango da, ordutegi berean.
Ludotekak kalera
Aurten 17. aldia izango du jolasen jaialdiak. Askotan ezkutuan geratzen ziren ludotekek egiten zuten lana zabaltzeko asmoz jaio zen. Ludotekak kalera atera eta plazak eta parkeak jolaserako bilgune bilakatzea zen asmoa, eta, bide batez, belaunaldien arteko harremana sustatzea. Hasierako helburu hori betetzeko antolatzen dute geroztik urtero jaialdia.
Jolasa, ikasteko baliabide gisa
Ingurumenaren aldeko balioak zabalduko dituzte aurten Gasteizen egingo den jolasen jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu