«Komunikazio eta prentsa kabineteak dira gaur egun kazetari berrientzat lana sortzeko aukera duten bakarrak». Josep Lluis Mico irakasle kataluniarrak egindako ikerketa baten ondorioetako bat da hori. Hogei elkarrizketa inguru egin ditu Ramon Llull unibertsitateko irakasleak komunikazio taldeetako zuzendariekin, sindikatuetako ordezkariekin, kazetari elkargoekin eta erakunde arautzaileekin. Eta beste ondorioetako bat da kazetari gazteei oinarrizko kultura jakintza sendo bat falta zaiela. Ikerketako ondorio guztiak Bilbon azaldu zituen atzo Micok, EHUk antolatutako Nazioarteko III. Ziberkazetaritza Kongresuan.
«Prentsa kabineteek badute lanpostuak sortzeko ahalmena; Internetek, sare sozialek, telefoniak eta LTDak pentsatzen zen baino askoz kazetari gutxiagori ematen diete lana», dio Micok. «Internet oraindik promesa bat balitz bezala ikusten da, baina ez negozio errentagarri bat izateko errealitate gisa».
Kazetari polibalentearen figurak etorkizuna ziurtatua du, ikerketaren arabera. «Figura horren aldekoak eta kontrakoak daude. Baina iraun egingo du, enpresari dirua aurrezteko aukera ematen diolako». Gainera, polibalentzia bateragarria izan daiteke espezializazioarekin.
Ikerketan parte hartu duten elkarrizketatuek faltan ematen dituzte lizentziadun berrien bokazioa eta profesioarekiko konpromisoa. Halaber, kazetaritza fakultateetan eskolak ematen dituzten irakasle askok ez dute esperientziarik sektorean, eta errealitatetik urruntzen den kazetaritzaren ideia ematen diete ikasleei. «Ezagutza eguneratua eskatuko luketen zenbait gai kazetaritzan inoiz aritu ez diren irakasleek ematen dituzte».
Ikerketan parte hartu dutenek uste dute kazetaritzak dimentsio «humanista eta intelektuala» berreskuratu beharko lukeela, «kazetari berriek ahalmena eskasa baitute modu kritikoan pentsatzeko». Teknologia berrietan eta hizkuntzetan, berriz, gero eta jarriagoak daude kazetari gazteak.
Komunikazio enpresetako zuzendariek nahiago dituzte esperientzia duten kazetariak, eta, horregatik, askotan bekadun izandakoengana jotzen dute.
Krisialdi ekonomikoak sektorearen krisia areagotu du. Kazetaritzan lizentzia lortu berriek aukera gutxiago dute lana aurkitzekoduela urte batzuk baino. «Espainiako Estatuko 33 kazetaritza fakultateetatik 3.000 lizentziadun ateratzen dira kurtso bakoitzean. 2010. urtean, ordea, sektorean 3.000 lanpostu suntsitu zituzten enpresek».
Etorkizunean kazetaritzan arituko diren gazteek, halaber, prekarietateari egin beharko diote aurre. «Ogibide honetako gaitz endemikoa da», dio Micok.
Komunikazioa
Josep Lluis Mico: «Kazetari polibalenteak aurrera egingo du»
Ramon Llull Unibertsitateko irakaslea Bilbon izan da, III. Ziberkazetaritza Kongresuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu