Jostailuak erosteko aholkuak

2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Zein da opariak erosteko orduan kontuan izan behar ditudan irizpideak?», «Zein jostailu da egokia, eta zein ez?», «Zenbat jostailu erosi beharko nituzke?». Halako zalantzek guraso eta senide askoren kezka eragiten dute egunotan, eta jostailu dendetara mila galdera ikurren artean galdurik sartzen dira. Laguntza gida moduan, hurrengo aholkuak proposatzen ditu Maite Garaigordobil EHUko Psikologia irakasleak.

Haurraren adina eta jostailu motak kontuan izan. Nahitaezkoa da haurraren adinerako egokiak diren jostailuak hautatzea. «Ekintza eta imajinazioa uztartzen dituzten jostailuak aukeratu beharko lirateke». Garaigordobilen ustez, norberaren adinean eragin positibo handiena izan dezaketenak. Era berean, jostailu mota ezberdinak tartekatzea aholkatu du: taldean jolastekoak eta bakarrik jolastekoak, jolas hezigarriak—xakea, kasu—, jostailu teknologikoak —bideo jokoak, adibidez—, eta jostailu sinbolikoak—hegazkinak, panpinak…—. Baina hau ere gogorarazi nahi izan du: «Jostailu mota asko oparitzeak ez du esan nahi jostailu asko oparitzea».

Balio baikorrak sustatzen dituzten jostailuak aukeratu. «Jostailu asko lehia hutsean oinarritzen dira, eta helburu bakarra aurkakoak jokotik kanpo uztea da», dio Garaigordobilek. Beste batzuek, ordea, talde lana, elkarrizketa, tolerantzia, elkartasuna, berdintasuna eta bakea bultzatzen dute. Argi eta gabi, azken horien alde egin du adituak, eta gurasoek joko eta jostailuek haurrei transmititzen dizkieten balioen inguruan hausnartu dezatela eskatu du. «Xedea etsaiak hiltzea den bideo jokoek indarkeriazko jarrerak pizten dituzte haurrengan, eta eragin negatiboa izan dezake haien garapenean», ziurtatu du.

Seme-alabekin jolastu. «Ez da nahikoa opariak egitea, haiekin jolastu egin behar da», dio Garaigordobilek. Jostailuak haurraren garapenerako tresnak izateaz gain, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak estutzeko tresnak dira, psikologoaren aburuz. Ikasteko aukera paregabea izateaz gain, familia jokoak senideak elkarren artean gehiago ezagutzeko, maitatzeko eta laguntzeko tresna aproposa direla azaldu du. «Oparitu seme-alabei ordu erdiko jolasaldia egunero», dio, «haien garapena suspertuko duzu, bion arteko lotura estutuko duzu, eta hobeto ezagutuko duzue elkar».

Ez erosi jarrera sexistak eta indarkeriazkoak sustatzen dituzten jostailuak. Dendetan topa daitezkeen jostailu batzuek indarkeriazko jarrerak sustatzen dituzte, hala nola armak eta bideo joko askok. Beste batzuek, berriz, kultura, arraza, eta sexuaren aurkako diskriminazio garbia egiten dute, balio sexista, xenofobo eta arrazistak indartuz. Halako jostailuak saihesteko eskatu du EHUko irakasleak, baina, era berean, esan du jarrerak izan ohi direla sexistak, jostailuak baino gehiago. Panpinak edo eraikuntza jostailuak generoarekin guk geuk lotu ditugu, eta batak edo besteak balio ezberdinak pizten ditu haurrarengan: panpinek, amatasun rola, eta eraikuntzak, bizkortasuna. Garaigordobilen ustez, horrek ez du zergatik sexuari lotuta egon, «balio eta gaitasun biak garrantzitsuak direlako bi sexuentzat».

CEE zigilua duten jostailuak oparitu bakarrik. Jostailuak erosteko garaian, objektuaren ezaugarri fisiko eta psikosozialak kontuan izan behar direla dio Garaigordobilek. Jostailu bat erosi aurretik, materialaren kalitateari begiratu behar zaio, jostailu askok pieza txikiak, punta zorrotzak edo substantzia toxikoak dituztelako. Hala, adituak esan du gomendagarria dela jostailuak CEE segurtasun eta kalitate zigilua duen begiratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.