Komunikazioa

Joxe Mari Iriondoren ibilaldi profesionala saritu du Euskal Kazetarien Elkarteak

Euskal Kazetaritza Sarien aurtengo irabazleak zein diren jakinarazi du elkarteak. Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza saritu dituzte euskararen alde egindako lanarengatik. Cesar Coca kazetaria izan da sariduna Euskal Kazetariak atalean, Doce Miradas blogak jaso du Kazetaritza Digitala arlokoa eta Carmen Sarmientok Adierazpen Askatasuna atalekoa.

Joxe Mari Iriondo kazetaria. JON URBE, FOKU
2018ko urriaren 18a
13:35
Entzun

Euskal Kazetarien Elkarteak jakitera eman du aurtengo Euskal Kazetaritza Sarien irabazleen zerrenda. Aurten, Joxe Mari Iriondo kazetariaren ibilbide profesionala saritu dute.

Iriondok Loiolako Herri Irratian, TVEn eta EITBn egin zuen lan. ETBko zuzendari izendatu zuten 1985ean, eta, 1989tik 1998ra bitartean, EITBko irratietako zuzendari izan zen. Bere ibilbidearen zatirik handiena, baina, Herri Irratian egin zuen. 22 urtez jardun zen bertan. Denbora horretan, artxibo oparoa osatu zuen zuzeneko bertso saio, erromeria eta kantaldiren grabazioekin, eta bultzada eman zion euskal kantagintza berriari. 2003an erretiratu zen eta 2010ean ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

Iaz, Mariano Ferrer eta Iñaki Iriarteren ibilbideak saritu zituen Euskal Kazetarien Elkarteak.

Iriondoz gain, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza ere saritu ditu elkarteak. "Euskararen kontserbazio eta defentsaren alde egindako aparteko lanagatik eta beren 100. urteurrenagatik" egin diete aitortza.

Cesar Coca El Correo egunkariko zuzendariaren albokoak jaso du Euskal Kazetariak saria, "Euskal Herrian kalitatezko kazetaritzaren erreferente izateagatik". Iaz, Ane Irazabalek jaso zuen sari hori; 2016an, Jos Sistiagari eman zioten eta Mikel Aiestarani 2015ean.

Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria, berriz, nazioarteko eta gizarte gaietan aditu Carmen Sarmiento kazetariarentzako izango da.

Doce Miradas bloga da sarituetako beste bat. Kazetaritza Digitalaren arloko saria jasoko du.

Sariak azaroaren 7an banatuko dituzte, Bilboko BBK aretoan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.